PSNk EH Bilduri ezarritako betoak Navarra Sumari egin dio mesede
PSNk, bere botoa Navarra Sumarentzat edo EH Bildurentzat erabakigarria zen kasuetan, ez du horietako inoren aldeko botorik eman eta bere burua bozkatu du hainbat udaletan. Ondorioz, ordezkari gehien zituzten alderdien eskuetan geratu dira udal asko, gehiengo sinplearekin.
Horixe izan da joera nagusia Nafarroako udalen osaketan. Kasu askotan gehiengo osoak edo itunak eginda zeuden arren, udalerri garrantzitsu batzuetan zalantzazkoa zen emaitza.
Azken kasu horietan PSNren botoa erabakigarria zen udal gobernua alde batera edo bestera eramateko, eta gehienetan bere burua bozkatu du. Ondorioz, Navarra Sumaren esku geratu dira Lizarrako, Barañaingo, Burlatako eta Eguesibarreko alkatetzak, besteak beste, baina hautagaitza independenteen alde egin du Azkoienen eta Beriainen.
Bestalde, EH Bilduk alkatetza batzuk lortu ditu lauko gobernuko kide ohien babesari esker, hala nola Tafallan edo Antsoainen.
Ezusteko botoak ere izan dira, izan ere, Huarteko PSNren zinegotzi bakarra alkate izendatu dute Navarra Sumaren eta GIHren botoekin, EH Bilduk agintaldia errepikatzea galarazteko.
Gaur arratsaldean Iruñean egingo den osoko bilkuraren zain (hor ere erabakigarria izango da PSNren jarrera), Nafarroako udal gehienetan goizean osatu dituzte udalbatzak, eta arreta berezia piztu dute gehiengo osoa lortzeko itunak beharrezkoak ziren herrietan.
Barañainen, 21 zinegotzietako 8 dituen Navarra Sumako Maria Lecumberri alkate izango da, PSNko bostek hautagai sozialistari eman diotelako botoa, eta Oihane Indakoetxea EH Bildukoak (5) ez du nahikoa izan Geroa Bairekin (2) eta Podemosekin (1) gehiengo osora iristeko.
Bestalde, Eguesibar Navarra Sumaren esku geratuko da, eta Amaia Larraya izango da alkate, boto gehien jaso zituen zerrendaren buru zelako, inork ez baitu gehiengo osorik lortu Navarra Sumak 9 zinegotzi, Geroa Biak 4, PSNk 3, EH Bilduk 3, eta Podemosek eta Ezkerrak bakarra duten Udalean.
Lizarran, EH Bilduren legegintzaldiaren ostean, Alkatetza Navarra Sumak hartu du, Gonzalo Fuentesek hain zuzen. Zerrenda bozkatuena izan zen Fuentesena (17 zinegotzitako 7), eta EH Bilduk (6) eta Geroa Baik (1) PSNren (3) babesa behar zuten botereari eusteko.
Ana Gongorak (Navarra Suma) ere gutxiengoan aginduko du Burlatan. 5 zinegotzi ditu, baina EH Bilduk (4), Burlata Aldatzenek (2), Podemosek (1) eta Geroa Baik (1) ez zuten gehiengo osoa lortzen PSNren (4) babesik gabe.
Tafallan EH Bilduk jarraituko du Alkatetzan, baina oraingoan Jesus Arrizubieta izango da alkate, bere bost zinegotzien, Iniciativa por Tafallaren bien, eta Ezkerraren eta Geroa Bairen banaren babesarekin. Navarra Sumak 5 zinegotzi ditu, eta PSNk, hiru.
Antsoainen Ander Oroz EH Bildukoa izango da alkate zerrenda bozkatuena izan zelako (6 zinegotzi). Podemosek (2) eta Geroa Baik (1) koalizio abertzaleari eman diote botoa, eta PSNk (6) eta Navarra Sumak (2) euren burua bozkatu dute.
Zizur Nagusian, Jon Gondanek (Gero Bai) jarraituko du Alkatetzan EH Bildurekin eta AS Zizurrekin lotutako akordioari esker, gehiengo osoa baitute.
Berriozarren, Raul Maiza (EH Bildu) alkate izango da beste lau urtez. Koalizioko 8 zinegotzien babesa izan du, eta Navarra Sumak (4) eta PSNk (4) euren burua bozkatu dute; eta Ezkerrak, boto zuria.
Atarrabian Mikel Oteiza EH Bilduko alkateak karguan jarraituko du, zerrenda bozkatuena izan zelako, zeren Navarra Sumak (4), PSNk (2) eta Ezkerrak (1) euren burua bozkatu dute, eta Geroa Baik (3) boto zuria.
Huarten ezustekoa izan da. Amparo Lopez PSNren zinegotzi bakarrak Alkatetza eskuratu du GIH independenteen (4) eta Navarra Sumaren (2) babesarekin, EH Bilduri bidea oztopatzeko emandako botoekin.
Azkoienen ere erabakigarria izan da PSNren (1) botoa, baina Juan Carlos Castillo plataforma independenteko alkategaiaren alde kasu honetan, Navarra Sumarekin berdinduta baitzegoen zinegotzi kopuruan.
Oliten ere Alkatetzan jarraituko du Agrupemos Olite plataformak, baina Maite Garbayo alkate berriarekin. Lau ordezkari ditu Udalbatzan, Navarra Sumak bezalaxe, eta PSN abstenitu egin denez, zerrenda bozkatuenaren esku geratu da Alkatetza.
