EAJk dio ez duela Feijoo babestuko, eta UPNk hauteskundeak nahiago ditu, "Bilduk babestutako gobernua" baino
Felipe VI.a Espainiako erregeak alderdiekin egin behar duen bilera erronda abiatu du, Zarzuelan Javier Esparza (UPN), Cristina Valido (Coalicion Canaria), Aitor Esteban (EAJ) eta Yolanda Diaz (Sumar) hartuta. Bihar, Santiago Abascal (Vox), Pedro Sanchez (PSOE) eta Alberto Nuñez Feijoo (PP). EH Bilduk, ERCk, Juntsek eta BNGk uko egin diote monarkarekin biltzeari.
Sumarreko burua izan da Zarzuelako bulegoan sartzen azkena. Zita horren osteko agerraldian, Diazek berretsi du bere alderdiak Pedro Sanchez PSOEren presidentegaia babestuko duela, hala herritarren nahaia "errespetatu" egingo delako.
Horren arabera, balizko beste hautagaia, Alberto Nuñez Feijoo (PP), "bakarrik eta bakartuta" dago, eta ezinezkoa du gobernua osatzea.
"Boto-emaileek ez dute gaizki bozkatu, eta ezin zaie behartu beste hauteskunde batzuetara joatera", gaineratu du.
Aitor Esteban jeltzaleen ordezkariak ez du adierazpenik egin erregearekin bildu ostean, baina jakina da EAJk ez duela Feijoo babestuko eta Sanchezen inbestidura negoziatzeko prest dagoela. Hitzorduaren aurretik, SER irrati katean egindako adierazpenetan, diputatua kritiko agertu da kontsulta erronda goizegi deitzeagatik, "balizko gehiengoei buruzko segurtasun eza erabatekoa baita".
Estebanen ustez, erregeak astearte honetan "dena azkartzeko" hautagai bat proposatzeak ez du esan nahi inbestidura "arrakastatsua" izateko aukera gehiago dagoenik; "ziurrenik ez", adierazi du. "Alderdiei presioa egiteko ez bada, ez diot zentzu handirik ikusten", gaineratu du.
Era berean, berretsi du ez dutela Feijooren alde bozkatuko. "Ez dugu bozkatuko Vox beharrezkoa den edozein konbinazio", erantsi du.
Goizean, Esparzak erregeari jakinarazi dio UPNk PPren hautagaiaren alde bozkatuko lukeela Feijooren balizko inbestiduran, hauteskunde-kanpainan esan zuten bezala. "UPN hitzekoa da eta hitza betetzen du", esan du.
Erregearekin bildu ostean emandako prentsaurrekoan, buruzagi erregionalista kezkatuta agertu da "PPren eta PSOEren arteko akordioa ezinezkoa delako, herri honentzat onena izango litzatekeen arren, egonkortasuna eta ziurtasunak emango lituzkeelako". Esparzaren ustez, "amets polita litzateke, baina ametsa da".
Esparzak hautagaia Feijoo izatea defendatu du; izan ere, "hauteskundeak irabazten dituenak inbestidura saiora joateko zilegitasuna du, bere herri proiektua gizarteari planteatzeko, gero babesak lortu ala ez". Nolanahi ere, Felipe VI.aren erabakia errespetatu eta babestuko duela adierazi du.
Voxi dagokionez, UPNko presidenteak azaldu du bere alderdiak ez duela akordiorik eskuin muturreko alderdiarekin, "foru erregimenean sinesten ez duelako eta Nafarroa Espainiako beste diputazio bat izatea nahi duelako".
Bestalde, aukerak hauteskundeak errepikatzea edo "EH Bilduk babestutako Gobernua" osatzea badira, berak berriz bozetara joatea nahiago duela nabarmendu du Esparzak.
Cristina Valido Coalicion Canariako ordezkariak Feijoori babesa emango diola baieztatu dio erregeari, baina, aldi berean, Sanchezen alde bozkatzeko prest agertu da, horrek bere eskaerak betetzeko konpromisoa hartzen badu.
Azaldu duenez, PPren hautagaiak "osorik" babesten du CCren agenda, Kanarietako zenbait azpiegitura eta garraiorako hobariak barne. Vox Gobernuan ez egotea da Feijoori babesa emateko beste baldintza.
Coalicion Canariak gauza bera eskatu dio hautagai sozialistari, aurreko legealdian aurrekontuei emandako babesaren truke adostutako partida guztiak transferitzeaz gain; 200 milioi euro, guztira. "Asko kezkatzen gaitu guk gure hitza bete ostean dirua oraindik heldu ez izanak", esan du.
Erregeak hautagai bat proposatzea edo beste bilera erronda bat egitea erabakiko du
Behin alderdien asmoak ezagututa, Espainiako estatuburuak Gobernuko presidente izateko hautagai bat proposatuko du. Lehendabiziko aldiz, Kongresuko bi talde nagusien buruak (Feijoo eta Sanchez) prest agertu dira inbestiduran aurkezteko.
Lehen errondaren ondoren inor ez proposatzea erabakiko balu, beste bilera sorta bat deitu ahalko du erregeak, egun batzuk geroago.
