Sanchezek PSOEn "aldaketa garrantzitsuak" iragarriko ditu astelehen honetan
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi eta Espainiako gobernuburu ere badenak agerraldia egingo du astelehen honetan Ferrazen, Batzorde Exekutiboaren bileraren ondoren, eta alderdi barruan "aldaketa garrantzitsuak" iragarriko ditu.
Pasa den ostegunean Santos Cerdan PSOEren Antolakuntza idazkariak dimisioa eman ostean, Sanchezek agerraldia egin zuen alderdiaren egoitza nagusian, herritarrei "barkamena" eskatzeko. Halaber, Alderdi Sozialistaren kontuen kanpoko auditoria iragarri zuen, baita Batzorde Exekutibo Federalaren berregituraketa bat ere.
PSOEko buruzagi ohia obra publikoen kontratuetan legez kanpoko komisioak kobratzearekin lotu dute.
Angel Victor Torres Espainiako Lurralde Politikarako eta Memoria Demokratikorako ministroak gaur goizean Kanarietako telebista publikoari eskaini dion elkarrizketan azaldu duenez, Sanchezek esana du Batzorde Exekutiboaren bileraren ondoren agerraldia egingo duela eta "aldaketa garrantzitsuak" iragarriko ditu.
Sanchezek bilera sorta bat abiatuko du bazkide izan dituen alderdiekin, babesak zertan diren aztertzeko
Gainera, Sanchezek bilera sorta bat abiatuko du bere inbestidura babestu eta legegintzaldi osoan zehar ezinbesteko izan dituen talde politikoekin (Sumar, ERC, Junts, EAJ, EH Bildu, Podemos eta Coalicion Canaria), babesak zertan diren egiaztatzeko.
Ostegunean egin zuen lehen agerraldian, Sanchezek nabarmendu zuen ez dituela hauteskunde orokorrak aurreratuko eta, ondorioz, legegintzaldia ez dela 2027ra arte amaituko.
Hala ere, koalizio gobernuaren bazkide izan diren talde parlamentarioek neurri gehiago eskatu dituzte, eta gaur-gaurkoz ez da baztertzen Sanchezek konfiantza galdea gainditu behar izatea.