Kataluniako ikastetxeetan ikasgaien % 25a gazteleraz eskaini beharra dagoela berretsi du Auzitegi Gorenak
Kataluniako ikastetxeetan gutxienez irakasgaien % 25a gazteleraz eskaini beharra dagoela aginduz Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak eman zuen epaiaren aurkako kasazio-helegitea aurkeztu zuen Generalitateak, baina Auzitegi Gorenak errekurtsoa atzera bota du eta, beraz, ebazpen hori irmoa da.
Josep Gonzalez-Cambray Kataluniako Hezkuntza kontseilariak salatu du "hezkuntza sistemaren aurkako erasoa" dela, baina, aldi berean, ziurtatu du ebazpen horrek ez duela aldaketarik eragingo hizkuntza murgiltze ereduan.
Horrenbestez, lasaitasun mezua igorri die ikastetxeei: "Hizkuntzen ikasketa ez da portzentaje kontu bat eta are gutxiago orain, hezkuntza sistema eraldatzen ari garenean".
"Epaile batek ezin du erabaki hizkuntza bat ikasteko beharrezkoa den ordu kopurua zein den; hori ez da normala, hezkuntzako profesionalei mespretxu egiten ari zaie", kritikatu du.
Edonola ere, Kataluniako ikastetxeetan hizkuntzari lotutako gatazkarik ez dagoela azpimarratu du: "2005etik, 80 familiak soilik eskatu dute bere seme-alabak gazteleraz matrikulatzea".