Espetxe Zaintzako Epaitegiak hirugarren gradua kendu die bi euskal presori barkamena eskatu ez dutelako
Joan den maiatzaren 18an, Eusko Jaurlaritzak hirugarren gradua eman zien Gorka Martinez Ahedo eta Iñaki Bilbao Gaubeka ETAko presoei, baina, orain, Espetxe Zaintzako Epaitegiak baimen hori kendu die, biktimei barkamena eskatu ez dietela argudiatuta.
Albiste-agentziek jakinarazi dutenez, Jose Luis Castro epaileak onartu egin du Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak aurkeztutako helegitea, eta, ondorioz, bi presoak bigarren graduan egongo dira berriz ere.
Castrok bere ebazpenetan esaten du biktimei barkamena eskatzea ezinbestekoa dela espetxe-onurak eskuratzeko.
Gauzak horrela, urratu egin du duela gutxi Auzitegi Nazionaleko Zigor-arloko lehen sekzioak emandako irizpidea. Jose Ricardo de Prada magistratua buru duen salak ebatzi zuen barkamena eskatzea ez dela baldintza legal bat preso bati baimen bat emateko.