Estatuburuak proposatutako hautagaia inbestidurara aurkeztuko da. Diputatuen Kongresuan egingo den saioaren data hautagaiak berak eta Mahaiko presidenteak adostuko dute. Lehen bozketan gehiengo absolutua beharko luke. Lortu ezean, beste bozketa bat egingo litzateke 48 ordu geroago, eta gehiengo sinplea beharko luke orduan, aldeko boto gehiago kontrakoak baino.
Halaber, azken bozketa horrek zehaztuko luke hauteskundeak errepikatzeko balizko eguna, hautagaiak presidente izendatzea lortuko ez balu. Inbestidura saioa iraileko lehen hamabostaldian egingo balitz, Eguberri egunaren eta Urteberri egunaren artean egingo lirateke hauteskundeak.
Zure interesekoa izan daiteke
Euskal selekzioaren aldeko mobilizazioak deitu dituzte Mundialeko Finala baino bi ordu lehenago
Elkarretaratzeak 19:00etan izango dira Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, eta igandean balkoietan ikurrinak jartzeko eta euskal selekzioaren kamisetak janzteko ere eskatu dute.
Ezkerreko alderdiek Errepublikaren berrezarpena aldarrikatu eta faxismoa salatu dute Gasteizen
Errepublikako Gobernuaren aurkako estatu kolpearen 90. urteurrenean, EH Bilduk, Ahal Duguk, Ezker Anitzak, Berdeak Equok eta Sumarrek "olatu erreakzionarioaren" aurkako "fronte antifaxista" osatzeko deia egin dute, eta "eskubide sozial, kolektibo eta nazionalak" blindatzeko prozesu "herrikoi eta errepublikarraren" bideari ekitea eskatu dute.
PPk alkategai berdinekin jarraituko du Bilbon, Donostian eta Iruñean eta Iñaki Garcia Calvo estreinatuko da Gasteizen
Alderdi Popularrak datorren urteko maiatzean egingo diren udal hauteskundeetarako hiriburuetarako hautagaitzak ofizial egin ditu gaur Galizian, Santiagon, egindako ekitaldi batean.
Frankismoak hildako 3.700 lagunak eta milaka errepresaliatuak gogoratu dituzte Nafarroako elkarte memorialistek
San Frantzisko plazan egin duten ekitaldian, Ansoleagako Guardia Zibilaren kuartelaren aurrean, loreak jarri dituzte errepresioaren biktimen omenezko plakaren ondoan. Horrez gainera, agintariei eskatu diete eraikin hori oroimenerako leku izenda dezatela.
PSE-EE kritiko azaldu da EAJko eta EH Bilduko alkateek elkarrekin Bergaran egingo duten ekitaldiarekin
Jose Ignacio Asensio PSE-EEren Gipuzkoako idazkari nagusiaren esanetan, beren subiranotasun obsesioaren erakusle izango da ekitaldia. Hala, gizartea zatitzea leporatu die bi alderdiei, eta abertzaleentzako soilik izango den gizarte bat eraiki nahi izatea.
Altxamenduaren ondoren emakumeek jasan zuten jazarpena gogoratu du Ana Ollok
Nafarroako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako kontseilaria Lodosan izan da, 1936ko estatu-kolpearen ondoren fusilatutako 136 pertsonen omenaldian parte hartzen. Iruñearen ondoren, Lodosa izan zen Gerra Zibilean hilketa gehien jasan zituen udalerria.
Lourdes Herrasti eta Paco Etxeberria omendu dituzte, memoria demokratikoa berreskuratzeko egindako lanagatik
Gerra Zibilaren hasieraren 90. urteurrena dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak ekitaldi instituzionala egin du ostiral honetan Aieteko Jauregiaren lorategietan, Giza Eskubideen Etxearen egoitzan.
Negoziatzen ari diren transferentzien inguruko proposamen berriak jaso ditu Jaurlaritzak: Gizarte Segurantza eta portuak
Bi aldeek adostutakoaren arabera, akordioak abuztua baino lehen itxita beharko luke. "Hori da gure epemuga, eta epemuga horrekin lanean ari gara", adierazi du aste honetan Maria Ubarretxena Gasteizko Gobernuko bozeramaileak.
Bingen Zupiria: "Inola ere ez da gure politika inmigrazioa eta segurtasuna nahastea"
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak nabarmendu du bere Sailaren politika “ez dela inola ere immigrazioa eta segurtasuna nahastea”, Arartekoaren azken agiriaren harira. Horrekin batera, adierazi du euskal gizarteak “eskatzen duela legeak eta arauak betetzen ez dituenarekin, izan kanpokoa edo izan hemengoa, gogorrak izatea”. ‘Basque Segurtasun Foroa: Segurtasun Integrala eta komunitatea’ udako ikastaroaren itxieran egin ditu adierazpenak.
12 urtean pantaila handirik ez duela jarri argudiatu du Aburtok eta Etxeberriak finala Plaza Berrian ikusteko gonbita egin du
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak azaldu duenez, Munduko Futbol Txapelketako finala ikusteko pantaila erraldoiak jartzeko eskaera bakarra jaso du Udalak, PPrena, eta onartu egin du. Gasteizko Udalak Plaza Berrian pantaila erraldoia jarriko du eta Maider Etxebarria alkatea Espainiako kamiseta jantzita agertu da kazetarien aurrera eta igandean Plaza Berrira joateko deia egin du.