PP Gobernutik kentzeko akordioa proposatu dio Iglesiasek PSOEri
2015eko abenduaren 20ko hauteskunde orokorren ondoren "akatsak" egin zituela onartu du Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusi eta Unidos Podemoseko diputatuak eta, hori dela eta, eskua luzatu dio PSOEri PP Gobernutik kentzeko. Dena den, Ciudadanos (C's) balizko akordio horretatik kanpo uzteko eskatu die sozialistei.
"Nahiago nuke berandu baino lehen PP Gobernutik ateratzeko ados jarriko bagina", adierazi du Podemoseko buruzagiak bere taldeak Mariano Rajoyren kontra aurkeztu duen zentsura-mozioaren hitzaldiaren baitan.
Iraganean izandako desadostasunak albo batera utzi eta PSOErekin hitz egiteko eta akordioak lortzeko prest agertu da Iglesias, batez ere, haren esanetan, Alderdi Sozialistako oinarriek "establishment" deitutakoari emandako "lezioaren" ondotik. Izan ere, zuzendaritzak Pedro Sanchez kargutik kendu ostean oinarriek bera aukeratu dute idazkari nagusi izateko.
Esperantzak beldurra garaituko duen itxaropenarekin eta Podemosen ohiko mezuarekin amaitu du hitzaldia: "Sí se puede".
Espainiak ez duela Iglesias presidente izatea merezi ziurtatu du Rajoyk
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Unidos Podemoseko diputatuari erantzunez adierazi duenez, Pablo Iglesiasek ez du gobernuburu izatea merezi, ezta Espainiak "zigor" hori ere. Erasora jotzeko presa izatea leporatu dio Iglesiasi, beste alderdi batzuk (PSOEri aipamena eginez) errekuperatzen ari direla ikusita.
Bestalde, "ikuskizunaren, keinuen eta esloganen" politika kritikatu ditu eta Parlamentua telebistako platoa dela uste izatea egotzi dio Podemosi. "Parlamentua tertulia bat baino gehiago da, ordea", azaldu du Rajoyk. Haren esanetan, Iglesiasen "harrotasunak" presidente izateko gaitasunik gabe uzten dio.
Barkamena eskatu eta 'lapurtutakoa' itzultzeko galdegin dio Monterok PPri
Irene Montero Unidos Podemosek Espainiako Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak defendatu du bere taldeak Mariano Rajoyren kontra aurkeztutako zentsura-mozioa, eta bi ordutik gora iraun duen hitzaldian, kritika gogorrak egin dizkio PPri, ustelkeria ardatz hartuta.
Hitzaldiaren une askotan, tonua igo du Irene Monterok eta era guztietako iruzkinak eta kritikak egin dizkiote sare sozialetan. Alderdi Popularrak, esaterako, Monteroren mintzaldiari ironiaz egin dio aipamena sare sozialetan.
Hitzaldian, "barkamena" eskatzeko eta "lapurtutako dirua" itzultzeko eskatu dio PPri, Mariano Rajoy nahastuta dagoen dozenaka ustelkeria kasuen harira. Monterok banan-banan aipatu ditu, haren esanetan, PP nahastuta dagoen 67 ustelkeria kasuak, Naseiro kasuarekin hasi eta Barcenas, Punica edo Lezo gogoratuz amaitzeko. "Ustelkeriak badu bere egoitza, zehazki, Genova 13", aurpegiratu dio Monterok Rajoyri Alderdi Popularraren egoitza nagusiari aipamena eginez.
Halaber, hainbat ministroren dimisioa eskatu du: Rafael Catala Justizia ministroarena, Fiskaltzaren ustezko erabileragatik; Cristobal Montoro Ogasun eta Administrazio Publikoko ministroarena, amnistia fiskalagatik; Jose Ignacio Zoido Barne ministroarena, "Estatuko estoldengatik"; eta, azkenik, Maria Dolores de Cospedal Defentsa ministroarena.

Irene Montero Diputatuen Kongresuan egin duen hitzaldian. Argazkia: EFE
Ustelkeria kasu bat aipatu duen bakoitzean, "ordenaren, seriotasunaren eta zentzuaren" alderdi gisa definitu arren, praktikak kontrakoa erakusten duela aurpegiratu dio, adibideak jarriz.
