Goicoecheak deklaratzen jarraituko du, akusazio nagusiak ukatu ostean
Lourdes Goicoechea Nafarroako Gobernuko lehen presidenteorde eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu kontseilariak atzo ezeztatu egin zituen Idoia Nieves Ogasun zuzendari ohiaren salaketak, eta ukatu egin zituen esku-hartzeak zein faborezko tratua eta isilpeko dokumentazioa eskatu izana.
Nafarroako Parlamentuan abiatutako ikerketa batzordean agerraldia egin zuen atzo Goicoecheak, eta Idoia Nieves Ogasuneko zuzendari ohiak bere kontra egindako salaketen inguruko galderei erantzun zien bertan.
Hiru ordutik gora deklaratzen eman ondoren, bertan behera utzi zuten kontseilariaren agerraldia, eta gaur ekingo diote berriz galdeketari, 10:00etan. Atzoko saioan UPNren, PSNren eta Bilduren galderei bakarrik erantzun zizkien Goicoecheak, eta, beraz, Aralar-NaBairen txandarekin abiatuko dute gaurko saioa. Ondoren, PPNk, Izquierda-Ezkerrak eta Geroa Baik egingo dituzte galderak.
Ordu horretarako zegoen aurreikusita Yolanda Barcina Nafarroako presidentearen agerraldia; ondorioz, 16:00ak arte atzeratu dute.
Bere agerraldian, Goicoecheak ikuskatze-plana eskatu izana ukatu zuen, eta eskaeraren inguruko akusazioak baztertu zituen. Ostiralean Idoia Nieves izan zen ikerketa batzordean azalpenak ematen, eta kontseilariak "esku-sartzeak" egin zituela eta hainbat bezerori faborezko tratua egin ziela salatu zuen.
UPNren galderei erantzunez, Goicoecheak ukatu egin zuen bazkaloste batean eskaera hori egin izana, baita beste uneren batean plana eskatu izana ere. Halaber, Goicoecheak esan zuen "inoiz ez" duela mesedezko traturik eskatu enpresa batentzat.
Bulegoa
Goicoecheak azaldu zuenez, 2011n utzi zuen bere bulego profesionala, politikari ekiteko. Bulegoak enpresa txikiei ematen die zerbitzu, kontabilitate eta zerga kontuetan. Kontseilariak esan zuen bezeroak lankide baten esku utzi zituela eta ordutik ez dela bertara itzuli. Garai bateko bezero batzuekin "adiskidetasun harremana" izaten jarraitzen duela onartu zuen, "baina ez besterik".
CAN Nafarroako Kutxari buruzko dokumentazioa
Halaber, Goicoecheak esan zuen ez ziola Nievesi CANeko kontseilarien ordainsarien inguruko inprimakien berri eskatu, eta "noren esku zeuden" jakitea bakarrik eskatu ziola.
Bestalde, ukatu egin zuen eskaera hori Barcinaren interesek bultzatuta egin izana. "Presidenteak bere buruaren datu pertsonal bat eskatu zidan une zehatz batean, baina ondoren ez zuen eskaera gehiagorik egin. Zehazki, bere ordainsarien datua eskatu zidan, eta zerga aitorpenean begiratzeko esan nion. Dietak itzuli behar zituen unean izan zela uste dut", gaineratu zuen Goicoecheak.
Ikuskaritza Nafarroako Unibertsitatean
Bestalde, Nafarroako Unibertsitateko ikuskaritza "jukutria" zela esan zuela aitortu zuen Ekonomia kontseilariak, baina hori bere "iritzia" dela gaineratu zuen, "ez esku-hartzea".
BEZaren itzultzean atzerapena
Nievesek "zerga irregulartasun" gisa hartu zuen atzerapenaren harian, Goicoecheak esan zuen 2012an "diru-sarrera gutxiago zegoela aurreikuspenen aldean", eta, ondorioz, ordainketa hori atzeratzea erabaki zela, defizit-muga bete ahal izateko. Erabakia "orduko datu guztiak oinarri izanda" hartu zutela gaineratu zuen.
Adierazpena, fiskalaren esku
Goicoechearen deklarazioa fiskalaren esku uztea eskatu zuen PSNk, kontseilariaren jardunean ustezko eragimen-trafiko delitua egon daitekeela agerian uzten duten "zantzu nahikoa" dagoela iritzita.
Asteleheneko deklarazioak
Atzoko saioa luzea izan zen, goizez eta arratsaldez. Goizean, Pedro Ugalde, Juan Franco eta Maria Jesus Valdemoros izan ziren ikerketa batzordean deklaratzen, eta Gobernuaren jarduna babestu zuten. Arratsaldean, berriz, Manuel Aranaren txanda izan zen, eta hark berretsi egin zuen Idoia Nievesen akusazioen berri bazutela.
Aurretik Juan Franco Nafarroako Gobernuko Aurrekontuen zuzendariak azaldu zuenez, enpresei BEZaren itzulera atzeratzeak "zailtasunak" ekarri zizkien enpresei eta "ez zen inoren gustuko neurria" izan, baina Yolanda Barcinak "txarretan onena" zelako hartu zuen neurri hori.
Francoren arabera, Europak ezarritako defizit-muga "legea zen" eta bete beharra zegoen. Horregatik erabaki omen zuten BEZaren itzulera atzeratzea.
