CNIren zuzendaria Kongresuan izango da EAJk salatutako espioitzagatik
Felix Sanz Roldan Inteligentzia Zentro Nazionalaren (CNI) zuzendaria Diputatuen Kongresuan izango da datorren asteartean, martxoak 15, EAJk eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariak pairatutako ustezko "espioitza"ren inguruan erantzuten, parlamentutik Europa Press agentziari esan diotenez.
Josu Erkoreka EAJk Kongresuan duen bozeramaileak aurreko urtarrilean eskatu zuen CNIren zuzendariaren agerraldia "EAJren eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren gainean izandako espioitza" argitzeko, Gasteizko 4. zenbakiko Instrukzio Epaitegian Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko funtzionari ohi batek egindako adierazpenen harira.
Erkorekaren ustez, "oso larria da" epaiketa horren lekukoak (El Tarta ezizenez ezagutua) epailearen aurrean esandakoa; horren arabera, EAJren gaineko informazioa ez ezik, "euskal agintari publiko gorenaren" gaineko informazioa ere pasatu zioten inteligentzia zentroari.
Hori dela eta, "gertatutakoa argitzeko" eskatu zuen, kontu honen inguruko "erantzuleek" zeintzuk izan diren jakiteko eta horien "erantzukizuna" zein den zehazteko.
Sanz Roldan martxoaren 15ean izango da, 13:00etan, Kongresuan.