Iritsi da "NAZA"-ren eguna Zinemaldian
Zuzendariak Victoria Eugenian izatea aurreikusita zegoen, baina, azkenean, ez dira Donostiara etorriko. Yuval Abrahamen eta Rachel Szoren dokumentala atzo proiektatu zen lehen aldiz. Israelgo Gobernua urduritu duen filmak Veneziako Mostrako ikus-entzuleen txaloak jaso zituen.
NAZA dokumentalak polemika handia sortu du Israelen, Venezian estreinatu ondoren, eta Perlak sailaren barruan iritsiko da Zinemaldira. Lehen emanaldia asteazkenean izan zen, Antzoki Zaharrean. Gaur, 23:00etan, zuzendariak Victoria Eugenian egotea aurreikusita zegoen, biana azkenean ez da horrela izango.
Gainera, beste bi saio izango dira ostiralean, hilak 25, eta larunbatean, hilak 26, biak 12:00etan, Principe zinemetan.
Filmak 80 minutu irauten du, eta Tel Aviveko teilatuetan grabatu dute. Yuval Abraham eta Rachel Szor zinemagile israeldarrek zuzendu dute, No Other Land filmaren egileek, hain zuzen ere. Filmak 24 soldaduren eta inteligentziako ofizialen testigantzak jasotzen ditu, eta Israelgo operazio militarretan inteligentzia eta zaintza-sistemen erabilera aztertzen du.
Veneziako saria eta txalo zaparrada luzea
NAZA Veneziako Mostran Epaimahaiaren Sari Berezia jaso ondoren iritsi da Donostiara, irailaren 10ean lehiaketa ofizialaren barruan estreinatu ostean.
Proiekzioarekin batera, 20 minututik gorako txalo zaparrada jaso zuen, Mostrako unerik nabarmenetako batean. Estreinaldiaren ondoren, filma eta zuzendariak kritika eta mehatxuen erdian jarri zituzten Israelen.
Israelgo kanpainaurrearen erdian
Urriaren 27ko Israelgo Parlamenturako hauteskundeetarako aste gutxi falta direnean, pelikulari buruzko eztabaida politikara ere iritsi da. Benjamin Netanyahu lehen ministroak dokumentalaren aurka egin du, eta soldadu israeldarrak iraintzen dituztenak zigortzeko neurriak bultzatuko dituela iragarri du.
Gadi Eisenkot Estatu Nagusiko buruzagi ohi eta Yashar! alderdiaren liderrak Israelgo Defentsa Indarren irudi desitxuratua eskaintzea leporatu die zuzendariei, eta oposizioko beste buruzagi batzuek filma kritikatu dute.
Abrahamen eta Szoren aurkako mehatxuak ere eragin ditu eztabaidak. Israelgo hedabideen arabera, bi zinemagileek herrialdetik alde egin behar izan zuten, haien eta familien aurkakoak areagotu egin baitira.
Israelgo Armadak errefusatu egin ditu dokumentalean jasotako salaketak, eta zalantzan jarri du filmean agertzen diren lekukotza batzuen egiazkotasuna.
Testuinguru horretan, NAZA Donostiara heldu da, eta Donostia Hiria Publikoaren Saria eskuratzeko lehiatuko da, Perlak ekimenaren barruan.