BEZaren inguruko azalpenak eman behar izan zituen Francok Parlamentuko ikerketa batzordean. "Ez Idoia Nievesi ez inori ez zitzaion gustatzen neurria, baina diru-sarreren aurreikuspena jaitsi egin zen eta ez zegoen aukera onik. Beste edozein neurrik ere kaltetuak utziko zituen", adierazi zuen Francok, Barcinak "aukera txarretan onena" hautatu zuela azpimarratu aurretik.
Francok ukatu egin zuen Gobernuak "inori maula egiteko asmoa" izatea neurri horrekin.
Bestalde, Pedro Ugalde Ekonomia idazkari teknikoak ere deklaratu zuen batzordean. Horren iritzian, "logikoa" zen Lourdes Goicoecheak Ogasun arduradunari informazioa eskatzea.
Goicoecheak Nievesi enpresa bat, bezero ohi bat, "ondo tratatzeko" eskatu izanaren inguruan galdetuta, Ugaldek ohartarazi zuen horrek "gertuko bi pertsonaren arteko esaldia" dirudiela eta dokumentazioa emateko "epea luzatzeko eskaria" izan zitekeela, eta hori "ez zait legez kanpokoa iruditzen".
Bilduk enpresa batzuei "mesede" egitea leporatu zion Goicoecheari, eta hori "ustelkeria" dela nabarmendu zuen. Ugaldek, aldiz, ukatu egin zuen egoera berezian dauden enpresa batzuei "mesede" egin izana, baina "tratamendu berezia" eman izan dietela aitortu zuen.
Lurrikara politikoa
Idoia Nievesen salaketak lurrikara politikoa eragin du Nafarroan, eta oposizioaren gehiengoak dimititzea eta hauteskundeak aurreratzea eskatu dio Yolanda Barcina presidenteari.
Zure interesekoa izan daiteke
Ceutako migrazio krisiaren aurretik alertak jaso zituen ala ez galdetu dio epaileak Guardia Zibilari
Iustitia Europak jarritako salaketaren ondorioz abiarazi ditu izapideak Auzitegi Nazionalak, eta bizi direnen eta hildakoen kokapenari buruzko informazioa eskatu du.
Melgosa: "Estatuaren lehen betebeharra da adingabeak familiekin itzultzeko bideak agortzea"
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Eskubideetako sailburuak nabarmendu du ez zaiola "zentzuzkoa iruditzen lehen erantzuna (Espainiako Gobernuarena) adingabe horiek (Ceutan daudenak) beren familietatik urrun, milaka kilometrotara, eramatea".
Grande-Marlaska eta Robles kargugabetzea eskatu du Telladok: "Ceutan gertatu den guztiaren erantzuleak dira"
Miguel Tellado Alderdi Popularraren idazkari nagusiak, Gasteiztik, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroa eta Margarita Robles Defentsa ministroa kargugabetzea eskatu du, Ceutako migrazio krisiaren aurrean ez dutelako "ezer egin".
Gizon bat atxilotu dute, Bilbon Cake Minuesaren kontrako derrigortze eta gorroto delituak egitea egotzita
Okdiario hedabideko kazetaria Mundialeko finalaren egunean Bilbon egiten ari ziren euskal selekzioaren aldeko manifestazio batean zegoen.
Ceutan sartu ziren 72.000 pertsonetatik 70.000 Marokora itzuli direla ziurtatu du Marlaskak
Migrazio-krisi honetan hiri autonomora iritsi diren adingabeei premiazko arreta emateko, Espainiako Gobernuak 25 milioi euroko partida gehigarri bat bideratuko du Ceutara.
Zapaterok errekurritu egin du haren kontuak eta haren gertukoenak ikertzeko epaileak emandako agindua
Espainiako Gobernuko presidente ohiaren defentsak ohartarazi duenez, banku-kontuak ikertzeko baimen "orokor" batek "ikerketa prospektibo" bati bide eman diezaioke.
Espainiako inteligentzia zerbitzuek ez zuten Ceutako krisiaz ohartarazi, Gobernuaren arabera
Elma Sainz bozeramaileak adierazi du CNIk ez zuela horren gaineko txostenik egin.
Etxebarriak defendatu du Gasteizko Udala izan zela diskoteketako atezainen legea indartzeko eskatzen aurrena
Kerman Villate gaztearen gurasoek egindako adierazpenen ondoren, Maider Etxeberria Gasteizko alkateak ez du barne ikerketaren inguruan ezer esan. Soilik esan du Udalak "berehala" erantzun zuela, Eusko Jaurlaritzari diskoteketako segurtasun-langileen gaineko araudia indartzeko eskatuz, eta heriotza ez zela "inoiz gertatu behar izan" gaineratu du.
Hondartzetan mobilizazioa egin dute atzera ere Sarek eta Etxeratek, ETAko preso guztiak etxera itzultzea aldarrikatzeko
Ehunka pertsona bildu dira Bizkaiko eta Gipuzkoako 11 hareatzetan, oraindik ere erregimen itxian dauden presoei espetxe politika arrunta aplikatzea eskatzeko.
"Muga zabalik", "Haraga Ceuta": horrela hauspotu zuten sare sozialek Ceutako sarrera masiboa
Sare sozialek berebiziko garrantzia izan zuten milaka gazte Ceutan sartzera animatzeko orduan.