EAJk irabazi du botoetan, EH Bildurekin 27na eserlekutan berdinduta
EAJk eta EH Bilduk 27na eserleku eskuratu dituzte Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, baina alderdi jeltzalea izan da bozkatuena, 29.000 botoko eta 2,64 puntuko aldearekin. Koalizio subiranistak, bere aldetik, emaitza historikoak lortu ditu, lehen aldiz 300.000 botoen langa gaindituta.
Hauteskunde gauak beste hainbat titular utzi ditu: PSE-EEk eta PPk ere gora egin dute, ezker konfederala desagertzeko zorian izan da (Sumarrek baino ez du lortu ordezkari bat) eta Voxek, aurreikuspen guztien aurka, eutsi egin dio egungo legebiltzarkideari.
Horrenbestez, EAJk eta PSE-EEk egungo koalizio gobernuari eutsi ahalko liokete, gehiengo osoarekin, eta horrek Imanol Pradales jeltzalea bihurtuko luke lehendakari. Halaber, emaitzek paradoxa bat marraztu dute Legebiltzarrean: inoizko abertzaleena izango da (jeltzaleek eta koalizio subiranistak 4 eserlekutik 3 bereganatu dituzte), independentziaren eztabaida politikaren lehen lerrotik ia desagertu bada ere.
Oro har, zenbaketa tentsio handikoa izan da, buelta ugari izan ditu, eta bi indar nagusiak azken minutura arte lehiatu dira garaipena erdiesteko. Eta kontuan hartu behar da atzerrian bizi direnen botoak zenbatu gabe daudela oraindik. Hain zuzen ere, ostiralean egingo dute.
Testuinguru horretan, EAJ izan da lehen indarra, 2020an baino 20.500 boto gehiago lortuta. Dena dela, jeltzaleek 4 eserleku eta 4 puntu galdu dituzte, parte-hartzea hazi egin baita (% 62,52koa izan da azkenean), botoen % 35,20 jasota.
EH Bilduk, bere aldetik, duela lau urte baino 90.000 boto eta 6 legebiltzarkide gehiago izan ditu. Orotara, % 32,52ko babesa eskuratu du, eta, gainera, bozkatuena izan da Araban eta Gipuzkoan.
PSE-EEk eta PPk ere gora egin dute: sozialistek 12 ordezkari eskuratu dituzte (+2), botoen % 14,23 jasota, eta popularrek, 7 (+1), botoen % 9,20 eskuratuta.
Bestalde, ezker konfederalak garesti ordaindu du zatiketa; izan ere, Sumarrek baino ez du lortu ordezkaritza (eserleku bat), eta Elkarrekin Podemos esku hutsik geratu da. Azken hauteskundeetan, 6 legebitzarkide izan zituzten elkarrekin.
Aipatzekoa da Sumarrek Araban erdietsi duela ordezkaria, eta, horregatik, Alba Garcia lehendakarigaiak ez duela parlamentari akta lortu.
Azkenik, eta aurreikuspen guztien kontra, Voxek eutsi egin dio egun duen legebiltzarkideari.
ARABA
EH Bilduk lehen aldiz irabazi du Araban hauteskunde autonomikoetan. Hain zuzen ere, koalizio subiranistak 8 legebiltzarkide eskuratu ditu, 2020an baino 2 gehiago.
Bigarren lekuan, EAJk bi parlamentari galdu ditu, 7ra arte.
PSE-EEk hirugarren lekuan jarraitzen du, eta atxiki egin ditu bere 4 ordezkarian. Hori bai, PP gertu geratu da, eta 3 eserleku izatetik 4 izatera pasatu da.
Lurralde honetan, Sumarrek EAE osoko legebiltzarkide bakarra lortu du, eta Voxek eutsi egin dio egun duenari.
Aitzitik, Elkarrekin Podemosek ez du ordezkaritzarik lortu.
BIZKAIA
EAJk eutsi egin dio bere lidergoari Bizkaian, baina eserleku bat galduta (11 izango ditu).
Bestalde, EH Bilduk 8 parlamentari erdietsi ditu, 2 gehiago; PSE-EE 3 ordezkaritik 4ra igo da, eta PPk mantendu egin ditu egungo 2ak.
Azkenik, Sumarrek eta Elkarrekin Podemosek galdu egin dute koalizioan zuten ordezkaria.
GIPUZKOA
EH Bildu izan da bozkatuena lurraldean, botoen % 40 gaindituta, eta egun baino 2 ordezkari gehiago batuta, 11.
EAJ izan da bigarren indarra, legebiltzarkide 1 galduta; 9 izango ditu.
PSE-EEk eserleku bat egin du gora, 3, eta PPk eutsi egin dio egungoari.
Sumarrek eta Elkarrekin Podemosek ez dute eserlekurik lortu.
