Jeltzaleen eta sozialisten arteko polemika, migrazioaren gaia dela eta
Imanol Pradales lehendakariak joan den ostegunean demografiari, talentuari eta immigrazioari buruzko foro batean egindako hausnarketak arrakala sortu du Eusko Jaurlaritzako bazkideen artean. "Gure gizarteak eta ekonomiak zer behar duten ikusi behar dugu", esan du Pradalesek, Europa mailako migrazio-politika estrukturalaren beharra planteatuz.
Joseba Diez Antxustegi EAJren bozeramaileak lehendakariaren hitzak defendatu ditu Radio Euskadiko El Parlamento de las Ondas saioan, baina Ekain Rico sozialistak ohartarazi dio diskurtso hori ez datorrela bat bi alderdien artean hitzartutakoarekin.
Ondoren, tentsioa areagotu da Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak migrazio moten arteko bereizketa gaitzetsi duenean. "Unibertsitate-tituludun migranteak behar dira, baina baita euskal herritarrek nahi ez dituzten lanak egingo dituzten kualifikazio txikiko pertsonak ere", azpimarratu du Garmendiak. Ordezkariak EAJren aurka egin du, Gasteizko errefuxiatuen zentroaren proiektua berriz aztertzeko egindako eskaeragatik, jeltzaleei PPk eta Voxek ordezkatzen duten eskuinaren "haitzulora" hurbiltzea leporatu die.
EAJren Euskadi Buru Batzarrak "onartezintzat" jo ditu Garmendiaren hitzak, eta Moncloaren mezu gisa jo. Ohar baten bidez, jeltzaleek ohartarazi dute: "Kontuan hartuko dugu", eta migrazio-ereduari buruzko eztabaida serio eta estruktural baten beharra defendatu dute, "jarrera populista eta demagogikotzat" jotzen dutenari aurre egiteko.
Estatu mailan, Sumarrek eta Podemosek ere kritikak egin dituzte. Bi alderdiek ultraeskuinaren hizkera erabiltzea eta migratzaileak merkantzia huts gisa tratatzea leporatu diote lehendakariari. Gainera, Sumarrek iragarri du Pradalesi zuzenduko zaiola Eusko Legebiltzarreko hurrengo kontrol saioan, migrazioaren inguruan duen jarrera argitu dezan.