Eusko Jaurlaritzak azken hamar urteetako kontratu publikoak berrikusiko ditu
Imanol Pradales lehendakariak azaldu duenez, ez dute ustelkeria zantzurik edo susmorik aurkitu, ezta UCOren txostenean aipatzen diren enpresekin kontraturik ere.
Imanol Pradales lehendakaria, Eusko Legebiltzarreko kontroleko osoko bilkura batean. Argazkia: EFE
Imanol Pradales lehendakariak ostiral honetan aurreratu duenez, Eusko Jaurlaritzak azken 10 urteetako kontratu publiko guztiak berrikusiko ditu, ustelkeria zantzurik ez badago ere.
Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan iragarri du lehendakariak, Joseba Diez EAJko legebiltzarkideak agintaldiko lehen urteari buruzko balorazioa egiteko eskatu dionean.
Lehendakariak gobernu programako erronkak errepasatu ditu, eta, gaurkotasun handiko gaia izanik, ustelkeria ere izan du hizpide.
Zuzenean aipatu gabe, ‘Koldo auzia' izenarekin ezagutzen dena “oso larria” dela esan du. Euskadiko PPk informazioa eskatu dio UCOren txostenean aipatzen diren enpresekin kontraturik dagoen jakiteko.
Gaur-gaurkoz zantzu edo susmorik ez badago ere, “gardentasunagatik eta zuhurtziagatik", Eusko Jaurlaritza azken 10 urteetako kontratu publikoak aztertzen ari dela azaldu du lehendakariak.