JxSik eta CUPek kataluniar legedi propiora iragateko araua adostu dute
Junts pel Sik (JxSí) eta CUPek ohar batean iragarri dutenez, “akordio politiko globala” adostu dute iragankortasun juridikorako legearen inguruan, 2017ko erreferenduma babesteko eta “katalan errepublika” Espainiako legeditik deskonektatu ahal izateko.
Katalunia “zuzenbide errepublika demokratiko eta soziala” dela dio iragankortasun juridikorako legeak, Estatutik deskonektatzeko hiru araudietako batek, ogasun publikoa eta gizarte segurantza eraikitzeko legeekin batera.
Independentziaren aldeko indarrek ez dute testuaren inguruko ñabardura askorik zabaldu, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak helegitea jar dezakeen jakitun. Hain zuzen, auzitegi horrek Kataluniako Parlamentuan JxSik eta CUPek eskatu bezala hiru deskonexio legeak sortzeko taldeak eratzea eragotzi zuen joan den ostiralean, Ciutadansek eta PSCk aurkeztutako kasazio helegitea onartuz.
Legeak “independentziarako erreferenduma irabazi eta gero errepublikarako trantsizioan ahalik eta berme juridiko handiena” edukitzea du helburu, eta Katalunia “zuzenbide errepublika demokratiko eta soziala” dela ezartzen du lehenengo artikuluan.
JxSik eta CUPek 2017ko uda baino lehen aurkeztu eta onartu nahi dute legea; izan ere, Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak galdeketa datorren urteko irailaren aurretik egiteko konpromisoa hartu du, Estatuaren bermea eduki zein ez.
Gaur bidali duten oharrean esaten denez, legeak “autodeterminazio eskubidea gauzatzeko erremintak ematen dizkie Kataluniako erakundeei, lurralde horretako gizartearen gehiengoak nahi duen bezala”.
Zure interesekoa izan daiteke
Sanchezek erantzunak eta neurriak eskatu dizkio Marokori, Ceutan muga-kontrolak huts egin zuelako
"Gogoak batzeko" deia egin du Sarek presoen aldeko urtarrileko manifestazioa "azkena" izan dadin
Arabak trenbide sektorea berritzeko zentro teknologikoa izango du Laudion
Kataluniara itzultzeko aukera zabaldu dio Puigdemonti Auzitegi Konstituzionalak, bidegabeko erabilera delituari amnistia eman dio eta
Kongresuak behin betiko kendu dio prentsa-akreditazioa Vito Quilesi
Akordio zabalak aipatu bai, baina gero ezezkoa bozkatzea aurpegiratu dio Estebanek Otegiri