Hauek dira Sanchezen Gobernu berriko ministroak
Gehiengo osoz Espainiako Gobernuko presidente izendatu ostean, Pedro Sanchezek Gobernu berriaren osaeraren berri eman du astelehen honetan. Zalantzak zalantza, aldaketarik ez egitea erabaki du azkenean: 22 ministerio izango ditu ostera ere, eta horietatik 12 emakumeen esku egongo dira. Besteak beste, Maria Jesus Montero Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroa presidenteorde izendatu du. Nadia Calviño orain laugarren presidenteordea izango denari, Yolanda Díazi eta Teresa Riberari batuko zaie.
Hona hemen Pedro Sanchezen Gobernu berriko 22 ministroen zerrenda
Lehen presidenteordea eta Ekonomia Gaietarako ministroa: Nadia Calviño. Europako Inbertsio Bankuaren (EIB) presidentetzarako hautagai da, eta ebazpena noiz emango zain dago.
Bigarren presidenteordea eta Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroa: Yolanda Diaz. Sumarreko burua Lan eta Gizarte Ekonomiako ministro eta Pedro Sanchez buru duen koalizio-gobernu berriko presidenteorde izango da.
Hirugarren presidenteordea eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministroa: Teresa Ribera. Abokatu sozialista presidentearen konfiantzazko pertsona da, eta 2018tik zuzentzen duen sailean jarraituko du ondorengo lau urteetan ere. Bere lorpen nabarmenetako bat 2019an Madrilen egin zen COP25 goi bilera izan zen.
Laugarren presidenteordea eta Ogasuneko eta Funtzio Publikoko ministroa: Maria Jesus Montero. Sozialista andaluziarrak Sanchezen Gobernuko zutabeetako bat izaten jarraituko du.
Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroa: Angel Víctor Torres. Funtsezko tokia izango du legegintzaldi honetan, talde independentistekin negoziatzeko ardura izango baitu.
Barne ministroa: Fernando Grande-Marlaska. Magistratuak presidentearen konfiantza izaten jarraitzen du, eta beste lau urtez izango da Exekutiboan. Pisu handieneko ministerioetako bat zuzentzen jarraituko du.
Justizia ministroa eta Presidentetza: Felix Bolaños Pedro Sanchezen taldearen oinarrietako bat izango da lau urte gehiagoan, eta, gainera, boterea handituko du. Lehendakaritzako eta Gorteekiko Harremanetarako ministroa izango da, orain arte bezala, baina, horrez gain, Justiziaren ardura ere hartuko du. Funtsezkoa izango da amnistiaren legeak hizpidea emango duen legegintzaldi honetan.
Berdintasun ministroa: Ana Redondo. Ministro berria Zuzenbidean doktorea da Valladolideko Unibertsitatean, eta PSOEko diputatua izan da Gaztela eta Leongo Gorteetan, eta zinegotzia Valladolideko Udalean.
Kanpo Arazoetako, EBko eta Lankidetzako ministroa: Jose Manuel Albares. Sanchezen konfiantzazko gizona da.
Defentsa ministroa: Margarita Robles. Kargua berritu du Roblesek, sozialistak Gobernura iritsi zirenetik baita Defentsa Ministerioaren buru, hau da, 2018tik.
Haur eta Gazteria ministroa: Sira Rigo. Ministerio hori Gizarte Eskubideetakotik kanpo geratuko da, eta Sumarrek zuzenduko dituen bost ministerioetako bat izango da, Lana eta Gizarte Ekonomia (Yolanda Díaz), Kultura (Ernest Urtasun), Osasuna (Monica Garcia) eta Eskubide Sozialak eta Kontsumoa (Pablo Bustinduy) ministerioekin batera.
Etxebizitza eta Hiri Agendako ministroa: Isabel Rodriguez. Rodriguezek Gobernuaren bozeramaile izateari utziko dio, eta Lurralde Politikako Saila ere utziko du, Etxebizitza eta Hiri Agendako funtzio berriak bere gain hartzeko.
Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol ministroa: Pilar Alegria. Gaur egungo Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroak orain arte Kultura Ministerioaren barruan zegoen Kirol Saila bereganatuko du.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroa: Luis Planas. Politikari sozialistak Sanchezen konfiantzari eusten dio, eta oraingoan ere lehorteak eta prezioen gorakadak gogor kolpatutako sektorearentzat irtenbideak bilatzen jarraitzea egokituko zaio.
Industria ministroa: Jordi Hereu. PSCko buruzagien artean tradizio handiko zorroa hartuko du bere gain. Hereuk Hector Gomez kanariarra ordezkatuko du karguan.
Kultura ministroa: Ernest Urtasun. Koalizioaren aro berri honetako Kultura Ministerioa bere gain hartuko du.
Osasun ministroa: Monica Garcia. Mas Madrideko liderra anestesiologoa da lanbidez, eta "marea zuria" deituriko mugimenduko aktibista gisa nabarmendu zen.
Eraldaketa Digitaleko ministroa: Jose Luis Escriva. Escrivak Gizarte Segurantza utzi, eta orain arte Nadia Calviñoren lehen lehendakariordetzan eta Ekonomia Gaietarako Ministerioan sartuta zegoen zorroa hartuko du bere gain.
Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazioetako ministroa: Elma Saiz. Gobernuaren ordezkaria izan zen Nafarroan, eta Maria Chivite sozialista buru duen foru erkidegoko Ekonomia eta Ogasun kontseilaria zen. Ministro berriak Migrazio Politikak ere eramango ditu.
Zientzia eta Unibertsitate ministroa: Diana Morant. Zientzia eta Berrikuntza Sailaren buru izaten jarraituko du, eta horrek, gainera, unibertsitateen funtzioak hartuko ditu bere gain.
Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko ministroa: Oscar Puente. Valladolideko alkate ohiak azpiegitura garrantzitsuak (trenbideetakoak barne) eta mugikortasun iraunkorra dituen zorroa hartuko du bere gain.
Gizate Eskubide, Kontsumo eta 2030 Agendako ministroa: Pablo Bustinduy. Podemoseko buruzagi ohia arduratuko da orain arte Ione Belarrak zuzentzen zuen karguaz. Bere kabineteak Kontsumoko eskumenak bereganatzen ditu hala, aurreko legegintzaldian Alberto Garzon buru zuen ministerio propioa osatzen zutenak.
Zure interesekoa izan daiteke
Sanchezek aurrekontuen aurkezpena baztertu du uneotan, gerrari erantzuteko
Ez du baztertu aurrekontuak aurrerago aurkeztea, horietan lan egingo dutela adierazi baitu, baina argi utzi du ez dela hilabete honetan izango, "politika, bizitza bezala, ez delako aurreikusi daitezkeen planen araberakoa", eta inork ez zuelako Ekialde Hurbileko gerra aurreikusten.
Rufian eta Montero elkarrekin, ezkerraren etorkizunari buruzko ekitaldi publiko batean
Ezkerreko alderdiek ongietorria eman diote apirilaren 9an Bartzelonan izango den ekimenari. Sumarrek eta PSOEk begi onez ikusten dituzte ezkerreko fronte bat eraikitzen lagunduko duten ekintzak eta elkarrizketak.
Espainiako Gobernuak baztertu egin du adostasunik ez duten neurriak krisiaren aurkako planean sartzea
Alokairuko etxebizitzetan bizi direnei nolabaiteko babesa emateko neurriak negoziatzen ari dira oraindik. Dekretua ostiralean onartuko dute Ministroen Kontseiluan eta datorren astean bozkatu Kongresuan.
Bengoetxea: "Euskara defendatzea batzea da, ez baztertzea"
Korrikaren inguruan sortutako polemikaren harira, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak esan du Korrika beti izan dela "euskararen inguruko topagune sozial handia", eta "garrantzitsua" dela "batzen duen espazioa izaten jarraitzea". "Ez da harresi edo lubaki gehiagorik behar. Euskarak zubiak behar ditu", adierazi du.
Etchegarayk ez dio sinesgarritasunik eman Baionan eratu duten ezkerreko aliantzari
Azken 12 urteotan Baionako alkate izan denak hautesle abertzaleei gogorarazi die Etcheto sozialista jakobinoak Euskal Hirigune Elkargoa sortzearen aurka egin zuela.
PSE-EEk ez du Korrikan parte hartuko "CCOOri jarritako betoagatik"
Alderdi sozialistak ohar batean kritikatu duenez, "CCOOren ordezkaritza baztertzea euskarak merezi ez duen intolerantzia adierazpen bat da".
Ezkerreko alderdiek akordioa itxi dute Baionan eta Biarritzen, bigarren itzulira elkarrekin aurkezteko
Lapurdiko hiriburuan, Jean-Claude Iriart abertzalea izango da ezkerreko aliantzaren zerrendaburu, eta helburua da Jean-Rene Etchegaray orain arteko auzapeza kargutik kentzea. Elgarrekin Baionarentzat izena hartuko du zerrenda berriak.
Negoziazioak ezker-eskuin, auzapezak erabaki gabe geratu diren 11 udalerrietan
Baionan, Biarritzen, Hendaian, Kanbon eta beste zazpi udalerritan datorren igandean erabakiko da nork gidatuko duen herriko etxea datozen sei urteotan. Bihar arratsaldeko 18:00ak arteko epea dute zerrendak bateratzeko, hala erabakitzen duten kasuetan.
Abascalek PPri eskatu dio Vox sar dezala Gaztela eta Leongo gobernuan, koalizioa osatzeko
Karguez hitz egin baino lehen neurriak eta bermeak dituen programa bat negoziatzea proposatu du Voxeko buruzagiak, eta PPk presioa egin du Extremaduran eta Aragoin ere akordioak lortzeko.
EAJk eskatu du elektrizitatearen gaineko zerga jaistea eta hainbat sektoretan erregaiaren prezioan hobariak ezartzea
Maribel Vaquero EAJk Kongresuan duen bozeramaileak azaldu duenez, Ekialde Hurbileko gerrak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko 31 neurri jasotzen dituen proposamena bidali dio talde jeltzaleak Pedro Sanchez buru duen koalizio gobernuari.