Aitortzaren eta erreparazioaren zain, 40 urtez
40 urte bete dira gaur Joxe Arregi zizurkildarra Polizia Nazionalak egindako torturen ondorioz hil zela. ETAko kide izatea egotzita atxilotu zuten, eta bederatzi egun luze igaro zituen inkomunikatuta Estatuko Segurtasun Zuzendaritza Nagusiaren egoitzan, Madrilen. Bere azken orduak baina, Carabancheleko espetxeko erietxean igaro zituen. Han hil zen. Ubeldurak eta erredurak zituen gorputzean. "Oso latza izan da", izan ziren hil aurretik kartzelan kide bati esan zizkion azken hitzak. Ordutik, Torturaren Aurkako Eguna da otsailaren 13a Euskal Herrian.
Francoren diktaduraren ondorengo urteak ziren, eta Arregiren hilketak sutan jarri zituen kaleak: manifestazioak eta protestak deitu zituzten nonahi. Torturatuta hil zen susmoa gorpua Zizurkilera iritsi zenean baieztatu zen. Hilkutxa ez zabaltzeko agindua jaso zuen familiak, baina zigilua kendu eta zabaltzea erabaki ondoren, torturen arrasto nabarmenak ikusi zituzten. Hilerrian gorpuari egindako hainbat argazki prentsan argitaratu ziren, eta gizartea are gehiago asaldatu zen.
Gertatutakoa argitzeko egin zen epaiketan, inkomunikazio aldian Arregiren galdeketan parte hartu zuten 72 poliziatik bi zigortu zituzten, Antonio Gil Rubiales eta Julian Marin Rios; lau eta bost hilabete arteko espetxe zigorra ezarri zieten, baina Felipe Gonzalez sozialistaren Gobernuak berehala indultatu zituen. Lau hamarkadaren ostean, Arregi ez dute biktimatzat aitortu, ez Eusko Jaurlaritzak, ezta Espainiako Gobernuak ere.
Gertatutakoaz eta ondorenaz hitz egin du Euskadi Irratian Maribi Arregik, Joxeren arrebak. Denbora asko igaro den arren, orduko irudiak buruan iltzatuta ditu. "Oso mingarria da. 40 urte igaro dira, baina, halere, ez zaizkigu ahazten hark pasatu zituenak eta egin zizkiotenak", esan du.

Joxe Arregiren gorpuari Zizurkilgo hilerrian egindako argazkietako bat.
Torturen egileak "inolako zigorrik gabe" geratu izanak lehendik zuten "mina eta amorrua areagotu" egin zizkiela aitortu du: "Lotsagarria izan zen. Hor daukat amorru hori barruan, eta ezin dut atera".
Joxe Arregiren izena ez da biktimen zerrenda ofizialetan ageri, baina haren arrebak ez du itxaropena galdu nahi. Espainiatik aitortzarik ez dela etorriko uste badu ere, Eusko Jaurlaritzak "zerbait" egitea ez du baztertzen. Modu batera edo bestera, dagoeneko "ez da justiziarik egingo", horren ustez, baina anaiari zer egin zioten jasota geratzeak barrena lasaituko lioke.
Ekitaldiak, Zizurkilen eta Bilbon
Egiari Zor fundazioak deituta, ekitaldi bana egingo da gaur Zizurkilen eta Bilbon. Torturaren biktima guztien "aitortza eta erreparazioa" exijituko dute, eta erakundeei gai hau "bere osotasunean" aztertzeko deia egingo diete. "Milaka pertsonak pairatu dute torturaren gaitza, baina, oraindik, ez du arduradun batek ere zintzotasun ariketarik egin egindako kaltea aitortuz", esan du Ainara Esteran aipatu fundazioko kideak. Zizurkilgo ekitaldia 12:00etan izango da, Joxe Arregi plazan, eta, Bilbokoa, berriz, 11:00etan hasiko da, EHUko Bizkaia Aretoan; Alfonso Sastreren "Zutoin beltza" obraren irakurketa dramatizatua estreinatuko dute.
Esteranen hizetan, "bide luzea dago egiteko torturaren ondorioen inguruan". "Arregiren heriotzak, argi utzi zuen, Franco hil ondoren ez zela demokrazia iritsi Espainiara, eta diktatura garaian ohikoak eta sistematikoak ziren tortura praktikek indarrean jarraitu zutela", gaineratu du. Erantzukizunik ez, arduradunik ez eta inpunitatea nagusi. Horrela azaldu du tortura kasu bakoitzaren inguruan urtetan marraztu izan den agertokia: "Eskubideak urratu dituzten pertsonek, alderdiek eta erakundeek, oraindik, beren erantzukizunak beren gain hartzeke dituzte".
Txikiak izan arren, aurrerapaso batzuk eman direla aitortu du Egiari Zor fundazioko kideak, eta "torturen ukazioa" hein batean "garaitu" egin dela nabarmendu du. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzak aginduta, EHUko Kriminologiako Euskal Institutuak Euskadiko tortura kasuei buruz egindako txostena azpimarratu du. "Ikerketak negazionismo hori garaitzeko balio izan du, zalantzarik gabe", Esteranen esanetan.
