Foru Gobernuaren plan linguistikoak gelditzea baztertu du Nafarroako Parlamentuak
Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak baztertu egin du Foru Gobernuaren plan linguistikoak geldiaraztea eskatuz Navarra Sumak aurkeztutako mozioa. Zehazki, Gobernuaren baitako Departamentuetako eta bere organismo publikoetako planak atzera botatzea eskatzen zen. Navarra Sumaren beste mozio bat, aldiz, onartu egin dute, eta, ondorioz, Ganberak eskatu dio Gobernuari Espainiako erregeak gonbidatzeko Vianako Printzearen sari-banaketara.
Navarra Suma ez beste alderdi guztiek (PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra) aurka bozkatu dute.
Carlos Perez-Nievas Navarra Sumako legebiltzarkideak Nafarroako Gobernuaren plan linguistikoak "berehala gelditzea" galdegin du, diskriminatzailea dela eta funtzio publikorako sarbiderako aukera berdintasuna urratzen dela argudiatuta. "Proportzio falta" dagoelakoan, "bidegabekeria" hau konpontzea eskatu dio Maria Chivite presidenteari.
PSNren izenean hitz egin duen Inmaculada Jurio legebiltzarkideak ukatu egin du sozialistek Nafarroa euskaldundu nahi dutela. "Akordio programatikoaren baitan jokatuko dugu. Euskarari konplexurik gabe egiten dio erreferentzia eta eroso sentitzen gara, eta beti Lorafna legearen eta Euskara Legearen barruan mantenduko gara", gaineratu du.
Jabi Arakama Geroa Baiko ordezkariak ziurtatu duenez, "Nafarroako eskuinak euskara erabili du enegarren aldiz". Euskara egunerokoan erabiltzen duten nafarren datuak soilik ematea aurpegiratu dio eskuinari (% 6,6), tarteka euskaraz aritzen diren nafarrak ahaztuta. "Administrazioaren betebeharra da hiritarren eskubide linguistikoak bermatzea", nabarmendu du.
Bakartxo Ruiz EH Bilduko legebiltzarkideak ohartarazi duenez, ez dute euskararen alorrean iragan legegintzaldian eman ziren "pauso garrantzitsuetan" inolako "atzerapausorik" ematea onartuko. Dena dela, egiturazko pausoak emateko ez zirela gai izan onartu du, eta zonifikazioa eta euskararen lege berria jarri ditu adibide gisa.
Podemos-Ahal Duguko Ainhoa Aznarezek, bere aldetik, hiritarrek administrazioarekiko harremanetarako erabili nahi duten hizkuntza aukeratzeko duten eskubidea defendatu du. Gaineratu duenez, gaur egun indarrean dagoen araudia sindikatuekin negoziatu zuten eta Nafarroako Kontseiluak eta Erregimen Lokaleko Foru Batzordeak babestu zuen.
Navarra Sumak mozio honekin zer lortu nahi izan duen galdetu du Marisa de Simon Izquierda-Ezkerrako bozeramaileak. Azaldu duenez, "euskararen erabilerari buruzko dekretuak adostasun zabala izan zuen eta orain lanpostu bakoitzaren hizkuntza-eskakizunak zehaztea falta da. Funtzionariko bakar batek ere ez du bere lanpostua galduko".
Nafarroako Parlamentuak eskatu du Gobernuak Espainiako erregeak gonbidatzeko sari kulturaletara
Plan linguistikoen gaineko mozioarekin ez bezala, Ganberak onartu egin Navarra Sumaren beste mozio bat, alegia, Espainiako erregeak Foru Gobernuak antolatutako protokolozko ekitaldietara gonbidatzearen gaineko mozioa; osoko bilkurak erabaki du Espainiako erregeak eta Asturiaseko eta Vianako printzesak ekitaldi horietara gonbidatzea, batez ere Vianako Printzearen sari kulturalen banaketara.
Mozioak Navarra Sumaren aldeko botoak jaso ditu; PSN eta Geroa Bai abstenitu dira; eta Podemosek, EH Bilduk eta Izquierda-Ezkerrak kontrako botoa eman dute.
Iñaki Iriarte Navarra Sumako diputatuak, mozioaren alde egin duenean, azaldu du Leireko monasterioan egiten den sari-banaketa hori, Nafarroako erregeentzako omenaldiarekin eta Estatuko ordezkaritza handienarekin, "garrantzi handikoa da, sinbolikoki", eta "Nafarroa berezko erkidego gisa ikustarazten laguntzen du".
Hortaz, esan du, Nafarroako aurreko Gobernua (Geroa Bai zuen buru) hori dena "desmuntatzen" saiatu zela, banaketaren egoitza aldatuz eta errege-etxea gonbidatzeari utziz.
Ramon Alzorriz PSNko bozeramaileak lasaitasuna eskatu die Navarra Sumako ordezkariei; izan ere, “Espainiako erregeak Nafarroara etorriko dira”. Adierazi ere adierazi du kontu hau "Gobernuari erasotzeko" erabiltzen dela (PSNk du presidentetza).
Senatari autonomiko berriak Gorte berriak osatuta hartuko du kargua bere gain
Gainera, Foru Erkidegotik irten gabe, Nafarroako Parlamentuak aukeratutako senatari autonomiko berriak azaroaren 10eko hauteskundeen osteko Gorte berriak osatu eta gero hartu beharko du kargua bere gain.
