Diputatuen Kongresuak lan erreforma ozta-ozta baliozkotu du PPko diputatu baten hanka-sartzeari esker
Diputatuen Kongresuak onartu egin du Espainiako Gobernuak CEOE patronalarekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin adostutako lan erreforma. Aldeko botoak aurkakoak baino gehiago izan dira, baina ozta-ozta, boto bakarreko aldea izan baita. Alderdi Sozialistak, Unidas Podemosek, Ciudadanosek eta alderdi txikiek (PDeCAT, Mas Pais, Compromis, Nueva Canarias, Coalicion Canaria, Teruel Existe eta PRC) alde bozkatu dute -175 boto, guztira-.
Ezustean Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero UPNko bi diputatuek ezezko botoa eman dute, alderdiko boto-diziplina hautsiz. Hala ere, Alberto Casero PPko ordezkariaren boto telematikoak berdinketa hautsi eta aldeko boza eman du. Antza denez, Aldedi Popularreko diputatuak hanka sartu du bozkatzerakoan. Beraz, aurreikuspenak ez dira guztiz bete.
Cuca Gamarra PPko bozeramaileak azaldu duenez, Extremadurako diputatuak dekretu horren kontrako botoa eman duela telematikoki, baina baiezko moduan zenbatu dutela, ziurtagirian horrela jaso delako. Halaber, akatsaz jabetu denean, diputatua Kongresura joan dela, baina Ganberan sartzea galarazi diotela erantsi du.
Ordu batzuk geroago, Pablo Casado PPko buruzagiak gaur gauean iragarri du bere alderdiak lan-erreformaren bozketaren aurkako helegite bana aurkeztuko duela Kongresuko Mahaiaren eta Auzitegi Konstituzionalaren aurrean.
PSNk ez zuen Iruñeko alkate Enrique Maya gaitzetsiko UPNko bi alderdikideek lan erreforma babestearen truke, baina Adanerok eta Sayasek ez dute alderdi erregionalistaren agindua obeditu.
Ondorioz, Iruñeko zinegotzi sozialistek Enrique Maya gaitzesteko mozioaren alde egingo dute.
Aurka bozkatu dute PPk, Voxek, ERCk, EAJk, EH Bilduk, BNGk, CUPek, Foro Asturiasek, UPNk eta orain Talde Mistoan dagoen Pablo Cambronero Ciudadanoseko diputatu ohiak. Ezetzaren blokeak 174 boto bildu ditu.
Batetek indargabetzea iragarri du lehendabizi, baina segundo batzuk geroago zuzenketa egin du
Hasiera batean, Meritxel Batet Kongresuko presidenteak esan du erreforma indargabetu dutela, eta PPko diputatuak txaloka hasi dira Voxeko ordezkariekin batera.
Segundo batzuk beranduago, aldiz, Ganberako zerbitzu juridikoek aldeko botoak aurkako bozak baino gehiago zirela argi utzi diote, diputatuek erreforma baliozkotu dutela iragarriz. PSOEko eta Unidas Podemoseko ordezkariek antzeko erreakzioa izan dute orduan.
Eztabaida bozketa baino lehen
Ezusteko emaitza Gobernuak beharrezko botoak zituela ziurtzat jotzen zen eztabaidaren ostean iritsi da. Koalizio Exekutiboaren babesen aldaketak bereganatu du arreta; izan ere, Ciudadanosek aldeko botoa eman behar zuen, eta EAJ, ERC eta EH Bildu ohiko bazkideek kontrako boza.
"Edukiak eztabaidatu dituzue, eztabaidan serioak izan zarete eta eskerrak ematen dizuet", esan die Yolanda Diaz presidenteordeak EAJko diputatuei.
Gabriel Rufianek (ERC), ostera, Gobernuari lan erreformarekin "iruzur egitea" egotzi dio. Negoziazio prozesu bat beharrean "presio" prozesu bat aurrera eramatea leporatu dio.
Rufianen hitzetan, gaurko botoarekin "ez da mundua bukatzen" eta bihar "hitz egiten jarraituko" dute, "alternatibaren oso kontziente direlako".
Ildo beretik, "patronalari ehunka milaka pertsona gehiago ordezkatzen ditugun indarrei baino balio eta botere handiagoa ematen zaionean ez goaz batere ondo", ohartarazi du Oskar Matute EH Bilduko diputatuak.
Hala ere, bihartik aurrera ezkerreko esparrua berriz saretzeko lanean jarraituko dutela ziurtatu du Matutek.
Azkenik, Aitor Esteban EAJko ordezkariaren ahotan, Espainiako Gobernuak elkarrizketa sozialeko akordioan jarri du arreta "Parlamentua bazterrean utzita".
Are gehiago, patronalaren betoa sistema demokratikoari egindako "xantaia" izan dela esan du jeltzaleak, Kongresuan erreformaren "koma bat" ukitzen baldin bazen akordiotik ateratzeko mehatxu egin baitzuen.
Modu horretan, hautsi egin da Pedro Sanchezen inbestidura ahalbidetu zuen gehiengoa; Gobernuak legealdi osoan erabilitako eredua, hain zuzen ere. Ekuazio horretan, baina, Ciudadanos alderdia sartu da, orain arte "ezezkoaren" blokean egon bada ere.
Negoziazio kolektiboa, kontratazioa eta kaleratzeak saihesteko mekanismoak dira Gobernuak eragile sozialekin adostutako akordioaren ardatz nagusiak.
Idoia Mendia sozialistak zuzendutako Lan eta Enplegu Sailak uste du lan marko berriak kalitatezko enpleguan aurrera egiteko bidea sendotzen duela. Erreformak "bereziki langile zaurgarrienei" lagunduko die, azpimarratu du.
Lan erreformaren aurrean Euskal Herria "konfrontazio, borroka eta grebarekin blindatzea" aldarrikatu du LAB sindikatuak. Sindikatu abertzalearen hitzetan, "Madrilen ez dago zereginik", sindikatuek eta ezkerreko alderdiek PPren "erreforma atzerakoia berretsi dutelako".
UGT sindikatuak, ostera, lan erreformaren onarpena ospatu du, "sen onaren garaipena delako". Hala ere, "puntu eta jarrai" egin eta etorkizunean kaleratzeak garestitzea eskatu du.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak adierazi duenez, "Espainia osoaren garaipena da, gure herriko langile eta enpresa guztien garaipena".
Yolanda Diaz Lan ministro eta bigarren presidenteordeak "Alderdi Popularraren lan erreforma kaskarrari agur" esan dio. "Oso pozik" agertu da bozketaren ostean. "Prekarietatetik eta behin-behinekotasunetik aldentzen gara, lan harremanak berdintasunean eta eskubide gehiagorekin eraikitzeko. Posible egin duzuen guztiei eskerrik asko!", adierazi du sare sozialetan.
"Aurkako botoa eman dutenek bizkarra zergatik eman dioten azaldu beharko dute", esan du Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak.
Elkarrizketa soziala "errespetatzea" aintzat hartu du CEOE Espainiako patronalak. "Akordioak atzerrira begira ziurtasuna emango du, eta Espainian konfiantzari laguntzen dio", azpimarratu du patronalak.
Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiaren ahotan, erreformarekin "jendeak irabaziko" du. Sindikatuko buruzagiak aurreratu duenez, "hurrengo koskaren" bila joango dira orain, negoziazioan zintzilik geratu ziren gaiei erreferentzia eginez.
Pilar Garrido Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusiak EAJ eta EH Bildu kritikatu ditu. "Ona aitortu duten" testuaren aurkako botoa zergatik eman duten azaltzea eskatu die.
Zure interesekoa izan daiteke
"Kontrolez kanpo dagoen merkatuan" esku hartzea beharrezkotzat jo du Otxandianok
Euskal Herrian dagoen arazorik larriena eta herritarren kezka nagusia etxebizitza dela nabarmendu du EH Bilduk, eta kritikatu du Jaurlaritzak ez duela egoerak eskatzen duen etxebizitza politikarik ezarri.
Ubarretxenak azpimarratu du "aurrerapausoak" eman direla aireportuen gaineko negoziazioan
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak eskatu du Euskadik parte hartu ahal izan beharko lukeela 13.000 milioi euroko inbertsioak bideratuko dituen dokumentuan, eta tasei eta estrategiari buruz erabakitzeko ahalmena ere bai.
Alba Garcia: "Harrigarria iruditzen zait EH Bilduk horren arin jotzea euskal eskuinarengana"
Gabriel Rufianek proposatutako ezkerreko aliantzari buruz galdetuta, Alba Garcia Sumarren koordinatzaile nagusiak adierazi du EH Bilduk argi utzi duela hauteskunde-aliantza bat egitekotan EAJrekin elkartuko litzatekeela.
Diez Antxustegi, EAJk PSE-EErekin duen harremanaz: "Politikan ez gaude elkarrekin errietan ibiltzeko; ni ez naiz horrelako borroketan sartuko"
Joseba Diez Antxustegi EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak Euskadi Irratiko mikrofonoen aurrean esan du, oro har, egunerokoan PSE-EErekin harremana ona dela. "Egunen batean gustatzen ez zaigun zerbait entzun behar badugu, ba onartu egin beharko dugu, baina gu ez gaude hemen horretarako".
Aireportuetan 13.000 milioi euroko inbertsioa ekarriko duen Aenaren egitasmoan parte hartzen ahaleginduko da Jaurlaritza
Ubarretxenak defendatu du Euskadiko hiru aireportuen inguruko plan estrategikoan Jaurlaritzak zer esana izan behar duela.
Espazio publikoetan burka eta niqab-a debekatzeko Voxen lege proposamenaren alde bozkatuko du PPk
Abascalen alderdiak bultzatutako ekimena astearte honetan eztabaidatuko dute Diputatuen Kongresuan.
Ertzaintzaren aurkako pintaketa gehiago agertu dira Amurrion
Esan sindikatuak gertatutakoa salatu du, eta ertzainei heriotza opatzea "euskal polizien aurkako indarkeria legitimatzen duen mezua" dela adierazi du. Hala, "berehalako eta ñabardurarik gabeko" gaitzespen publikoa eskatu die indar politiko guztiei.
Ubarretxenak astelehen honetan ekingo dio aireportuen eskumena Euskadira eskualdatzeko negoziazioari
Ubarretxenak defendatu du Euskadiko hiru aireportuen inguruko plan estrategikoan Jaurlaritzak zer esana izan behar duela.
Matute (Rufiani ezetz esan ostean): "Beti defendatu dugu ekintza politikoaren batasuna"
EH Bilduk Espainiako Kongresuan duen bozeramailearen ondokoak "ekintza politikoaren batasuna" eta "ekintza elektoralaren batasuna" bereizi ditu, eta esan du "beti" babestuko dutela lehenengoa, eta "eskuin-muturra boterera ez iristeko hainbat ekimen" bultzatzeko konpromisoa hartu dutela.
Berrarmatze nuklearra "apustu arriskutsua" dela esan die Sanchezek NATOko kideei
Municheko Segurtasun Konferentzian egindako hitzaldian, "elkartasunaren, enpatiaren eta lankidetzaren balioetan inbertitzearen alde" egin du Espainiako Gobernuko presidenteak.