2025ak, hitzorduak luze
Kulturak, beti bezala, eskaintza zabala jarriko du herritarren eskura, mundu zuri-beltza grisez marrazteko eta urratsak egitera bultzatuko gaituzten galderak egiten laguntzeko. Mundua aberastuko duten kantu, liburu, pelikula, bertso, antzezlan eta arte erakusketak argituko dira 2025ean.
Urtea hasteko, Altzai-Lakarriko gazteek urtarrilaren 12an emango dute maskarada lehenengoz, Lakarrin, eta martxoaren 30era arte antzeztuko dute gero. (H)ilbeltza Euskal Nobela Beltzaren Asteak ere jarriko du urteko lehen zitetako bat, Baztanen, urtarrilaren 20tik 26ra, eta urteko lehen hilean Bertso Eguna ere egingo dute, urtarrilaren 25ean, Lesakan.
Musikan, Fermin Muguruzak joan den urte hondarrean abiatutako nazioarteko bira Donostiara (ekainak 14) eta Iruñera (urriak 14) iritsiko da 2025ean, besteak beste. Esne Beltzak azken kontzertua emango du Bilbon, otsailaren 1ean, baita Chill Mafiak, martxoaren 28an, eta Gatibuk ere, abenduan, BECen, zita hirukoitzean.
Publikoarekiko zita hirukoitza dute jarrita BECen ETSkoek ere, martxoan, Izarok maiatzaren 31n toki berean, eta Bulego taldeak azaroaren 8an emango du birako azken kontzertua, Bilbon, 2026a agertokietatik kanpo eman aurretik.
Kanpoko talde eta musikariek ere igarri dituzte kontzertuak Euskal Herrian, 2025erako: Bryan Adams, Bruce Springsteen, Lenny Kravitz, Judas Priest, Joaquín Sabina, Bad Religion, Marc Anthony…
Gainera, udaberritik aurrera, jaialdien segida izango da: Zeid Gaztea, Iruña Rock, EHZ (Arberatze-Zilhekoa, ekainak 27-29), Hatortxu Rocken azken edizioa (Lakuntza, uztailak 24-27), Bilbao BBK Live, Azkena Rock Festival, Getxoko, Donostiako eta Gasteizko jazz jaialdiak…
Azkenik, Atabalek, Bilboko Kafe Antzokiak, Dabadabak, Totemek, Jimmy Jazzek eta Euskal Herriko areto, antzoki eta gaztetxeek abegi ona egiten jarraituko diete, urte osoan, talde apalagoei. Azkenaldian Euskal Herrian argitaratutako disko interesgarrienak zuzenean entzun ahalko dira areto horietan: Janus Lester, Bloñ, Delirium Tremens, La Furia, PiLT, Tatxers, TOC, Bengo, Verde Prato, Merina Gris, Marte Lasarte, Izaki Gardenak, Bizardunak, Kaskezur…
Zinema munduaren lehen hitzordua otsailaren 8an iritsiko da. Euskal film eta profesionalek 32 izendapen bildu dituzte egun horretan banatuko diren Goya sarietarako. Hilabete geroago, martxoaren 3ko goizaldean, Oscarrak iritsiko dira.
Ohi bezala, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Donostiako Asteak, Giza Eskubideen Zinemaldiak, Zinegoakek, Zinebik, Fipadocek eta Donostiako Zinemaldiak zinemazaleen arreta erakarriko dute, eta jaialdi horietan ikusgai egongo dira akaso estreinatzear dauden euskal ekoizpenak: "Nosotros" (Helena Taberna), "Ombuaren itzala" (Patxi Bisquert), "8" (Julio Medem), "Faisanen irla" (Asier Urbieta), "Los aitas" (Borja Cobeaga), "Karmele" (Asier Altuna), "Singular" (Alberto Gastesi), "El mal" (Juanma Bajo Ulloa), "Anekumen" (Irati Gorostidi), "Sacamantecas" (David Perez Sañudo), "Maspalomas" (Moriarti)…
Museoei dagokienez, Miren Arzalluzek Bilboko Guggenheimen zuzendaritza hartuko du, eta Tarsila do Amaral (Brasil) eta Helen Frankenthaler (AEB) artisten lanak egongo dira ikusgai, besteak beste.
