Juan Manuel Eguiagaray ministro ohia hil da
Juan Manuel Eguiagaray (Bilbo, 1945) Industria eta Energia eta Erakunde Publikoetako ministro ohi eta EAEn eta Murtzian Espainiako Gobernuaren ordezkari izandakoa hil da, 79 urte zituela.
PSE-EEren idazkari nagusiak eman du Eguiagarayren heriotzaren berri Eusko Legebiltzarrera iritsi denean. Sendiari eta familia sozialistari doluminak igorri dizkio Anduezak.
"Pisuzko sozialista bat galdu dugu, bere bizitzaren zati handi bat alderdiaren printzipio eta baloreak babesten igaro zuen pertsona handi bat, erakundeetan lan eginez herrialde hobea egin nahi izan zuena", azpimarratu du.
Anduezak gogorarazi du Eguiagaray legebiltzarkide izan zela, eta ganberaren 45. urteurrenean Legebiltzarraren lehen saioan izan ziren legebiltzarkideei emandako domina haren partez jasotzeko "ohorea" izan zuela adierazi du.
Bere aldetik, Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria "sakonki penatuta" agertu da, bere ustez "zerbitzari publiko aparta" izan zen Eguiagaray zendu egin delako.
Sare sozialetan argitaratu duen mezu batean, Garmendiak "euskal politikari sozialista handia" izan zela nabarmendu du, Euskadiko eta Espainiako herritarren alde "oso garai zailetan" lan egin zuena. "Konpromisoaren adibide garbia", Gobernuaren ordezkariaren esanetan.