Ministro berriek karguaren promesa egin dute Felipe VI.a erregearen aurrean
Gobernu berriaren osaera iragarri ostean, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak izendatutako ministroek karguaren promesa egin dute Felipe VI.a erregearen aurrean. Ondoren, aurreko ministroek eta berriek kargua aldatzeko ekitaldiak egingo dituzte ministerio bakoitzean.
Protokolak agintzen duen ekitaldia Zarzuelan egin dute, 09:30etik hasita.
Felix Bolaños Justizia ministroa izan da lehena, arlo horretako arduradunari baitagokio errege notario nagusi gisa aritzea gainerako ministroek karguaren promesa egiten dutenean.
Ondoren, lau presidenteordeen txanda izan da, eta ostean heldu dira ministerioen arduradunen kargu hartzeak. Departamentu bakoitzaren antzinatasuna izan dute irizipide falta ziren ministroen promesarako. Horregatik, Sira Riego izan da azkena.
Duela lau urte gertatu zen bezala, Bibliari eta gurutzeari uko egin diote guztiek, eta gehienek hizkuntza inklusiboa erabili dute "ministros eta ministras" aipatuta.
Elma Saiz nafarrak, Gizarte Segurantzako ministro berriak, Jose Luis Escriva orain arteko ministroaren eskutik jaso du zorroa, modu sinbolikoan, 12:30ean hasi den ekitaldian.
Hona hemen Pedro Sanchezen Gobernu berriko 22 ministroen zerrenda
Lehen presidenteordea eta Ekonomia Gaietarako ministroa: Nadia Calviño. Europako Inbertsio Bankuaren (EIB) presidentetzarako hautagai da, eta ebazpena noiz emango zain dago.
Bigarren presidenteordea eta Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroa: Yolanda Diaz. Sumarreko burua Lan eta Gizarte Ekonomiako ministro eta Pedro Sanchez buru duen koalizio-gobernu berriko presidenteorde izango da.
Hirugarren presidenteordea eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministroa: Teresa Ribera. Abokatu sozialista presidentearen konfiantzazko pertsona da, eta 2018tik zuzentzen duen sailean jarraituko du ondorengo lau urteetan ere. Bere lorpen nabarmenetako bat 2019an Madrilen egin zen COP25 goi bilera izan zen.
Laugarren presidenteordea eta Ogasuneko eta Funtzio Publikoko ministroa: Maria Jesus Montero. Sozialista andaluziarrak Sanchezen Gobernuko zutabeetako bat izaten jarraituko du.
Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroa: Angel Víctor Torres. Funtsezko tokia izango du legegintzaldi honetan, talde independentistekin negoziatzeko ardura izango baitu. Orain arte Isabel Rodriguezen esku zegoen Lurralde Politika eta Felix Bolañosen esku Memoria Demokratikoa.
Barne ministroa: Fernando Grande-Marlaska. Magistratuak presidentearen konfiantza izaten jarraitzen du, eta beste lau urtez izango da Exekutiboan. Pisu handieneko ministerioetako bat zuzentzen jarraituko du.
Justizia ministroa eta Presidentetza: Felix Bolaños Pedro Sanchezen taldearen oinarrietako bat izango da lau urte gehiagoan, eta, gainera, boterea handituko du. Lehendakaritzako eta Gorteekiko Harremanetarako ministroa izango da, orain arte bezala, baina, horrez gain, Justiziaren ardura ere hartuko du. Funtsezkoa izango da amnistiaren legeak hizpidea emango duen legegintzaldi honetan.
Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol ministroa: Pilar Alegria. Gaur egungo Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroak orain arte Kultura Ministerioaren barruan zegoen Kirol Saila bereganatuko du.
Berdintasun ministroa: Ana Redondo. Ministro berria Zuzenbidean doktorea da Valladolideko Unibertsitatean, eta PSOEko diputatua izan da Gaztela eta Leongo Gorteetan, eta zinegotzia Valladolideko Udalean. Irene Montero ordezkatuko du.
