Frantziako Poliziak jaso ditu ETAren biltegietako armak
Frantziako Poliziak erretiratu ditu ETAren armategietako armak. 180 polizia eta jendarme ibili dira lanean, lehergailu-teknikariekin batera. Horrez gain, Auzitegiko Poliziaren ''hainbat agente'' eta Barne ministerioko segurtasun zerbitzuak ere bertan izan dira, Matthias Fekl Frantziako Barne ministroak prentsaurrekoan adierazi duenez.
Guztira, 120 suzko arma, hiru tona lehergailu eta hainbat kilo munizio eta detonagailu egon dira zortzi biltegitan gordeta, goizean "bakearen artisauak" taldeko kideek jakinarazi dutenaren arabera.
Aipatu biltegiak Akitania eta Okzitania eskualdeetan zeuden. Zehazki, armategi batzuk Araujuzon, Maslacq, Viellenave de Navarrenx eta Senpere (Lapurdi) herrietan zeuden, eta gainerakoak bi herri arteko zenbait gunetan: Etxarri (Zuberoa) eta Espiute herrien artean; Barkoxe (Zuberoa) eta Aramits artean; Audaux eta Castetbon artean, eta Lahontan eta Carresse-Cassaber artean.
Ordu horietan zehar, 172 behatzaile izan dira ETAk emandako kokalekuetan, Frantziako agintariek armak bildu bitartean.
Baionako ekitaldia
Gerora, arratsaldean, ekitaldi bat izan da Baionan. Bertan, gizarte zibil eta "bakearen artisauak" taldeko hainbat kidek zenbait adierazpen irakurri dituzte Pau Bert plazan. Horietan gaurko egunera iritsi arteko prozesuari eta etorkizunari buruz gogoeta egin dute.
Hitz egiten lehena Mixel Berhokoirigoin izan da. Berhokoirigoinek gizartearen eraikitzea eta urte luzez arerioak izandako gizarteko alderdien arteko bizikidetza izan ditu hizpide. "Elkarren artean bizitzen ikasi beharko dugu, iraganean aurkari izandakoak egungo etsaitzat hartzeari utzi".

(Mixel Berhokoirigoin, Baionako arratsaldeko ekitaldian. Argazkia: EFE)
Deialdian milaka pertsonak parte hartu dute, tartean hainbat ordezkari politiko eta sindikal. Bertaratu direnen artean egon dira, besteak beste, Arnaldo Otegi (Sortu), Pello Urizar (EA) eta Pili Zabala (Podemos) eta ezker abertzaleko kide diren Joseba Alvarez, Pernando Barrena eta Marian Beitialarrangoitia, baita Adolfo Muñoz (ELA) edota Garbiñe Aranburu (LAB) ere.
Horrez gain, pantaila erraldoi batean arma biltegien irudiak erakutsi dituzte, baita eta larunbat goizean bakearen artisauen eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideen artean izandako bileraren artekoak ere.

(Baionako arratsaldeko ekitaldia. Argazkia: EFE)
ETAk emandako armategia
ETAk zortzi armategitan gordetako 120 suzko arma, hiru tona lehergailu eta milaka detonagailu eta munizio utzi ditu Frantziako agintarien esku, Michel Tubiana "bakearen artisauak" taldeko kideak goizean jakinarazi duenaren arabera. Jarraian azaldu duenez, "bakearen artisauek" ETAren zortzi biltegiren kokapenaren berri eman diote Nazioarteko Egiaztatze Batzordeari. "Frantziako agintarien aurrean burututako urratsa bidezko bake iraunkorra bermatuko duen prozedura baten baitan ematea eskatu diegu", gaineratu du.
Ondoren, Ram Mannikalingam Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko koordinatzaileak agerraldia egin du Baionan eta, bertan adierazi duenez, Frantziako Poliziak dagoeneko badu ETAren armategien kokapenaren berri. Mannikalingamek azaldu duenez, Frantziako agintariak arduratuko dira armategietan dauden ETAren armak bildu eta egiaztatzeaz. Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak ez du fase horretan parte hartuko.

(Aktibisten argazkia, Nazioarteko Egiaztatzaile Taldeak zabalduta. Argazkia: EFE)

