Talgoren egoitza soziala eta fiskala Gasteizera itzuli da
Euskal partzuergoak (Sidenor, Finkatuz —Eusko Jaurlaritza— eta Vital) eta Industria Partaidetzarako Espainiako Gobernuaren menpeko sozietate publikoak egin dute horren alde. Halaber, taldearen egoitza soziala eta fiskala Ribabellosara (Araba) itzuliko da.
Ofiziala da. Talgo tren ekoizlearen egoitza soziala eta fiskala Gasteizera (Araba) itzuliko da. Talgoren Administrazio Kontseiluak hartu ditu bi erabakiok, goizeko bileran.
Euskal partzuergoak (Sidenor, Eusko Jaurlaritza, BBK eta Vitalek osatua) eta Industria Partaidetzarako Espainiako Gobernuaren menpeko sozietate publikoak erosketa notario aurrean sinatu osteko lehen bilera egin du asteazken honetan Administrazio Kontseilu berriak.
Joan den ostiralean, abenduak 12, Talgoren akziodunen batzar nagusiak konpainiaren berfinantzaketari, kapitalean IPEG sartzeari eta bono bihurgarriak jaulkitzeari oniritzia eman ondorengo lehen batzarra izan da.
Halaber, asteazken honetan bertan formalizatu da euskal partzuergoak Pegasoren akzioen zati bat erostea (Talgoren % 27,9), eta IPEG akziodun gisa sartzea, batzarrean onartutako kapital-gehikuntzaren ondorioz.
Talgoren akzioak, beraz, honela banatuko dira: % 27,4 Euskal Partzuergoaren esku (Jose Antonio Jainaga % 7,8, Finkatuz % 7,8, BBK % 7,8 eta Vital % 3,9), Pegaso % 9,3, IPEG % 7,8, Torrblas % 5,0, Torreal % 3,2, Autocartera % 0,7 eta gainerakoa free float burtsaren merkatuan.
Bestalde, Administrazio Kontseiluan bi kide sartu dira, Jose Antonio Jainaga Sidenorren presidentea eta Maite Echarri Euskal Partzuergoko ordezkari gisa. Maria Jose Zueco eta Mario Alvarez, berriz, irten egin dira.
Lehen planta, Ribabellosan
Ribabellosan jarri zuten martxan Talgoren lehen planta, 1942 urtean. 700 langile baino gehiago ditu, eta bertan ekoizten dira Talgoren trenen bagoiak.
Egun, Talgo da Renferen abiadura handiko trenen hornitzaile nagusia, eta Saudi Arabiako Haramain trenbiderako albiadura handiko trenen proiektuaren hornitzailea ere bada.