Casado (PP): 'Companysi gertatu zitzaiona gerta dakioke Puigdemonti'
Pablo Casado PPko Komunikazio idazkariordeak ohartarazi du Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidenteari Lluis Companys presidente ohiari "gerta zitzaiona” gerta dakiokeela.
Companys atxilotu egin zuten, 1934an Errepublika kataluniarra aldarrikatu eta gero, eta horregatik azaldu du Casadok egin duela aipamena. Dena dela, haren hitzek polemika handia piztu dute. Izan ere, Companys torturatu eta fusilatu egin zuten, eta, hortaz, adierazpenetan mehatxua ikusi dute askok.
“Historia ez da errepikatu behar, eta espero dugu bihar Puigdemontek ezer ez aldarrikatzea, duela 83 urteko aldarrikapena egin zuenari gertatu zitzaiona gerta dakiokeelako”, esan du, hain zuzen ere, Pablo Casadok.
PPko bozeramaileak “akusatuen aulkian” eser daitekeela ohartarazi dio Puigdemonti: “Lehengo egunean esan nuen; utziozu hitzaldi tamalgarriak prestatzeari eta joan prestatzen epailearen aurreko deklarazioa”.
Kataluniako presidentea ez ezik, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ANCko eta Omiumeko presidenteak eta Josep Lluis Trapero Mossoen burua ere aipatu ditu Casadok.
Bestalde, PPko Komunikazio idazkariordeak defendatu egin du independentzia sustatzen duten alderdiak legez kanporatzea.
Ika-mika Pablo Casadoren eta Pablo Iglesiasen artean
Podemoseko buruek gogor egin dute Pablo Casadoren aurka sare sozialetan. “Ezjakina da, edo zirikatzaile arduragabea”, esan dio Pablo Iglesias idazkari nagusiak Twitterren.
PPko kideak beste txio batean erantzun dio: “Horrenbeste miresten duzun II. Errepublikak atxilotu zuela baino ez dut esan”, nabarmendu du.
Beste erreakzio batzuk
Ada Colau Bartzelonako alkateak “piromanoa” izatea leporatu dio Casadori, eta barkamena eskatzea edo dimisioa aurkeztea eskatu dio.
“Demokrazia serio batean, Pablo Casadok barkamena eskatuko luke edo dimisioa emango luke. Piromano gehiagorik ez”, adierazi du.
Benet Salellas CUPeko diputatuak negoziatzeko deia egin dio PPri, “fusilamenduekin mehatxu egin beharrean”.
“Logika autoritarioaren ikuspegitik baino ezin da ulertu PPk gogora ekartzea Lluis Companysi gertatu zitzaiona, faxismoak Europan hildako presidente demokratiko bakarra izan zelako”, gaineratu du.
Zure interesekoa izan daiteke
"Gogoak batzeko" deia egin du Sarek presoen aldeko urtarrileko manifestazioa "azkena" izan dadin
Arabak trenbide sektorea berritzeko zentro teknologikoa izango du Laudion
Kataluniara itzultzeko aukera zabaldu dio Puigdemonti Auzitegi Konstituzionalak, bidegabeko erabilera delituari amnistia eman dio eta
Kongresuak behin betiko kendu dio prentsa-akreditazioa Vito Quilesi
Akordio zabalak aipatu bai, baina gero ezezkoa bozkatzea aurpegiratu dio Estebanek Otegiri