(Frantziako Polizia agenteak armategietan lanean. Argazkia: EFE)
Erreakzioak
Iñigo Urkullu lehendakariak, Ram Mannikalingamekin batera, agerraldia egin du Donostian ETAren armagabetzeari buruz balioespen instituzionala egiteko. Agerraldi hori "epikatik etikara" esanez hasi du, eta gaineratu du armagabetzearekin "armak klandestinatearen eremutik legaltasunaren eremura pasa" direla. "ETAren armagabetzea edozein epikatik salbuetsita" dagoela nabarmendu lehendakariak, "baina esanahi etiko nagusi bat" duela gaineratu du: "Behin betirako ziurtatzen du ETAk eragindako biktima bakar bat ere ez zuela inoiz eragin behar, inoiz ez".
Bere aldetik, Nafarroako Gobernuak ere ETAren armagabetzeari buruzko balorazioa egin du. Hartara, "armagabetzea hiritarrek luzaroan eskatutako agindua" izan dela nabarmendu du Foru Exekutiboak ohar batean. "Armagabetzea zorrotz eta legez egin zedin laguntzeaz gain, erabatekoa, behin betikoa eta egiaztagarria" izango zela ziurtatzeko lan egin du Nafarroako Gobernuak. Azken finean, gizarteak urtetan adierazitako nahia ez zapuzten saiatu dela azpimarratu du.
Espainiako Gobernuaren aburuz, ETAren armagabetzea "porrota disimulatzeko operazio mediatikoa" da eta "interes politikoa ateratzen saiatzeko". Ohar batean, errefusatu egin du ETAk emandako armamentuari buruzko baloraziorik egitea, Frantziako agintariek eta justiziak aztertu arte, indarrean dagoen legediarekin bat eginez. Halaber, armagabetzea iragarri zenetik gobernuko kideek esan duten moduan, ETAko kideek ezin dutela Gobernuaren aldetik inolako tratutik espero errepikatu du, "are gutxiago delituen inpunitatea".
Frantziako Gobernuaren jarrera azaltzeaz Matthias Fekl Barne ministroari egokitu zaio. Bere hitzetan, ETAk zortzi armategien kokapena ''modu aldebakarrean''eman izana "aurrerapauso handia" da eta, horri lotuta, ministroak ''biktima guztiak'' gogoratu ditu, bereziki Espainiako poliziak eta guardia zibilak.
Zure interesekoa izan daiteke
Vivasek Ceutako mugaren kontrola indartzeko eta gutxienez 1.000 agente izateko eskatu du
Polizia Nazionaleko eta Guardia Zibileko indarrak nabarmen handitzeko eta uztailaren 30eko sarrera masiboa berriro ez gertatzeko neurriak hartzeko eskatu dio Ceutako presidenteak Espainiako Gobernuari.
Bilboko aireportuan ere kontrol aleatorioak ezarri dituzte Italiatik datozen bidaiarientzat
Kontrolak goizean egin dituzte Bilbon, Malagan, Sevillan, Alacanten, Valentzian, Balearretan eta Kanarietan. Madrilgo eta Bartzelonako aireportuetan gauerdian hasi dira ausazko kontrolak egiten.
30 urteko kartzela-zigorra eskatu dute ETAko bost buruzagi ohirentzat Gregorio Ordoñez hiltzeagatik
Akusatuek ETAko buruzagitza osatzen zuten, eta 1995eko urtarrilean Donostiako PPko zinegotzia hiltzea erabaki zuten, Fiskaltzaren idazkiaren arabera.
Elkarrekin Donostia afari solidarioen debekua helegite bidez auzitan jartzea aztertzen ari da
Araua neurrigabea dela eta zalantzazko oinarri juridikoak dituela uste du koalizioak. EH Bilduk, berriz, Kaleko Afari Solidarioak plataformako boluntarioen aurkako "jazarpena" salatu eta debekua bertan behera uzteko eskatu du.
Robles, Marlaska, Bolaños eta Albares Kongresuan agertuko dira abuztuaren amaieran, Ceutako migrazio-krisia dela eta
Espainiako Gobernuak lau ministroen ezohiko agerraldiak eskatu ditu, uztailaren 30ean Ceutan hasitako migrazio-krisiaren kudeaketaren berri emateko.
EAE adingabe migratzaileak hartzeko Estatuak ezarritako kupoaren gainetik dago, eta Nafarroa, berriz, azpitik
Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 843 adingabe atzerritar artatzen dituzte egun, berez dagokiona baino 65 gehiago. Aldiz, azken datuen arabera, Foru Erkidegoa bere gaitasunaren % 30 inguruan dago.
Ceutako migrazio krisiaren aurretik alertak jaso zituen ala ez galdetu dio epaileak Guardia Zibilari
Iustitia Europak jarritako salaketaren ondorioz abiarazi ditu izapideak Auzitegi Nazionalak, eta bizi direnen eta hildakoen kokapenari buruzko informazioa eskatu du.
Melgosa: "Estatuaren lehen betebeharra da adingabeak familiekin itzultzeko bideak agortzea"
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Eskubideetako sailburuak nabarmendu du ez zaiola "zentzuzkoa iruditzen lehen erantzuna (Espainiako Gobernuarena) adingabe horiek (Ceutan daudenak) beren familietatik urrun, milaka kilometrotara, eramatea".
Grande-Marlaska eta Robles kargugabetzea eskatu du Telladok: "Ceutan gertatu den guztiaren erantzuleak dira"
Miguel Tellado Alderdi Popularraren idazkari nagusiak, Gasteiztik, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroa eta Margarita Robles Defentsa ministroa kargugabetzea eskatu du, Ceutako migrazio krisiaren aurrean ez dutelako "ezer egin".
Gizon bat atxilotu dute, Bilbon Cake Minuesaren kontrako derrigortze eta gorroto delituak egitea egotzita
Okdiario hedabideko kazetaria Mundialeko finalaren egunean Bilbon egiten ari ziren euskal selekzioaren aldeko manifestazio batean zegoen.