"La vida padre" filma irailaren 8an estreinatuko dute Bilbon
Bilbon filmatu eta gero, Bizkaiko hiriburuan bertan, Guggenheim museoan, estreinatuko dute irailaren 8an "La vida padre", EITBren parte-hartzea duen filma. Joaquin Mazon zinemagileak zuzendu du pelikula, eta Karra Elejalde gasteiztarra eta Enric Auquer ditu protagonista.
Sukaldaritza giroan kokatuta dago filma: Mikel anbizio handiko sukaldari gaztearen aita ezustean agertu da, hogeita hamar urtez desagertuta egon eta gero. Hala, Mikelek aita xelebreaz arduratu beharko du, eta goitik behera etorriko zaizkio sukaldaritzari buruz eta bizitzari buruz zituen ideia guztiak.
Aktore taldean, protagonista ez ezik, Megan Montaner, Lander Otaola, Maribel Salas, Gorka Aguinagalde eta Manuel Burque ere badaude.
Irailaren 16an iritsiko da filma zinema aretoetara.