Zinemirak 19 euskal ekoizpen eskainiko ditu Donostiako 71. Zinemaldian
Guztira 19 lanez –15 film luzez, film ertain batez, film labur batez eta bi telesailez– osatuta egongo da Donostia Zinemaldiaren 71. edizio honetako euskal parte-hartzea, sail hauetan banatua: Sail Ofiziala, Donostia Sariaren Emanaldi Bereziak, Zabaltegi-Tabakalera, Made in Spain, Zinemira, Belodromoa eta Euskal Zinemaren, EiTB eta RTVE galak.
Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eman du ezagutzera ostiral honetan euskal parte-hartzea osatuko duten lanen zerrenda. Gainera, Rebordinosek iragarri du Paco Sagarzazuk jasoko duela aurtengo Zinemira Saria.
Edizio honetan, Zinemirak fikziozko eta ez-fikziozko bederatzi film ditu. Horietatik hiru, kontuan izanik Zinemaldian izango dutela mundu-estreinaldia, Euskal Zinemaren Irizar Saria irabazteko hautagai izango dira, Zinemaldiko beste sail batzuetako beste bi lanekin batera. Horrela, guztira bost ekoizpen lehiatuko dira 20.000 euroko saria eskuratzeko filmaren ekoiztetxeentzat.
Migratzaileek Europara iristeko egindako bidaia dramatikoa da Fermin Muguruzaren (Irun, 1963) Bidasoa 2018-2023 dokumental berriaren ardatza. Errealizadore eta musikari gipuzkoarrak Zinemaldiko hainbat sailetan erakutsi izan ditu bere lanak, hala nola Zabaltegin (Zuloak, 2012), Zinemiran (Black is beltza, 2018) eta Belodromoan (Black is beltza II: Ainhoa, 2022).
Zinemiran ohikoa da, halaber, Josu Martinez (Bilbao, 1986), beste edizio batzuetan Sagarren denbora. 25 urte deserritik itzultzen (2010) eta Paperezko hegoak (Alas de papel, 2021) filmak aurkeztu ondoren bi filmekin izango baitugu berriz sailean: batetik, Bizkarsoro alegiazko herri batean kokaturiko bost istorio errealez osatuta dago; bestetik, Mirande, film baterako zirriborroa –Zinemira sailari amaiera emango dion lana– Jon Mirande idazlearen bizitza eta lanerako hurbilketa bat da.
Arestian aipaturiko hiru filmez aparte, Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehian ariko dira beste sail batzuetan bildutako beste bi film. Lehenik eta behin, Isabel Hergueraren (Donostia, 1961) El sueño de la sultana animazio-filma izango dugu Sail Ofizialean; eta bestetik, Bertha Gaztelumendi (Irun, 1962) eta Rosa Zufía (Tutera, 1958) zuzendarien Arnasa betean, emakume zinegileak / A Deep Breath, Women Filmmakers (A pulmón, mujeres cineastas), irailaren 26rako programatua, Victoria Eugenia Antzokian emango da Euskal Zinemaren Galaren barnean (euskal emakumeek sortutako zineman murgilaraziko gaituzte bi zinemagileek film horretan).
Beste sei filmek osatuko dute Zinemira saileko programazioa, nahiz eta lehiaketaz kanpo izan Donostian eman aurretik estreinatu direlako. Estibaliz Urresolaren (Laudio, 1984) 20.000 especies de abejas / 20,000 Species of Bees (20.000 erle espezie) filmak emango dio hasiera sailari; egilearen lehen film luzea Berlinalean estreinatu zen eta Sofía Oterok antzezle protagonista onenaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen. Geroago, film onenaren Urrezko Biznaga eraman zuen Málagan, baita antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren golardoa ere Patricia López Arnaizentzat.
Halaber, lehiaketaz kanpo emango dira hauek: Irati, Paul Urkijo Alijoren (Vitoria, 1984) bigarren film luzea, Publikoaren Saria eraman zuena nola Sitgesen hala Donostiako Beldurrezko Zinemaren Astean; Las buenas compañías / In the Company of Women, Sílvia Munt aktoreak (Bartzelona, 1957) zuzendutako bigarren film luzea, Málagako zinema-jaialdian lehiatu zena; Elías Querejeta Zine Eskolako alumni ohia den Amat Vallmajor del Pozoren (Girona, 1996) Misión a Marte / Mission to Mars (egileak WIP Europan parte hartu zuen film honen proiektuarekin), Gijóngo zinema-jaialdian aipamena lortu zuena, Berlingo Woche der Kritik atalean erakutsi ondoren; Tetuán, Iratxe Fresnedaren (Bilbao, 1974) lan berria, hainbat jaialditan emana, hala nola Gijónen, Zinebin eta Nantesen; eta Félix Viscarreten (Iruñea, 1975) Una vida no tan simple / Not Such an Easy Life, Málagan emana.
Sail Ofizialean, Urrezko Maskorra lortzeko ariko da lehian Jaione Cambordaren (Donostia, 1984) O corno / The Rye Horn; filmak Ikusmira Berriak programan hartu zuen parte proiektu-fasean zegoela, eta Donostian eman aurretik Toronton erakutsiko da.
Víctor Ericek (Karrantza, 1940) aurtengo edizioko Donostia Sarietako bat eramango du (sari hori beretuko duen lehen euskal zinemagilea izango du), eta Cerrar los ojos / Close Your Eyes aurkeztuko digu, bakarka zuzendutako lehen filmarekin (El espíritu de la colmena) Urrezko Maskorra eraman eta 50 urte geroago.