Kanpo Arazoetako, EBko eta Lankidetzako ministroa: Jose Manuel Albares. Sanchezen konfiantzazko gizona da eta kargua errepikatuko du.
Defentsa ministroa: Margarita Robles. Karguan jarraituko du Roblesek.
Haur eta Gazteria ministroa: Sira Rigo. Ministerio hori Gizarte Eskubideetakotik kanpo geratuko da, eta Sumarrek zuzenduko dituen bost ministerioetako bat izango da, Lana eta Gizarte Ekonomia (Yolanda Díaz), Kultura (Ernest Urtasun), Osasuna (Monica Garcia) eta Eskubide Sozialak eta Kontsumoa (Pablo Bustinduy) ministerioekin batera.
Etxebizitza eta Hiri Agendako ministroa: Isabel Rodriguez. Rodriguezek Gobernuaren bozeramaile izateari utziko dio, eta Lurralde Politikako Saila ere utziko du, Etxebizitza eta Hiri Agendako funtzio berriak bere gain hartzeko.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroa: Luis Planas. Politikari sozialistak Sanchezen konfiantzari eusten dio, eta oraingoan ere lehorteak eta prezioen gorakadak gogor kolpatutako sektorearentzat irtenbideak bilatzen jarraitzea egokituko zaio.
Industria ministroa: Jordi Hereu. PSCko buruzagien artean tradizio handiko zorroa hartuko du bere gain. Hereuk Hector Gomez kanariarra ordezkatuko du karguan.
Kultura ministroa: Ernest Urtasun. Koalizioaren aro berri honetako Kultura Ministerioa bere gain hartuko du. Miquel Icetaren esku egon da arlo hau orain arte.
Osasun ministroa: Monica Garcia. Mas Madrideko liderra anestesiologoa da lanbidez, eta "marea zuria" deituriko mugimenduko aktibista gisa nabarmendu zen. Jose Miñones ordezkatuko du.
Eraldaketa Digitaleko ministroa: Jose Luis Escriva. Escrivak Gizarte Segurantza utzi, eta orain arte Nadia Calviñoren lehen lehendakariordetzan eta Ekonomia Gaietarako Ministerioan sartuta zegoen zorroa hartuko du bere gain.
Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazioetako ministroa: Elma Saiz. Gobernuaren ordezkaria izan zen Nafarroan, eta Maria Chivite sozialista buru duen foru erkidegoko Ekonomia eta Ogasun kontseilaria zen. Ministro berriak Migrazio Politikak ere eramango ditu. Orain arte Escrivaren Ministerioa izandakoa hartuko du beraz Saizek.
Zientzia eta Unibertsitate ministroa: Diana Morant. Zientzia eta Berrikuntza Sailaren buru izaten jarraituko du, eta horrek, gainera, unibertsitateen funtzioak hartuko ditu bere gain, Joan Subirats ordezkatuz.
Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko ministroa: Oscar Puente. Valladolideko alkate ohiak azpiegitura garrantzitsuak (trenbideetakoak barne) eta mugikortasun iraunkorra dituen zorroa hartuko du bere gain, Raquel Sanchez ordezkatuz.
Gizate Eskubide, Kontsumo eta 2030 Agendako ministroa: Pablo Bustinduy. Podemoseko buruzagi ohia arduratuko da orain arte Ione Belarrak zuzentzen zuen karguaz. Bere kabineteak Kontsumoko eskumenak bereganatzen ditu hala, aurreko legegintzaldian Alberto Garzon buru zuen ministerio propioa osatzen zutenak.
Zure interesekoa izan daiteke
Torres ministroak hainbat ordainketa agindu zituela uste du UCOk, “Koldo Garciak beregan zuen eraginagatik”
Auzitegi Nazionalean Koldo Auzia ikertzen ari den epaileari bidalitako azken txostenean Koldoren eta Torresen arteko hainbat mezu jaso ditu Guardia Zibilak. Ministroaren taldeak, ordea, ukatu egin du deliturik egin zuenik eta haren aurkako “difamazioa” salatu du.