Vianan Yolanda Gonzalezek (PSN) jarraituko du alkate, bere alderdiko hiru zinegotzien, Geroa Bairen (1), Cambiemos Vianaren (1) eta EH Bilduren (1) babesarekin. Azken horren babesagatik kritika gogorra egin dio Navarra Sumak (5).
PSNtik azaldu dutenez, EH Bilduk "ezer adostu gabe" eman dio botoa. Andosillan ere gauza bera gertatu da, eta bertan PSNk (5) lortu du Alkatetza EH Bilduk boto bat eman diolako, Navarra Sumak ere bost zinegotzi baititu.
Gaur interesgunerik ez zegoen Tuteran, Nafarroako bigarren hiri jendetsuenean, Alejandro Toquero Navarra Sumakoak gehiengo osoa duelako.
Altsasun ere ezin zen ezustekorik gertatu, Javier Ollo Geroa Baiko alkateak ere gehiengo osoa baitzuen; Noainen Navarra Sumak bezalaxe.
Aoizen EH Bildurenak dira Udalbatzako hamaika zinegotziak, eta zuzenean bere eskuetan geratu da Alkatetza. Gauza bera gertatu da Arakilen, Arbizun, Beran, Donezteben, Etxarri Aranatzen, Irurtzunen, Leitzan eta Lesakan.
Egoera berean, PSNk duela 20 egun, hauteskunde egunean, lortu zituen Milagroko, Murchantgeko, Carcarreko, Arguedaseko, San Adrianeko eta Cabanillaseko alkatetzak, besteak beste.
Navarra Sumak ere maiatzaren 26tik ditu Cascanteko, Zizurreko, Cintruenigoko, Azagrako, Cadreitako, Villafrancako eta Fustiñanako udalak bere esku.
Hauteskunde egunean bertan erabakitako gainerako ia 150 alkatetzak tokian tokiko plataformentzat izan dira, tartean Arangurenen, Artaxoan eta Lodosan.
Zure interesekoa izan daiteke
Polizia gehiegikerien legea erreformatzeko eskatu du Egiari Zor elkarteak, biktima bakar bat ere "baztertuta" gera ez dadin
Epez kanpo izapidetzeagatik ezetsi zituzten 500 onarpen-eskaera helarazi dizkio fundazioak Eusko Jaurlaritzari.
Hitz gogorrak izan dituzte Feijook eta Patxi Lopezek Kongresuan
PPko buruak PSOEren bozeramailearen aita aipatu du oholtzan, eta hark erantzun dio alderdiaren sortzailea "torturatu eta erbesteratu zuen diktadurako gobernuaren" parte zela.
Begoña Gomezek pasaportea eman du epaitegian, epaileak eskatuta
Epaileak kautelazko neurri gisa kendu dio, bere aurkako ahozko epaiketa ireki baitu, lau delitu posiblerengatik, negozioetako ustelkeria barne.
EAJk eta EH Bilduk akordioa lortu dute enplegu publikoaren legearen erreforma aurrera ateratzeko
EH Bilduk abstentzioa emango du bihar, osteguna, Legebiltzarrean. Modu horretara, EAJk bultzatutako legearen aldaketa onartzea ahalbidetuko du. Horrez gainera, hiru urteko epean, legearen aplikazioari eta eraginkortasunari jarraipen bateratua egitea ere adostu dute bi taldeek.
Feijook hauteskundeak deitzeko eskatu dio beste behin Sanchezi: "Zu zara ustelen arteko lotura politikoa"
Euren agerraldietan, EH Bildu eta EAJ kritiko agertu dira Espainiako Gobernuarekin, eta legealdiari zentzua emateko eskatu diote Pedro Sanchez presidenteari.
Sanchezen esanetan, ustelak ezin dira zigorgabe geratu, "edonor izanda ere"
Espainiako Gobernuko presidenteak errespetua agertu du asteazken honetan Auzitegi Gorenak Jose Luis Abalos ministro ohiaren aurka emandako epaiari, eta ziurtatu du "inoiz ez" zuela izan Gobernuko eta alderdiko zenbait kideri eragiten dieten praktika ustelen berri, eta jakin izan balu, ez lituzkeela onartuko.
Moncloak azpimarratu du batzuek "huts egin" diotela Sanchezi eta ez duela dimisioa eman beharrik
Astelehen honetan, Alberto Nuñez Feijoo PPko buruzagiak Espainiako Gobernuko presidentearen dimisioa eskatu zuen berriro ere, Auzitegi Gorenak Abalosi 24 urteko kartzela-zigorra ezarri ostean.
Froga batzuen abal judiziala egiaztatzen ez bada, kasua baliogabea izatea planteatu du Zapaterok
Espainiako Gobernuko presidente ohiak hainbat idatzi igorri dizkio epaileari, Plus Ultra airelinearen erreskatearen inguruko eraginen trafikoko sare baten ustezko buruzagi moduan ikertu gisa deklaratu ostean.
Pradales: "Asko dago egiteko; bide orriak euskal agendan sakontzea dakar"
Lehendakariak agintaldiaren lehen erdiaren balantzea egin du Ajuria Enean, ekitaldi instituzional batean. Bere hitzaldian, Euskadin lantzen den egonkortasuna nabarmendu du, "oso ezegonkorra" den testuinguru globalean aurrerapena, ongizatea eta autogobernua bermatzeko faktore erabakigarri gisa.
Sanchezek 6.200 milioi euroko inbertsioa iragarri du dependentziaren alorrean
Neurriak 1,6 milioi pertsonari eragingo die, eta diru-laguntzak handitzea ekarriko du. Dekretu bidez onartuko du Espainiako Gobernuak.