ETAk armaz betetako hiru kutxa entregatu ditu Baionan
ETAk armaz betetako hiru kutxa utzi ditu Frantziako agintarien esku Baionan, EFE eta Europa Press agentziek zabaldu dutenez. Arma eta lehergailu horien kokalekuari buruzko koordenatuak jakinarazi ditu ETAk.
Hain zuzen ere, 24 arma labur, munizioa, hari detonatzailea, 500 bat detonatzaile elektroniko, bi tenporizadore, 200 matrikula plaka eta ibilgailuak osteko materiala entregatu du ETAk.
Txetx Etcheverry bakegileak azaldu duenez, ETAk "galduta" zituen eta, beraz, 2017ko apirilaren 8ko armagabetzerako entregatu ezin izan zituen armak eta lehergaiak dira.
Egun hartan, ETAk "kontrolpean zuen armamentu guztia" entregatu zuen, baina "handia ez den kopuru bat" ezin izan zuen Poliziaren esku utzi, "galduta" zuelako.
Etcheverryren hitzetan, ETAko kideek atxilotuak izateko arriskuarengatik ezin izan zituzten arma eta lehergailu guztien kokapena zehaztu orduan.
ETAk Bakegileekin galdutako materiala berreskuratzeko konpromisoa hartu zuela eta dagoeneko hala egin duela ziurtatu du. Orain, Bakegileen bidez, arma eta lehergailu horiek entregatzeko prozesua abiarazi dute, kokalekuari buruzko koordenatuak emanda.
ETAren desegitea
ETAren armagabetzea 2017ko apirilaren 8an gauzatu zen eta erakunde horren behin betiko desegitea irudikatzeko ekitaldia datorren maiatzaren 4an egingo dute Kanbon, Arnaga Jauregian.
Kanboko topaketa Harremanetarako Nazioarteko Taldeak, Foro Sozial Iraunkorrak eta Bake Bidea elkarteak anolatu dute.
Bere behin betiko desegitea gauzatu aurretik, ETAk agiria kaleratu zuen joan den astean, eragindako minari eta neurriz kanpoko sufrimenduari buruzko autokritika eginez. Benetan sentitzen zuela adierazteaz gain, hori guztia ez gertatu izana nahiago zukeela azaldu zuen oharrean. Gainera, berriz ez errepikatzeko konpromisoa berretsi zuen.
Armagabetzearen lehen urteurrena zela eta, 2018ko apirilaren 8an Gara eta Berria egunkarietan argitaratutako agiriaren arabera, "hildakoak, zaurituak, torturatuak, bahituak eta ihes egin behar izan duten pertsonak" izan dituen "gehiegizko sufrimenduaz" aritu zen, eta "min horretan izandako ardura" onartu zuen ETAk, "inoiz halakorik ez zelako gertatu behar, ezta denboran luzatu ere".
ETAren desegitea armagabetu eta urtebetera iritsiko da, eta jarduera armatua behin betiko alde batera utzi eta zazpi urtera.
Zure interesekoa izan daiteke
Zapaterok epaileari jakinarazi dio bere bulegoan aurkitutako bitxiak Saudi Arabiako erregeak oparitu zizkiola 2007an
PPk ez du baztertzen EAJ eta PSErekin zerga erreforma adostea
Sanchezek erantzunak eta neurriak eskatu dizkio Marokori, Ceutan muga-kontrolak huts egin zuelako
"Gogoak batzeko" deia egin du Sarek, presoen aldeko urtarrileko manifestazioa "azkena" izan dadin
Arabak trenbide sektorea berritzeko zentro teknologikoa izango du Laudion
Kataluniara itzultzeko aukera zabaldu dio Puigdemonti Auzitegi Konstituzionalak, bidegabeko erabilera delituari amnistia eman dio eta
Kongresuak behin betiko kendu dio prentsa-akreditazioa Vito Quilesi
Akordio zabalak aipatu bai, baina gero ezezkoa bozkatzea aurpegiratu dio Estebanek Otegiri