Ostegun honetan amaitu da hautagaitzak aurkezteko epea, eta hiru hautagai daude: Navarra Suma taldeko Arancha Arias (20 aulki), Geroa Baiko Koldo Martinez (9), eta Izquierda-Ezkerrako Iñaki Bernal (1).
Parlamentuko Mahaiak, datorren astelehenean edo hurrengoan, hautagaiak aldarrikatuko ditu ofizialki, eta hautagai autonomikoa hautatzeko osoko bilkuraren data zehaztuko du. Ez da egingo irailaren 26ª baino lehen.
Gorteak, baina, irailaren 24an desegingo dira; ondorioz, hautatutako senatariak ezin izan du kargua bere gain hartu Senatu berria osatu arte. Horretarako epea dago abenduaren 5era arte, Nafarroako Parlamentuak jakinarazi duenez.
Nafarroako senatari autonomikoaren kargua ekainaren 19tik dago bete gabe, hau da, Parlamentu Berria osatu zen egunetik; izan ere, egun hartan utzi zuen kargua Idoya Villanuevak. 2015eko irailaren 17an hautatu zuten Villanueva, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemosen eta I-Eren aldeko botoekin.
Navarra Sumako hautagaiak bere taldeko 20 botoak izango ditu, eta Martinezek ere kopuru hori bera du (Geroa Bairen bederatziak, eta PSNren hamaikak, bi alderdien arteko akordiaren ostean); beraz, erabakigarria izango da Podemosen jarrera. Podemosek bi parlamentari ditu, eta Nafarroako Gobernuan parte hartzen du, Geroa Bairekin eta PSNrekin, baina orain arte ez du ezer aurreratu, eta bakarrik eskatu du "koherentzia eta ardura, indar progresistak ordezkatzeko moduko senatari bat" aukeratzeko.
Zure interesekoa izan daiteke
Ceutako migrazio krisiaren aurretik alertak jaso zituen ala ez galdetu dio epaileak Guardia Zibilari
Iustitia Europak jarritako salaketaren ondorioz abiarazi ditu izapideak Auzitegi Nazionalak, eta bizi direnen eta hildakoen kokapenari buruzko informazioa eskatu du.
Melgosa: "Estatuaren lehen betebeharra da adingabeak familiekin itzultzeko bideak agortzea"
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Eskubideetako sailburuak nabarmendu du ez zaiola "zentzuzkoa iruditzen lehen erantzuna (Espainiako Gobernuarena) adingabe horiek (Ceutan daudenak) beren familietatik urrun, milaka kilometrotara, eramatea".
Grande-Marlaska eta Robles kargugabetzea eskatu du Telladok: "Ceutan gertatu den guztiaren erantzuleak dira"
Miguel Tellado Alderdi Popularraren idazkari nagusiak, Gasteiztik, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroa eta Margarita Robles Defentsa ministroa kargugabetzea eskatu du, Ceutako migrazio krisiaren aurrean ez dutelako "ezer egin".
Gizon bat atxilotu dute, Bilbon Cake Minuesaren kontrako derrigortze eta gorroto delituak egitea egotzita
Okdiario hedabideko kazetaria Mundialeko finalaren egunean Bilbon egiten ari ziren euskal selekzioaren aldeko manifestazio batean zegoen.
Ceutan sartu ziren 72.000 pertsonetatik 70.000 Marokora itzuli direla ziurtatu du Marlaskak
Migrazio-krisi honetan hiri autonomora iritsi diren adingabeei premiazko arreta emateko, Espainiako Gobernuak 25 milioi euroko partida gehigarri bat bideratuko du Ceutara.
Zapaterok errekurritu egin du haren kontuak eta haren gertukoenak ikertzeko epaileak emandako agindua
Espainiako Gobernuko presidente ohiaren defentsak ohartarazi duenez, banku-kontuak ikertzeko baimen "orokor" batek "ikerketa prospektibo" bati bide eman diezaioke.
Espainiako inteligentzia zerbitzuek ez zuten Ceutako krisiaz ohartarazi, Gobernuaren arabera
Elma Sainz bozeramaileak adierazi du CNIk ez zuela horren gaineko txostenik egin.
Etxebarriak defendatu du Gasteizko Udala izan zela diskoteketako atezainen legea indartzeko eskatzen aurrena
Kerman Villate gaztearen gurasoek egindako adierazpenen ondoren, Maider Etxeberria Gasteizko alkateak ez du barne ikerketaren inguruan ezer esan. Soilik esan du Udalak "berehala" erantzun zuela, Eusko Jaurlaritzari diskoteketako segurtasun-langileen gaineko araudia indartzeko eskatuz, eta heriotza ez zela "inoiz gertatu behar izan" gaineratu du.
Hondartzetan mobilizazioa egin dute atzera ere Sarek eta Etxeratek, ETAko preso guztiak etxera itzultzea aldarrikatzeko
Ehunka pertsona bildu dira Bizkaiko eta Gipuzkoako 11 hareatzetan, oraindik ere erregimen itxian dauden presoei espetxe politika arrunta aplikatzea eskatzeko.
"Muga zabalik", "Haraga Ceuta": horrela hauspotu zuten sare sozialek Ceutako sarrera masiboa
Sare sozialek berebiziko garrantzia izan zuten milaka gazte Ceutan sartzera animatzeko orduan.