Foro Sozialak kezka agertu du eztabaida politikoan nagusi den "giro suminduagatik"
Foro Sozial Iraunkorra kezkatuta agertu da "bizi dugun eztabaida politikoan nagusi den giro suminduagatik". Hori dela eta, herritarren laguntzarekin, "elkarrizketan oinarritutako agertoki berri bat" eraikitzeko beharra azpimarratu du.
"Aieteko Konferentziatik bederatzi urte igarota, tentsioak muga guztiak gainditu ditu", nabarmendu du Fernando Armendariz foro horretako ordezkariak. Horregatik, eragile instituzionalen, alderdi politikoen, sindikatuen eta herritarren laguntza beharrezkotzat jo du Nafarroan elkarbizitza demokratikoa eraiki ahal izateko. Horretarako konpromisoa erakutsi du, baita, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak.
Gaurko agerraldian, Armendarizek esan du oso argi dutela egungo legealdiak bizikidetza demokratikoa eraikitzeko baldintzak betetzen dituela.
"Eragile sozial, instituzional, akademiko, politiko eta sindikalak bat gatoz horretan. Horretarako, uste dugu badagoela tarte politiko, instituzional eta sozial bat, akordio berriak lortzeko bidean eta askatu beharreko korapiloei aurre egiteko orduan", zehaztu du.
Helburu gisa, diskriminazioarekin bukatzea eta biktima guztiei dagozkien eskubideak bermatzea, salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzea eta memoria kritiko inklusiboa eratzea lehenetsi du.
Armendarizen iritziz, hiru korapilo horiek deseginda posible litzateke bizikidetza demokratikoa eraikitzeko oinarriak sustatzea.
Ildo horretan, "garrantzia du, adibidez, Bizikidetzaren Plan Estrategikoa abiatzeak, erronka horiei erantzun ahal izateko", bukatu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Astelehen honetan egingo dira Bilbon, Donostian eta Gasteizen hauteskunde-mahaietan nor egongo den aukeratzeko zozketak
Ehunka lagun bildu dira Bilbon, terrorismoa egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak aske uztea eskatzeko
Aske: "Gure helburua ez da istiluak egotea, Aratz eta Malenen kontrako kanpaina mediatikoari aurre egitea baizik"