"Lotsagarria!", esan du behin eta berriz, hain zuzen ere, ustelkeria kasu bati buruzko xehetasunak ematen zituen bakoitzean.
"Espainia nazka-nazka eginda dago", eta "nahikoa da, zuen garaia amaitu da", esan dio Monterok Rajoyri. Gainera, "beste alde batera begiratzeagatik" begiak nekatuta izatea leporatu dio. Hori guztia dela eta, Gobernua utzi behar dutela esan die. Ildo horretan, "kanporatu egin behar ditugu" izan da bere hitzaldian gehien errepikatu duen beste esaldietako bat.
Ustelkeriaz harago, sektore guztietan murrizketak egitea egotzi dio PPren Gobernuari: osasuna, hezkuntza, pentsioak, etxebizitza, indarkeria matxistaren kontrako borroka... Bestalde, "autoritarismoa", "matxismoa" eta "hala moduzko elitismoa" ere leporatu dizkio.
Monteroren akusazioak ukatu ditu eta Unidos Podemosen kontra egin du

Mariano Rajoy, Irene Monterori erantzunez. Argazkia: EFE
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearen esanetan, Unidos Podemosek bere aurka aurkeztu duen zentsura-mozioa "parodia" edota "fartsa" bat da, eta Irene Monterok Espainiako Gobernuaren eta PPren aurka esandakoak ukatu ditu. Esate baterako, Rajoyk ukatu egin du berak edo Gobernuko kideek legea urratu izana.
Bestalde, herritarrek ez dutela mundua Podemosek bezala ikusten erantzun dio.
Rajoyk behin baino gehiagotan aipatu ditu Irene Monterok bere hitzaldia egiteko erabilitako modua eta sakoneko mezua. "Zerua lortu nahi bazenuen, atez nahastu zara", adierazi dio Rajoyk Pablo Iglesiasi.
Ustelkeriaren gaiari helduta Rajoyk azpimarratu duenez, Podemosen akusazioak "faltsuak" dira, eta ohartarazi du ustelkeria ez dela amaituko ez zentsura-mozioak aurkeztuz ezta PPren kontrako harriak jaurtiz ere.
Bestalde, zentsura-mozioarean "erabilera kapritxosoa" egitea leporatu dio Unidos Podemosi, eta ekimen parlamentario hori degradatzea eta gizartea asaldatzeko erabiltzea.
EAJk edukirik gabekotzat jo du
Aitor Esteban EAJren diputatuak esan du zentsura mozioak ez duela "inolako konfiantzarik" ematen, baina, gainera, "jarrera berarekin jarraituz gero" bere hautagaitza ez dela "alternatiba" eta "ez dela izango" esan du.
Estebanek Kongresuan egindako agerraldian azaldu duenez, Podemosek ez du benetako asmorik Gobernua osatzeko gehiengoa bilatzeko, eta akordioa egiteko borondate eza gaitzetsi du.
"Ezinezkoa da horren gutxi landutako proposamena aurrera ateratzea", azpimarratu du.
Estebanek keinuetan oinarritutako politika izan du hizpide, eta aitortu du une batzuetan balioa izan dezakeela, baina "keinu hutsen politikak ezer ere ez" duela lortzen gaineratu du.
Era berean, Podemoseko euskal ordezkariek Kongresuan ahotsik ez izatea leporatu dio: "Kataluniarrek eta galiziarrek ahots propioa dute; euskal ordezkariek, bat ere ez". "Ez dakit uzten ez dieten edo gustura dauden egungo egoerarekin", adierazi du.
EH Bilduk Kataluniako erreferenduma babesteko eskatu dio
Marian Beitialarrangoitia EH Bilduren diputatuak zentsura mozioa babestu du, Mariano Rajoy kargutik kentzea "premiazkoa eta beharrezkoa" delako, baina Kataluniako erreferenduma babesteko eskatu dio, Estatuak orain arte uko egin baitio.
Beitialarrangoitiak esan du EH Bilduren bi diputatuek "baiezko kritikoa" emango diotela zentsura mozioari, "PP kentzea lehentasunezkoa" delako, "Europako alderdi ustelena" den heinean.
