'Ateak irekiko dizkigun aukera' izango da I27a, Junquerasen irudiko
Datorren irailaren 27an Katalunian izango diren hauteskundeen harira, Artur Mas presidentearekin eta gainerako alderdi subiranoekin hitzartutako akordioa defendatu du Oriol Junqueras ERCko presidenteak, "akordio handiek Katalunia aurrera egiten lagundu baitute".
ERCren XXVII. Batzorde Nazionalaren irekiera-ekitaldian, hauteskundeetara batera aurkezteko ERCren eta CDCren ituna zuritu du Junquerasek. "Berehalako erronka dugu. Gauza asko daude jokoan. Hainbat gauza dira, ezen dena jokoan dagoela esan dezakegu".
Bestalde, hauteskunde-zerrenda hartan orain dagoen "zeharkakotasuna" irailaren 27az geroztik areagotzea eskatu du Junquerasek, Gobernua, gehiengo parlamentarioa eta Kataluniako Konstituzioa osatzerako orduan, Kataluniaren independentziarako bidean aurrera egiterako unean, alegia.
"Ahal duguna eta ezinezkoa dena ere egin behar dugu I27ko aukera irabazteko: gainerako aukerei eutsi ahal izateko, ateak irekiko dizkigun aukera da I27a; aukera paregabea izango da, eta hori horrela egiten lagundu dugu; herriak irabaziko duelakoan gaude", azpimarratu du Junquerasek.
Hasiera batean, errepublikanoak ez zeuden Masekin hitzartzearen alde, baina azkenean amore eman zuten. Horren harira, erabakia "konplikatua" izan dela onartu du ERCko buruak, eta hori erabaki zutela azaldu du Kataluniako etorkizunerako funtsezkoa izan daitekeelako.
PSC
Miqel Iceta PSCko lehen idazkariak eta Generalitateko Presidentziarako hautagaiak larunbat honetan adierazi duenez, "I27tik ez da independentzia aterako, independentzia ez baita hauteskunde batzuekin bakarrik lortzen". Icetak gaineratu duenez, hauteskunde horietan "nahasmenaren Gobernuarekin jarraitzea edo ez" hautatuko dute herritarrek.
PSCko Ezohiko Batzorde Nazionalean Icetak esan duenez, PSC zerrenda subinoaren alternatiba izatea eta lehentasun sozialak dituen Gobernu baten buru izatea gustatuko litzaioke.
"Katalunia libre eta osoa nahi dut", nabarmendu du Icetak. Halaber, Gobernu zentralarekin baldintza berriak negoziatzeko gaitasun hobea aldarrikatu du Kataluniarentzat. "Gainerako alderdiak ez ezik, PSCk serioski hartzen ditu iraileko hauteskundeak", amaitu du.
Unio
Ramon Espadaler Unio alderdiko hautagaiak gaur azpimarratu duenez, bere alderdiak "independentismotik eta Rajoyren immobilismotik ihes egingo du, sen onaren iraultzaren buru izateko".
Iraileko hauteskundeetarako Unioren hautagai izendatu berri dute Espadaler alderdi horretako Batzorde Nazionalean, eta izendapen horren ostean, deklarazio horiek egin ditu.
Espadalerren aburuz, hauteskundeen ostean "Estatuarekin eztabaidatzeko indar bakarra da Unio". "Uniok liskarrak saihestu nahi ditu, eta sen onaren alde egingo du, hori baita herrialdeak behar duena", gaineratu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Lluis Puig Kataluniara itzuli da, eta gaur hartuko du berriro eserlekua Parlamentuan
Insaustik eskerrak eman dizkio Eusko Jaurlaritzari Benta Berriko bizilagunei irtenbide bat emateagatik, eta batasun politikoa nabarmendu du
EAJren oinarriek gaurtik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldungai nagusi direla
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik