Martinez-Almeidak PPren Espainiako bozeramaile izateari utzi nahi dio eta ez da zuzendaritzaren bilerara joan
Jose Luis Martinez-Almeida Madrilgo alkateak Espainiako PPren bozeramaile izateari utzi nahi dio, Udaleko lanetan buru-belarri aritzeko, eta ez da PPren zuzendaritza-batzordeak gaur deitu duen bilerara joan.
Pablo Casado PPko presidentearen eta Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidentearen artean zabaldutako krisia aztertzeko deitu du PPren zuzendaritza-batzordeak gaurko batzarra.
Madrilgo alkatearen gertuko iturriek Europa Press albiste-agentziari azaldu diotenez, astearte honetan Madrilgo udaletxean egingo den osoko bilkura "oso garrantzitsua" prestatzen ari da buru-belarri, eta horregatik ez da bilerara joan.
Gaur goizean ezagutu den beste albistea da Jose Luis Martinez-Almeidak Espainiako PPren bozeramaile izateari utzi nahi diola. Dena dela, Almeidaren gertukoen esanetan, "oraindik ez dago ezer ofizialik".
Antza denez, Martinez-Almeida zuzendaritzarekin hitz egiten ari da bere irteera adosteko.