Otegi: "Ohore bat da, Euskal Herritik ez zarete pasatuko"
EH Bilduko idazkari nagusiak argi utzi du "ohorea" dela Alderdi Popularrak koalizioaren aurka "babes-hesia" ezartzea.
Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak argi utzi du "ohorea" dela Alderdi Popularrak koalizio abertzalearen aurka "babes-hesia" ezartzea, eta Euskal Herritik ez direla pasatuko esan die.
Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak EH Bildu izan ezik beste alderdi politiko bati ere ez diotela babes-hesirik ezarriko jakinarazi ostean, buruzagi abertzaleak erantzun irmoa argitaratu du X sare sozialean.
"Ohore bat da, baina soberan dakizue Euskal Herritik ez zaretela pasatuko", idatzi du Arnaldo Otegik bere profilean, Feijook PPren Kongresu Nazionalean egindako hitzaldiaren bideo batekin batera.
Gainera, EH Bilduko idazkari nagusiak gogora ekarri duenez, Euskal Herrian "ez esan genion Konstituzioari, ez esan genion NATOri eta bai esan genion herrien antifaxismo gorri eta errepublikanoari". "Gora Euskal Herria askatuta!" esanez bukatu du txioa.