Espainiako Gobernuak dio badagoela aukera EAEko Aurrekontuei helegiterik ez jartzeko
Espainiako Gobernuak esan du espero duela Eusko Jaurlaritzarekin kooperazio batzordean hasiko duen aldebiko negoziazioan akordio batera heltzea eta, ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko Aurrekontuen kontra Auzitegi Konstituzionalean helegiterik jarri behar ez izatea.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eguerdian jakinarazi duenez, Mariano Rajoyren Gobernuak EAEko Aurrekontuen kontra helegitea aurkezteko asmoa dauka, funtzionarioentzat aurreikusten dituen % 1,5eko soldata igoerak eta Itzarri pentsio-planera ordainsarien % 1erainoko ekarpenak Espainiako Gobernuari dagozkion eskumenak urratzen dituela iritzita.
Erkorekak mehatxutzat hartu du iragarpen hori, Estatuko Aurrekontuen lege-proiektuaren negoziazioa mahai gainean dagoela kontuan hartuta.
Bi gobernuak kooperazio batzordean bilduko dira eta sei hilabeteko epea izango dute adostasun batera heltzeko. Akordiorik ez badago, Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalean sartuko du aipatu helegitea.
EFE agentziak Mariano Rajoyren Exekutiboaren iturriak aipatuta zabaldu duenez, errekurtsoa jartzeko prozedura automatikoki abiarazi da, oraingoz behintzat sektore publikoko ordainketak 2017ko Aurrekontuen arabera egiten ari direlako.
Ildo horretan, gogoratu dute negoziatzen diren kasuen % 5ak soilik bukatzen dutela Auzitegi Konstituzionalean.
Horrez gain, Espainiako Gobernuak uste du hau guztia ez dela arazo bat izango Estatuko Aurrekontuak EAJrekin negoziatzeko.
EAJk, baina, sarritan esan du ez dituela Estatuko Aurrekontuak babestuko harik eta Konstituzioaren 155. artikulua Katalunian indarrean mantentzen duten bitartean.
Zure interesekoa izan daiteke
"Gogoak batzeko" deia egin du Sarek presoen aldeko urtarrileko manifestazioa "azkena" izan dadin
Arabak trenbide sektorea berritzeko zentro teknologikoa izango du Laudion
Kataluniara itzultzeko aukera zabaldu dio Puigdemonti Auzitegi Konstituzionalak, bidegabeko erabilera delituari amnistia eman dio eta
Kongresuak behin betiko kendu dio prentsa-akreditazioa Vito Quilesi
Akordio zabalak aipatu bai, baina gero ezezkoa bozkatzea aurpegiratu dio Estebanek Otegiri