Konstituzionalak ebatzi du Espainiako banderari eraso egitea delitua dela
Auzitegi Konstituzionaleko Osoko Bilkura bitan zatitu da, baina azkenean onartu egin du boto bateko aldearekin Espainiako banderari egindako erasoak delitua direla eta ez daudela adierazpen askatasunaren babesean.
Berme auzitegiko iturriek aurreratu dute Pablo Fragosok aurkeztutako babes helegitearen aurkako ebazpena. Galiziako sindikalistak Espainiako "bandera puta" erretzeko deia egin zuen Ferrolen egindako manifestazio batean, 2014an.
Aldeko sei botorekin eta kontrako bostekin, polemika ekarriko duen ebazpena eman du auzitegiak. Izan ere, duela bi aste, auzitegiak Andres Ollero kontserbadorearen testu bat atzera bota zuen, sindikalistaren absoluzioa proposatzen zuena, eta orduan Antonio Narvaezen esku utzi zuten testua idaztea, eta azken proposamen horretan kontrakoa jaso dute, Espainiako bandera erretzeko eskatzea delitua dela, alegia.
2014ko urriaren 30ean izan zen gertakaria, bandera altxatzeko militarrek Ferrolen egin zuten ekitaldi batean. Ekitaldiarekin batera, hainbat pertsonak elkarretaratzea egin zuten militarren instalazioetako garbiketa zerbitzuetako langileen eskubideak defendatzeko, eta Fragoso sindikalistak megafonotik "su eman behar zaio bandera puta horri" oihukatu zuen.
Horren aurrean, Ferroleko auzitegiak 1.260 euroko isuna jarri zion banderaren aurkako delitua egotzita, eta A Coruñako Probintzia Auzitegiak berretsi egin zuen zigorra.
Fragosok ukatu egin du hori esan izana, eta buruzagi militar baten "asmakizuna" dela defendatu du beti.
Zure interesekoa izan daiteke
Ehunka lagun bildu dira Bilbon, terrorismoa egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak aske uztea eskatzeko
Aske: "Gure helburua ez da istiluak egotea, Aratz eta Malenen kontrako kanpaina mediatikoari aurre egitea baizik"