Rajoy, Bartzelonako txistuen inguruan: 'Batzuen oihuak ez ditugu entzun'
Espainiako Felipe VI.a erregea Bartzelonan terrorismoaren aurka egindako manifestazio jendetsuan egon izana defendatu du igande honetan Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak. Egon behar ziren tokian egon zirela uste duela esan du Rajoyk, eta txistu ozenen aurrean ondorengoa esan du: "Batzuen oihuak ez ditugu entzun".
Alderdi Popularrak Pontevedrako Cerdedo-Cotobade udalerrian antolatutako ekitaldian egin ditu adierazpen horiek Rajoyk, joan den astean Katalunian izandako bi eraso terroristen aurrean gaitzespena adierazteko egindako manifestazioaren biharamunean.
"Egon behar ginen tokian egon ginen. Manifestazioan parte hartu izanaz eta Espainiako Estatu burua ere bertan egon izanaz arro gaude", nabarmendu du Rajoyk.
Rajoyk ideia hori nabarmendu du: "Bertan izan ziren pertsona asko bezala eta egon ezin izan zuten beste askoren moduan parte hartu genuen, biktimei gure babesa helarazten eta errespetutsuak diren katalanei elkartasuna adierazten".
Halaber, batasun politikoaren aldeko deia egin du, bere aburuz, terrorismoari aurre egiteko orduan "ezberdintasunak alde batera uzteak handiago egiten gaituelako".
Testuinguru horretan, "alderdi bat edo beste bozkatu arren terrorismoaren aurrean alderdi guztiek bat egiten dutela argi uzteko" bere esku dagoen guztia egiten jarraituko duela ziurtatu du.
"Inork ez du lortu terrorismoa bakar bakarrik garaitzea, banatuta. Demokraton batasuna terroristen etsai nagusia da, eta gaizkileei egin ahal diegun mesede handiena gure arteko hausturak dira", azpimarratu du.
Kataluniako bi eraso terroristei aipamen eginez hasi du Rajoyk bere hitzaldia. Biktimei eta haien gertukoei babesa adierazi die, eta edozer gauzaren gainetik pertsonak daudela nabarmendu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Kongresuak behin betiko kendu dio prentsa-akreditazioa Vito Quilesi
Akordio zabalak aipatu bai, baina gero ezezkoa bozkatzea aurpegiratu dio Estebanek Otegiri