Sanchezen Gobernua
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Espainian gobernu sozialista izateak Euskadiri on egiten diola nabarmendu du PSE-EEk

Halaber, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak PSE-EEk luzatutako agenda 'bere egitea' baloratu du.
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia Gipuzkoan. Irudia: EiTB
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia Gipuzkoan. Irudia: EiTB

Eneko Andueza PSE-EEko Gipuzkoako idazkari nagusiak nabarmendu duenez, "Espainian eta gainerako erakundeetan sozialistek gobernatzen dutenean, Euskadiri bereziki ondo doakio". Halaber, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak PSE-EEk luzatutako agenda "bere egitea" baloratu du.

Hernaniko elkarte sozialistan egindako adierazpenetan, buruzagi sozialistak esan du Rajoyren Gobernuak iraganean egin dituen politika "atzeragarriei bira berri bat eta norabide aldaketa" eman zaiela, eta hori euskal sozialistei esker izan dela.

Halaber, adierazi duenez, Pedro Sanchezek "bere egin du" euskal sozialistek helarazitako agenda, eta "lehen lerroan" jarri du, "besteak beste, ETAko presoak gerturatzeko gaiarekin" eta "egiteko dauden transferentziak errealitate izateko erantzukizunak hartuz".

Bestalde, Anduezak adierazi du duela astebete Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidentea Gipuzkoara joan zela "Foru Gobernuaren lana goratzeko eta pozik zegoela esateko, gobernu honi esker gipuzkoarren arazo nagusiak historiara pasatu direlako, baita EH Bilduren aurreko gobernuak eragin zuen blokeo iraunkorra ere".

'Garai berria'

"Lan hori aitortzea benetan eskertzen diot, bereziki Gipuzkoako sozialistok izan garelako hiru foru diputatuen irudi, eta geure lurraldean garai berri bat irekitzea ahalbidetu dugulako", esan du.

Anduezaren hitzetan, sozialistak izan dira hondakinen arazo "larria konpondu" dutenak, garraio publikoaren eredu "eraginkorragoa eta eskuragarriagoa" posible egin dutenak, eta Gipuzkoa “erreferente” turistikoa izatea lortu dutenak, "aniztasunak, modernitateak eta kosmopolitismoak" lurraldean egoteko leku “perfektua” izan dezaten.

 

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eusko Jaurlaritzak 1.600 milioi inbertituko ditu 2032ra bitartean Osakidetzako azpiegituretan eta ekipamenduan

Azpiegitura eta Ekipamendu Sanitarioen Programa (2025-2032) “asmo handiko” proiektu gisa aurkeztu du Jaurlaritzak eta helburu du “kalitatea, segurtasuna eta hurbiltasuna” bermatzea osasun-arretan, “bai pazienteak bai osasun-arloko profesionalak ahalik eta ondoen” egon daitezen. Osasun-zentro eta ospitaleak eraiki, handitu edo eraberrituko dira eta ekipamendu eta teknologian inbertsio mardulak egingo dira.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X