Montserrat Triana Martinezek Nafarroako Parlamentuarekin kontratua du
Montserrat Triana Martinez ingeniaria Isabel Carrasco Leongo Diputazioko presidentearen hilketagatik espetxean dago. Nafarroako Parlamentua teknikoki artatzeko kontratu bat du Triana Martinezek.
Parlamentuko iturriek azaldu dutenez, kontratazioa iaz onartu zuten. Telekomunikazio ingeniariak txosten bat aurkeztu behar zuen erakundeko ikus-entzunezko sistema berritzeko. Era berean, baldintzak, esleipena eta lanen zuzendaritza onartu zituen Ganberak.
Martinezen lanak 10.200 euroko kostua izan behar zuen. Hala ere, orain arte 5.545 euro kobratu ditu soilik, txostena aurkezteagatik.
Kontratuaren hiru zati egiteke
Sinatu zuen kontratuko beste hiru zatiak egiteke ditu oraindik; izan ere, ikus-entzunezko sistema berritzeko lanak ez zituzten hasi, 461.000 euroko kostua zutelako.
Ingeniariak ikerketa berri bat egiteko aukera aztertu zuen Parlamentuko Mahaiak iragan astean, asteazkenean. Horretarako 3.500 euro bideratu behar zituzten. Parlamentuko ikus-entzunezko sistemaren zati bat berritzea adostu zuten.
Hala eta guztiz ere, beste azterketa egin beharra ez zuten ulertu Mahaiko kide batzuek, txosten bat eginda zegoelako. Ondorioz, ez zuten erabakirik hartu.
Ekimena bertan behera gera daiteke orain, Montserrat Triana Martinezen egoera ikusita eta legealdia bukatzeko urtebete geratzen dela kontuan hartuta.
Zure interesekoa izan daiteke
Gaur egingo dira Bilbon, Donostian eta Gasteizen hauteskunde-mahaietan nor egongo den aukeratzeko zozketak
Ehunka lagun bildu dira Bilbon, terrorismoa egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak aske uztea eskatzeko
Aske: "Gure helburua ez da istiluak egotea, Aratz eta Malenen kontrako kanpaina mediatikoari aurre egitea baizik"