Hala eta guztiz ere, euskal diputatuak zehaztasun gehiago eskatu dio Iglesiasi, azal dezala zer egingo duen "Estatua demokratizatzeko" eta "nazioaniztasuna eta erabakitzeko eskubidea" egin bihur daitezen.
"Kataluniako agintariei babesa ematea da demokratizazioaren alde egiteko modu onena. Itundutako erreferenduma badago, ederki, baina, bestela, zerbait egin behar da erabakitzeko eskubidea defendatzen dutenek eskubidea egikaritzeko", gaineratu du Beitialarrangoitiak.
Zure interesekoa izan daiteke
Burlatako jaietan zinegotzi bati egindako erasoa salatu du UPNk
Alderdiaren esanetan, Carlos Otok bularrean kolpea jaso zuen UPNren egoitzan. Nafarroako presidenteak eta hainbat alderdik erasoa gaitzetsi dute eta babesa agertu diote zinegotziari.
Baionako eta Sarako herriko etxeek euskarari egindako aitortzak atzera bota ditu, behin-behinean, Paueko Auzitegiak
Euskara lekuko hizkuntza modura aitortzen duen ebazpen onartu zuen Sarako herriko etxeak uztailaren 2an eta Baionakoak 23an. Prefetaren eskariari men eginez, Paueko Auzitegi administratiboak bertan behera utzi ditu bi ebazpenak. Bi udalek helegitea aurkeztuko dute astelehenean bertan.
Monica Garciak ukatu egin du Ceutan osasun-kolapsorik dagoenik, eta pilaketen arriskuaz ohartarazi du
Osasun ministroak azken 15 egunetan 5.800 migratzaile artatu dituztela azaldu du, eta arrisku sanitario eta epidemiologikoak prebenitzeko gune gehiago eskatu ditu.
PPk gobernatutako autonomia-erkidegoek uko egin diote Ceutako adingabe migratzaileen arreta hurrengo Sektore Konferentzian eztabaidatzeari
Abuztuaren 27ko Sektore Konferentzia izango da Ceutan atzerritarren sarrera masiboa izan zenetik egingo den lehena. Ceutarako 25 milioi euroko aparteko kredituaren transferentzia ere aztertuko dute, bakarrik dauden adingabe migratzaileen arretari lotuta.
Ceutako adingabeak familiekin elkartzea defendatzen du Euskadik, banatu beharrean
Haur, Nerabe eta Familien zuzendariak esan duenez, Euskadik "ez du onartuko inposatutako, inprobisatutako edo bermerik gabeko deribaziorik", eta gogorarazi du EAEk dagoeneko bere ahalmenaren gainetik hartzen dituela adingabeak.
Marlaskak segurtasun neurriak indartu ditu Ceutan, eta Marokorekiko lankidetza aldarrikatu du
Barne ministroak iragarri duenez, 45 polizia gehiago bidaliko dituzte Ceutara, herritarren segurtasuna indartzeko asmoz. Oraindik ez da erabat berreskuratu normaltasuna hirian, nahiz eta modu irregularrean sartu ziren migratzaile gehienak itzuli.
Sei atxilotu Gasteizen, Espainiako selekzioaren kamiseta zeraman gazte bati eraso egiten saiatzea egotzita
Futboleko Munduko Txapelketa baino egun batzuk lehenago gertatu omen zen. Atxiloketetako bat astelehenean izan zen, eta beste bostak asteartean.
Nafarroako Gobernuak larrialdiko 2. maila ezarri du eklipsea dela eta
Foru Gobernuak Larrialdietarako Aholku Batzordea ere eratu du, eta 1.165 kidek osatutako segurtasun-dispositiboa jarriko du martxan.
Ertzaintzako sindikatuek agenteen aurkako erasoak gaitzetsi dituzte, bitarteko gehiago eskatuz
ErNE, Euspel eta Sipe sindikatuek salatu dutenez, polizia bati eraso egitea ezin da "normal" bihurtu. Hortaz, "babes instituzionala" eta lantaldea indartzea eskatu dute.
Bilboko aireportuak ausazko kontrolak egiten dizkie Italiatik datozen bidaiariei, gorabeherarik gabe
Neurria larunbat honetan aktibatu da, eta irailaren 7ra arte iraungo du, Italiako Gobernuak Espainiatik datozen bidaiarientzako Schengen eremua bertan behera uzteko dekretuari erantzuteko.