Artiumek, bestalde, hogeita hamar urte beteko ditu aurten, eta Ines Medina artistarena izango da urte berezi horretan ikusgai jarriko duen erakusketetako bat. Tabakalerak, hamargarren urteurrenean, Maider Lopezen, Joan Fontcubertaren, Tina Barneyren eta Anna Irina Rusellen lanak erakutsiko ditu.
Durangoko Azoka abenduaren 5etik 8ra ospatuko da aurten.
Hori guztia eta askoz gehiago ekarriko du 2025ak gure hiri eta herrietako agertoki, pantaila, areto eta orrialdeetara. On egin!
Zure interesekoa izan daiteke
Albiste izango dira: Oscar sariak, EAEko aireportuen kudeaketari buruzko bilera Madrilen eta udal hauteskundeak Ipar Euskal Herrian
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Aldarrikapen politikoek ez dute Oscarren bataila irabazi
Munduko egoera geopolitiko eta humano aldrebesak ez du Conan O’Brienek aurkeztu duen galako erdigunea hartu, Javier Bardem espainiar aktoreak gerraren kontra eta Palestinaren askatasunaren alde eginiko aldarri argiaz haratago.
Oscar sarien 98. edizioko palmaresa
One Battle After Another filmak sei Oscar lortu ditu, gaueko sari nagusia barne, film onenarena; Sinnersek, 16 ataletan izendatuta egonik, lau estatuatxo erdietsi ditu.
Oscar sarietako unerik onenak
Oscar sariek une gogoangarriak eta look apurtzaileak utzi dituzte. Hemen adibide batzuk.
“One Battle After Another” Paul Thomas Andersonen filma nagusi, Oscar sarietan
Estatubatuar zuzendariaren filma izan da Hollywoodeko sarien 98. edizioaren gaueko izarra, sei sari bereganatuta; besteak beste, film, zuzendari eta gidoi egokitu onenen ataletan irabazi du.
Gemma Cuervo aktorea hil da, 91 urte zituela
Antzokietako oholtza gainean egindako lanagatik eta telebistako programa zein telesailetan agertzeagatik oso ezaguna zen Bartzelonan jaio eta Madrilen hil den aktorea.
Hollywood, Oscar sarien 98. ekitaldirako prest
"Sinners" filmak markak hautsi ditu 16 izendapen jasota, eta "Sirat" Nazioarteko Film Onenaren saria jasotzeko izendatu dute. Emma Stone, Jessie Buckley, Rose Byrne, Timothee Chalamet, Leonardo DiCaprio eta Benicio del Toro izango dira galan protagonista nagusiak.
“Argi gorriak” seriea martxoaren 20an estreinatuko da Primeran plataforman
Itziar Ituño protagonista duen komedia garratza ordu erdiko zortzi atalez osatuta dago. Martxoaren 18an hiru atal estreinatuko dituzte, Kursaalen. Alex Merino, Alejandra Arróspide eta Alberto Gastesi dira seriearen sortzaileak, eta Gastesik berak zuzendu du. Antzeztaldea Iñigo Gastesi, Yangxi Chen, Iñigo Rodríguez, Klara Badiola, Miren Gaztañaga, Sara Cozar, Ziyi Yang, Guiomar Puerta, Aitor Beltran eta Jon Lukas Puertas aktoreek osatzen dute. Elena Mugika izeneko bikoizketako aktorearen rola betetzen du Itziar Ituñok. Bere urterik sutsuenak atzean utzita, errutinan murgilduta bizi da. Baina iktusa izan duen eta heriotza-mehatxu arriskutsu batean nahastuta dagoen senar ohiaren itzulerak dena aldatuko du.
Aranzazu Calleja musikagileak FANT zinema jaialdiaren ohorezko saria jasoko du
Fantasiazko zinemaren Bilboko jaialdia La casa en el árbol Luis Calderonen filmak irekiko du.
Beren senetik irten diren pelikulen alde, topa
Adibiderik nahi, behar? Hona hemen txundigarri oso diren pare bat: Maggie Gyllenhaalen The Bride! eta Anders Thomas Jensenen The Last Viking.