Zabaltegi-Tabakalera sailean, bestalde, bi euskal ekoizpen emango dira: batetik, Ion de Sosaren (Urnieta, 1981) Mamántula film ertainak mundu-estreinaldia izango du; bestetik, Irati Gorostidiren (Egesibar, 1988) Contadores film laburra emango da, Cannesko Semaine de la critique atalean parte hartu eta iazko Kimuak katalogoan bildu ondoren. Gaur egun, Gorostidi bere lehen film luzea ari da garatzen, Anekumen, 2022ko Ikusmira Berriak programan eta beste mentoretza- eta merkatu-programa batzuetan hautatua.
Made in Spain sailean bildua, Upon Entry / La llegada, euskal ekoizpena duena, Alejandro Rojasek (Caracas, Venezuela. 1976) eta Juan Sebastián Vásquezek (Caracas, Venezuela. 1981) zuzendutako lehen film luzea da eta Alberto Ammann du protagonista; izan ere, gizonezko antzezle onenaren Zilarrezko Biznaga lortu zuen Ammannek Málagako zinema-jaialdian.
Gainera, Belodromoan Go!azen emango da, EiTBren gazte-telesail musikalaren hamargarren denboraldia, udazkenean estreinatu ondoren ehun kapitulura iritsiko dena.
Chinas, Arantxa Echevarríak (Bilbo, 1968) zuzendutako film berria, RTVE Galen parte izango da.
Irailaren 27an (asteazkena), Victoria Eugenia Antzokian programatutako EiTB Galan, Itxasoren estreinaldia izango da; EiTBren euskarazko fikziozko telesail berriaren protagonistak Jon Plazaola, Nerea Mazo, Itziar Atienza, Jon Mendia eta Nerea Garmendia izango dira.
Zure interesekoa izan daiteke
Werner Herzog, Donostia saria
Zuzendari, gidoilari, ekoizle eta aktore alemaniarrari Zinemaldiko ohorezko sari ospetsuenetako bat emango diote. Herzogek inaugurazio-ekitaldian jasoko du saria, eta bere azken filma aurkeztuko du: Bucking Fastard.
Manolo Solo espainiar aktorea hil da
Andaluziar aktoreak, "Cerrar los ojos" eta "Una quinta portuguesa" flimen protagonistak, 62 urte zituen.
Hamalau zinemagilek beren lehen edo bigarren filmak aurkeztuko dituzte New Directorsen
Javier Giner barakaldar zuzendariak “Esta soledad” bere estreinako pelikula aurkeztuko du Zinemaldiaren atal honetan.
Eta sirenek kantu ez bazuten egin?!
Sirenen isiltasunaren kontra (edo alde) egin behar izan zuten borroka The Odissey filmaren musikaz arduratu zirenek, Suedian jaiotako Ludwig Göransson musikari hiru Oscar sariduna buru zela. Erabaki sendoak, ezin utzizkoak hartu zituzten. Lehengo eta kasik garrantzi handienetakoa: orkestrarik ez zen izango.
Urriaren 9an iritsiko da zinemetara “Inurri itsuak” Igor Legarretaren filma
Euskarazko pelikulak Ramiro Pinillaren eleberri bat du oinarri, eta antzeztaldea Urko Olazabal, Itziar Ituño, Josean Bengoetxea, Miren Gaztañaga eta Carlos Santosek osatzen dute.
Pablo Larrain, Mike Leigh eta Yesim Ustaoglu lehiatuko dira Donostiako Urrezko Maskorra lortzeko
Zinemagile horien film luze berriak Donostia Zinemaldiko Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko dira, Nicole Garcia, Maha Harada, Hans Petter Moland eta Benjamín Naishtaten azken lanekin batera.
Ione Hernandezen "Hermanas" filma Torontoko zinema jaialdian estreinatuko da
Pelikulak EITBren babesa du, eta Bizkaiko eta Madrilgo hainbat tokitan filmatu dute. Elena Anaya eta Emma Suarez aktoreak dira protagonistak.
Mikel Gurrea, Koldo Almandoz eta David Perez Sañudoren film berrienak Zinemaldiko Sail Ofizialean izango dira
“Sants” Mikel Gurrearen filma Urrezko Maskorrerako lehian arituko da Donostiako zinema jaialdian, eta “Azken agurra” Almandozena eta “Sacamantecas” Perez Sañudorena, biak ere euskarakoak, lehiatik kanpo ikusiko dira. Zinemaldiak 74. edizioan pantailaratuko dituen hainbat euskal film aurkeztu ditu, Madrilen.
Oliver Laxe, Tabakaleran, "HU, egin dantza inor begira ez balego bezala" proposamenarekin
Sirāt eta O que arde filmen zuzendariak aurkeztu du, Donostiako zentroan, urriaren 12ra arte ikusgai egongo den erakusketa. Jatorriz Reina Sofía Museorako sortua, instalazioak artistaren azken hamar urteetako filmazioak ditu abiapuntu, Sirāt film sarituaren unibertso bisualarekin lotura dutenak.
Ontziratu al ziren Fuchs anaiak "Winnipeg" barkuan?
Jakina fuchstarrak ez zirela itsasontziratu 2.500 iheslari Espainiako Gerraren osteko krudelkeriatik urrundu zituen Winnipeg barkuan.