Mazonen dimisioa eta gero, zein da agertokia?
Buruzagi popularrak ez dio uko egingo diputatu-aktari, eta forudun izaten jarraituko du. Ez du iragarri hauteskundeak aurreratuko dituenik, eta haren ordezkoa aukeratzeko epea astelehen honetan bertan zabalduko da, dimisioa formalki aurkeztu eta gero. Azaroaren 19ra arteko epea izango dute taldeek hautagaiak aurkezteko.
Vilaplanak epaileari esan dionez, Mazonen jarrera "lasaia" zen GOIDIaren eguneko bazkarian, eta ez zuen presarik erakutsi
Kazetariak ezin izan dio epaileari bazkariaren eguneko parkineko txartela eman, ziurtatu duenez, ez daukalako. Halaber, Valentziako Generalitateko jarduneko presidentearekin izan zuen lan-bazkarian, hura komunikatuta egon zen eta "mugikorrari adi" zegoen, "telefonoz hitz egiten zuen eta idatzi ere egiten zuen".
Arabak "probintziako aita" titulua kendu die Franco diktadoreari eta Mola jeneralari, Vox ez beste talde guztien babesarekin
Batzar Nagusiek gaur goizean onartu dute 1936an Francisco Franco diktadoreari eta Emilio Mola militar kolpistari Arabako Foru Aldundiak emandako ohorezko izendapenak kentzea, Euskadiko Oroimen Historiko eta Demokratikoaren Legea betez.
Feijoo, Mazonen dimisioari buruz: "Erabaki zuzena da"
Batzorde Betearazle Nazionalean egindako hitzaldi batean, Feijook esan du gaur "ehiza politiko eta pertsonala" jasan duen eta "hiltzaile bat ez den" alderdiko "kide batek" dimisioa aurkeztu duela. "Akatsak egin zituen, bai, barkamena ere eskatu zuen, eta gaur bere gain hartu ditu azken ondorioetara arte", gaineratu du.
Bikitimek gezurretan aritzea leporatu diote Mazoni, eta Gobernuak dio "eskaera bakar bati ere ez" diola ezezkorik eman
Carlos Mazonek Valentziako Generalitateko preseidente kargua utzi izanak berehala eragin du erreakzio- eta erantzun-soka luzea, bai biktimena, bai arlo politikoko eragileena.
Lander Martinez: "2026rako Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu-proiektuan gabeziak ikusten ditugu"
Lander Martinez Kongresuko Sumarren diputatuak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak 2026rako aurkeztutako aurrekontu-proiektua "kontinuista" da. "Hori dela eta, badakigu abiapuntua zaila dela, baina horrek ez du saihestuko negoziazo-mahaian esertzea eta gure proposamenak ekartzea", gaineratu du Martinezek.
Estatuko fiskal nagusiak epaiketan ukatu egin du Ayusoren bikotekideari buruzko informazioa filtratu izana
Alvaro Garcia Ortizen oinarrizko eskubideak urratu direla salatu du Estatuko abokatu nagusiak, tartean, errugabetasun printzipioa. Estatuko fiskal nagusiak 6 urte arteko kartzela-zigor eskaerari eta 12 urteko inhabilitazio eskaerari egin beharko die aurre.
Carlos Mazonen dimisioak utzitako titularrak: "Laguntza nahi genuen, eskatu genuen, eta ez genuen jaso"
Generalitateko presidenteak dimisioa eman du GOIDIak 229 hildako utzi eta urtebetera, susperraldia "ondo bideratuta" dagoela eta Erkidegoak "garai berri bat" behar duela iritzita.
Jose Angel Agirrebengoa Nafarroako EAJren presidente ohia zendu da
Igande honetan hil da, gaixotasun luze baten ondorioz, Napar Buru Batzarraren presidentea ohia.