Zure interesekoa izan daiteke
Podemos, IU eta Sumar koalizioan aurkeztuko dira Andaluziako hauteskundeetara
Alderdi progresistek Por Andalucía koalizioan aurkezteko akordioa lortu dute, Iniciativa del Pueblo Andaluz, Alternativa Republicana, Partido Verde eta Alianza Verde alderdiekin batera.
Milaka gazte independentista bildu dira Abadiñoko Gazte Topagunean
Gaurtik igandera bitartean, mahai inguruak eta kontzertuak izango dira ekitaldi nabarmenenak. Amaiur Egurrola Ernaiko bozeramaileak esan du "Euskal Herrian ditugun erronken aurrean gazteok dugun paperaz gogoeta egiteko" balioko duela topaguneak eta ondo pasatzeko deia egin die parte-hartzaile guztiei.
Otegik dio estatus berriaren inguruan akordioa badago, jauzi kualitatiboa emateko izango dela
(Naiz-ek utzitako irudiak). Arnaldo Otegik dio ezin duela ziurtatu estatus berriaren inguruan akordioa egongo denik jeltzale, sozialista eta beraien artean, baina egotekotan urrats kualitatibo bat emateko izango dela. Halaber, EH Bilduk gero eta boto gehiago jasotzen dituen alderdia dela nabarmendu du, eta ziurtatu du denbora kontua dela agintera iristea.
'Aberria bizi' lelopean ospatuko du EAJk Aberri Eguna igandean, Bilbon, "garena aldarrikatzeko"
"Euskadi lurralde bat edo izen bat baino gehiago izatea" eskatu dute jeltzaleek, nazioarteko ordena kolokan dagoen testuinguruan, "aberri bizia garela eta egunero bizi dugula aldarrikatzeko".
Pradalesek euskara hutsean esku hartu du Parisko Senatuan, euskal autogobernua aldarrikatzeko
Lehendakariak goi-mailako bilera batean parte hartu du Frantziako Senatuan, Regions de Francek antolatuta, Frantziako eskualdeetako ordezkarien aurrean, lurralde-ereduari eta eskualdeek Europan duten zereginari buruz eztabaidatzeko. Bertan, autonomia finantzarioa defendatu du, ardatz atlantikoa indartzearen alde egin du eta euskal eredua aurkeztu du Europako desafekzio politikoaren eta ultraeskuinaren gorakadaren galga gisa.
Zergatik ospatzen da Aberri Eguna? Jatorria, non eta Irlandan… eta Sizilian
Lehen Aberri Egunaren atarian argitaratutako Jesus Zabala buruzagi jeltzalearen artikulu batek data hautatzeko arrazoiak jaso zituen. Mikel Aizpuru historialariak ospakizunaren jatorria aztertu du.
Manuel Hernaez Ruidiaz milizianoaren gorpuzkiak identifikatu dituzte Zornotzako hilerrian
Matutekoa (Errioxa) jaiotzez, Bilboko bizilaguna zen eta Izquierda Republicanako Zabalbide batailoian borrokatu zuen Gerra Zibilean. Haren 91 urteko alabak emandako DNA laginari esker lortu da identifikazioa.
Baxoa euskaraz egiteko aldarrikapena Asanblea Nazionalera eraman dute Seaskako ikasleek
Peio Dufau eta Paul Molac diputatuek gonbidatuta, entzunaldi batean parte hartu dute euskal ikasleek Bretainiakoekin batera.
Lemoako alkatearen aurkako pintadak gaitzetsi ditu Udalak, eta, mehatxuen aurrean, "elkarrizketaren eta bizikidetzaren alde" egin du
Udal taldeek "elkarbizitzarekin, errespetuarekin eta parte-hartze demokratikoarekin" duten konpromisoa berretsi dute, eta "Lemoaren izaera ireki eta pluralaren alde" egin dute, "herri gisa" batzen gaituzten "balio komunitarioak indartzeko".
Maria Ubarretxena: "Aenako funts pribatuaren interesekin zerikusi gutxi dute gure eskakizunek, guk zerbitzu publikoaren alde egin nahi dugu"
Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin egindako akordioari Aenak jarritako helgitearen aurrean, Gobernu-bozeramaileak esan du ulertu egiten duela "beste aldearen jarrera"; izan ere, Aenaren % 51 Estatuarena bada ere, gainerako partean (% 49) funts pribatuak daude, eta horiek etekinak nahi dituzte. Azpimarratu duenez, euskal aireportuetarako inbertsioak azpiegiturak hobetzera eta "hegaldi eta konexio gehiago lortzera" bideratu nahi lituzke Jaurlaritzak, eta ez funts pribatu horiei etekin handiagoak ekarriko lizkeketeen kafetegi eta dendetara.