Koldo Mediavilla: "Diskurtsoaz haratago, Osakidetzako sindikatuek oso gaizki daramate negoziatzearena"
Koldo Mediavilla EAJko Euskadi Buru Batzarreko arduradun instituzionalak sindikatuen jarrera kritikatu du, joan den larunbateko manifestazio masiboen ostean, eta gatazka bideratze aldera, asteazkenean Osakidetzarekin egin zen bilerara ez joateagatik.
Mediavilla Radio Euskadiko "Boulevard" saioan elkarrizketatu dute ostegun goizean eta esan du diskurtsoaz gain, sindikatuek ez dutela negoziatu nahi. "Sinestezina da sindikatuek, Osasunarekin eta Jaurlaritzarekin negoziazio bat aldarrikatzen denboratxo bat daramaten horiek, mahaian eseri ziren lehen aldian planto egin izana. Diskurtsoaz haratago, Osakidetzako sindikatuek oso gaizki daramate negoziatzearena", nabarmendu du.
Bestalde, eta martxoaren 8ko balizko jaiegunari buruz Euskadi Buru Batzarreko arduradun instituzionalak azaldu du EAJk eta PSE-EE hausnarketa prozesu bat irekitzearen alde daudela, "borroka feminista eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra aldarrikatzeko jaiegun egokiena zein den adosteko".
Amaitzeko, Espainiako Gobernuarekin dituzten harremanen inguruan EAJko kideak adierazi du eguraldiaren pare doala, alegia, bero faltarekin. Hala, gaineratu du badirudiela maiatzeko hauteskunde atarian, Sanchezek bere legegintzaldia amaitutzat eman duela.