PSOEko Ander Gil, Senatuko presidente berria
Ander Gil, orain arte PSOEk Senatuan izan duen bozeramailea bera, Senatuko presidente hautatu dute astelehen honetan, bigarren bozketan. Gilek Pilar Llop Espainiako Justizia ministro berria ordezkatuko du, eta Goi Ganberak 1978tik duen hamabigarren presidente bilakatu da.
Gilek 132 aldeko boto eskuratu ditu bigarren bozketan (gehiengo soila behar da horretan), eta, beraz, une honetatik aurrera, Senatuko Presidentetza hartuko du bere gain.
Ezohiko osoko bilkura batean aukeratu dute, bozketa telematiko eta sekretua baliatuz. Hasiera batean, saioaren xedea zen Pilar Llop presidente gisa berrestea, kontuan izanik Madrilgo Asanbleak berriro hautatu du senatari izendapen automatikoan; baina azkenean, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak larunbatean iragarritako birmoldaketaren ostean, Estatuko laugarren agintariaren kargua bete gabe geratu zen, eta Ander Gilek hartu du.
PSOEk Gil babestu nahi izan du, eta, hortaz, Adriana Lastra egungo idazkariorde nagusia bertan izan da, bozketaren emaitza eman dutenean.
2017tik izan da bozeramailea Senatuan
Ander Gil Burgosen lortu zuen senatari-akta. Hamar urte daramatza Goi Ganberan, 2011tik, eta 2017tik Talde Sozialistaren bozeramailea da.
1974ko otsailaren 9an jaio zen, Barakaldon, eta Lehen Hezkuntzako maisua da. Mena Haraneko Udalean hasi zen politikari gisa, eta 2011n ekin zion senatari izateari.
Kargua bere gain hartuta, hitzaldia egin du, eta "indarkeriazko diskurtsoak" arbuiatu ditu; esan duenez, horiek "indarkeriazko ekitaldien aurrekoak dira". Halaber, Samuelen hileta salatu du: "Berriro gerta ez daitekeen basakeria da", nabarmendu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Gaur egingo dira Bilbon, Donostian eta Gasteizen hauteskunde-mahaietan nor egongo den aukeratzeko zozketak
Ehunka lagun bildu dira Bilbon, terrorismoa egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak aske uztea eskatzeko
Aske: "Gure helburua ez da istiluak egotea, Aratz eta Malenen kontrako kanpaina mediatikoari aurre egitea baizik"