Beste bi auzipetuk 'planto' egin diote Miñano auziko batzordeari
Araban jazotako ustezko ustelkeria eta espioitza politiko auziaren erantzukizun politikoak aztertzen ari den ikerketa batzordeak beste bi planto izan ditu gaur, bere bigarren saioan.
Ainhoa Bilbao eta Araceli Bajo deklaratzera deituta zeuden gaur, baina ez dira aurkeztu, arrazoi ezberdinak argudiatuta. Horren ildotik, lehenengoak, Alfredo de Miguel Arabako ahaldun ohiaren emazteak, ziurtatu du ez duela jaso idatziz zitazioa; eta bigarrenak, Aitor Telleria auzipetuaren emazteak, esan du batzordeak ez duela bermatzen errugabetasun-presuntzioa.
Biak Kataia Consulting elkartearen partetik deklaratzera zeuden deituta. Izan ere, Kultura Sailetik diru-sarrera justifikatu gabeak jaso izana egozten diote.
Batzordeak astelehenean egin zuen lehen saioa, eta egun horretan Iñaki San Juan EAJk Leioan (Bizkaia) zuen zinegotzia deituta bazegoen ere, uko egin zion agertzeari.