Albiste da
EEE-a Tubos Reunidosen |
Eguraldi ezegonkorra |
Iraungitako txertoak |
KONGRESUA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

EAJk babestu egingo du Gonzalez Venezuelako presidente hautatu gisa aitortzea eskatzen duen PPren ekimena

Hala, Alderdi Popularraren ekimenak aurrera egingo du ziurrenik, EAJren, Voxen, UPNren eta Coalicion Canariaren botoak batuta. Denera, 177 aldeko boto. Eztabaida gaur egingo bada ere, bihar izango da bozketa.
Aitor Esteban (EAJ), artxiboko irudi batean.
Aitor Esteban (EAJ), artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

EAJk babestu egingo du Edmundo Gonzalez Urrutia Venezuelako presidente hautatu gisa aitortzea eskatzen duen PPren legez besteko proposamena, Espainiako Diputatuen Kongresuan.

Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak aurreratu du albistea, goizean hedabideen aurrean egindako adierazpenetan. Esan duenez,  jeltzaleak "demokraziaren alde" eta "diktaduraren kontra" egongo dira beti, eta "Maduro diktadorea da". "Errepresio itzela da Venezuelan bizi dutena. Zortzi milioi herritarrek alde egin behar izan dute herrialdetik", erantsi du.

Gauzak horrela, Alderdi Popularraren ekimenak ziurrenik aurrera egingo du, EAJren, Voxen, UPNren eta Coalicion Canariaren botoak batuta. Denera, 177 aldeko boto bilduko lituzkete popularrek. Eztabaida gaur egingo bada ere, bihar izango da bozketa.

Kongresuko prentsa-aretoan egindako agerraldian, Estebanek aitortu du popularren testua ez dela eurek "idatziko luketena". "Ez dakit zelan jokatuko duen PPk. Egia esan, gauza batzuk beste era batera azalduko genituzke guk, baina botoa emateko orduan ez gaude zehaztapenetarako. Nire hitzaldian saiatuko naiz zehazten", erantsi du.

Halaber, azaldu du halako ekimenak "askotan" ez direla "helburu bezala" erabiltzen, "elkar jipoitzeko tresna modura" baizik, "alderdi handien artean". "Hori ez da ona ez demokraziarentzat, ezta Venezuelarentzat ere".  Zentzu horretan, PPri eskatu dio arratsaldeko saioan "alderdi barrura begirako diskurtsoak" alde batera uzteko.

Buruzagi jeltzalearentzat, "argi dago" Venezuelan nork irabazi zuen. "Azkeneko aktek erakusten dutenez, falta diren boto-paper guztiak Maduroren aldekoak izanda ere, ezingo luke irabazi", adierazi du.

Jose Manuel Albares Espainiako Gobernuko Atzerri Gaietarako ministroaren jarrera "ulertzen" duela ere esan du, Gonzalez presidente gisa aitortzeak "Espainia egiten ari den bitartekaritza lana oztopatu" dezakeelako. Venezuelako oposizioburuari asilo politikoa ematea ontzat jo du.

PSOEk PPren testuari egindako zuzenketa aurkeztu du, eta, oraingoz, ez dute edukia zein den jakitera eman.

 

 

Zure interesekoa izan daiteke

Eba Blanco EA Eusko Alkartasuna Ricardo Burutaran
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

EAn primarioak deitzeko eskatuz Maiorga Ramirezek jarritako alegazioa atzera bota du Arabako Probintzia Auzitegiak

Justiziak arrazoia eman dio Eusko Alkartasunari eta hortaz ez du hauteskunde primarioetarako deialdirik egin beharko. Eba Blanco EAko idazkari nagusiak azpimarratu duenez,  bera buru duen zuzendaritzak" barne demokrazia eta legea betez jardun du". Bestalde, Blancok iragarri du ez duela karguan jarraituko aurten egin behar den ohiko kongresutik aurrera.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X