Sumar PSOErekin bilduko da koalizioa aztertzeko, asteazkenean
Demokrazia biziberritzeko eta Espainiako Gobernuaren agenda soziala bultzatzeko neurriak eskatuko dizkio Sumarrek PSOEri.
Santos Cerdan, astelehenean, Leopoldo Puente Auzitegi Goreneko epailearen aurrean agertu aurretik. EFE.
Sumar PSOE gobernu kidearekin bilduko da bihar, asteazkena, koalizioaren egoera aztertzeko, Santos Cerdan alderdi sozialistako idazkari ohia inputatu ostean. Izan ere, Cerdan fidantzarik gabe bidali dute espetxera, behin-behinean, 'Koldo auzia'n eskupekoak kudeatu omen zituelako.
Sumarreko iturriek jakitera eman dutenez, bilera asteazkenean izango da, 10:00ak aldera, Diputatuen Kongresuan. Oraindik ez dute zehaztu nortzuk bertaratuko diren, baina jakina da Yolanda Diaz bigarren presidenteordea eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea ez direla joango.
Duela aste batzuk koalizio-itunaren jarraipena egiteko bilera eskatu zuen Sumarrek, 'Cerdan auzia'ren gorabeheren berri izan ostean. Ildo horretan, PSOEri demokrazia biziberritzeko eta Espainiako Gobernuaren agenda soziala bultzatzeko neurriak eskatzeko asmoa du.
Sumar alderdiaren buruzagietako batek, Lara Hernandezek, bilera horretan aurkeztuko lituzketen neurri zehatzak aipatu zituen astelehenean prentsaurrean: ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzea eta seme-alaben hazkuntzarako ordaindutako baimenak onartzea, besteak beste.
Sumarren asmoa da PSOEk horrelako ekintzak bultzatzeko konpromisoa har dezaka, eta Sanchezek berak uztailaren 9an Kongresuan ustelkeriari buruz hitz egiteko Kongresuan egingo duen agerraldian aurkeztea.
"Bestela, ikusiko dugu", gaineratu zuen Sumarren kideak, abagune horretan zer letorkeen zehaztu gabe.