Ikerketak eta txostenak baina, ibilbidearen hasiera direla gehitu du. Hortik abiatuta, "gertatutakoa ez errepikatzeko bermeak ezartzearekin batera, aitortza eta erreparazioa beharrezkoak dira". Horregatik, fundazioak aurera begira dituen erronken artean, "aitortza eta erreparazio lege-esparru integral eta parekidea" eratzea, "memoriari buruzko politika publikoetan tortura kasuei lekua" egitea, "torturak Euskal Herrian izan duen eragina" argitara ateratzea eta "tortura kasu guztiak argitzea" zehaztu ditu.
Euskal Autonomia Erkidegoan gutxienez 4.113 tortura kasu izan dira 1960 eta 2014 urteen artean. Hala jasotzen du tortura eta tratu txarrei buruz Eusko Jaurlaritzak agindutako txostenak. Kasuak, baina, askoz gehiago izan daitezkeela ohartarazi zuten ikerketaren zuzendariek, Paco Etxeberria auzitegi medikuak eta Laura Pego Kriminologia Institutuko zuzendariak.
Guardia Zibila 1.792 tortura kasutan dago nahasita, Espainiako Polizia 1.785 kasutan, eta Ertzaintza 336tan.
Zure interesekoa izan daiteke
Garaikoetxearen lagun eta kolaboratzaileek goraipatu egin dituzte haren gizatasuna eta ausardia
Ondare handia utzi du Garaikoetxeak, eta bere gertuko lagun eta kolaboratzaileek askotariko mezuak zabaldu dituzte haren lana goraipatzeko. Esaterako, Pedro Luis Uriartek, harekin Ekonomia sailburu izan zenak, azpimarratu du zulo beltzean zegoen herria berpizteko ausardia izan zuela, eta euskaldunok “oso eskertuta” egon beharko genukeela.
Eusko Jaurlaritzak hiru dolu-egun ezarri ditu
Dolu-aldia astelehen honetan hasi da eta asteazkenean amaituko da. Gorpua bihar, asteartea, Iruñeko beilatoki batean egongo da, eta asteazkenean Ajuria Enean jarriko dute hil-kapera.
Garaikoetxea "garai zailetan ezina ekinez gainditu" zuen liderra izan zela nabarmendu du Pradalesek
Mezu batean, lehendakariak eskerrak eman dizkio bere herriari onena emateagatik: "Eskerrik asko maite zenuen herriaren eta askatasunaren alde onena emateagatik. Ez dizugu hutsik egingo".
Euskal politikariek eta gizarteak Carlos Garaikoetxeari esker ona adierazi diote
Frankismoaren ondorengo lehen lehendakaria euskal gizarteak maite eta miretsi zuen pertsona izan zen. Sareak esker on eta omenaldi mezuz bete dira albistea zabaldu bezain pronto.
Garaikoetxea, euskal autogobernuaren oinarriak ezarri zituen lehendakaria
Trantsizioan ezinbesteko papera izan zuen politikaria, bere ardura nagusietako bat izan zen euskal erakundeen egitura marraztu eta eraikitzea. EAJrekin izandako desadostasunek eraman zuten Eusko Alkartasuna sortzera.
Abalos ez dator bat UCOk leporatzen dizkion "justifikatu gabeko" 94.000 euroekin: "Ez didate ezer aurkituko"
Ministro ohiak akusatu gisa deklaratu du Auzitegi Gorenean, eta aholkulari ohiaren izendapena defendatu du, bere "leialtasunagatik".
Carlos Garaikoetxea hil da, frankismoaren ondorengo lehen lehendakaria
Politikari nafarra, Eusko Alkartasunaren sortzailea, 87 urterekin zendu da bihotzeko baten ondorioz. Iruñean hil da gaur, maiatzaren 4an.
Borja Semper PPren batzorde nazionalera itzuli da, minbizia gainditu ondoren
Semper politikaren lehen lerrora itzuli da, hamar hilabeteko etenaldiaren ostean.
Ekain Rico (PSE): "EAJk ke-pantailak sortu ditu; bat, Estatutu berriarekin, eta bestea, fotomuntaketarekin"
Buruzagi sozialistak "hiperbentilazioaz" eta "gehiegizko antzezpenaz" hitz egin du jeltzaleen jarrera kritikatzeko orduan.
Otxandianok azpimarratu du EAJren eta PSE-EEren arteko talka ez dela "oso eraikitzailea" eta Jaurlaritzaren egonkortasuna zalantzan jarri du
Pello Otxandianoren ustez, Eusko Jaurlaritzako bi kideen arteko liskarrek "jendea urrunarazten dute" eta epe luzerako proiektu bat eskaintzeko gai direnik zalantzan jarri du.