Azkoitian EH Bilduk bere hautagaiari emango dio botoa eta EAJren esku jarraituko du Alkatetzak
Askatu da korapiloa Azkoitian ere, eta EAJren esku jarraituko du alkatetzak. EH Bildu koalizioak baieztatu du bere hautagaiari emango diola botoa eguerdian egingo den kargu-hartze ekitaldian. Horrenbestez, Ana Azkoitia alkategai jeltzaleak gutxiengoan agintzeko aukera izango du. Azkoitia Bai herri plataformak izan zezakeen 2023-2027 legealdirako gobernu eraketa aldatzeko giltza, baina bere alkategaiari botoa ematea erabaki du eta ez bi indar nagusietako baten edo bestearen aldeko hautua egitea.
Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetan hirugarren indarra izan zen Azkoitia Bai herri plataforma, 3 zinegotzirekin. EAJk 7 ordezkari lortu zituen, EH Bilduk 6 eta PSE-EEk 1.
EH Bilduk atzo oharra kaleratu zuen, azken egunotan Azkoitia Bairekin izandako hartu-emanen berri jakinarazteko herriari. Bertan zehaztu zuenez, biko gobernua osatzeko proposamena helarazi zioten plataformari, "akordiorako proposamen" batekin, "erantzukizunak" konpartituz. "Jaso dugu erantzuna. Ez dute gurekin akordiorik sinatuko, eta adostasun eta akordio batera iristeko ateak itxi dituzte", azpimarratu du koalizioak.
Zure interesekoa izan daiteke
Ehunka lagun bildu dira Bilbon, terrorismoa egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak aske uztea eskatzeko
Aske: "Gure helburua ez da istiluak egotea, Aratz eta Malenen kontrako kanpaina mediatikoari aurre egitea baizik"