“Legealdia agortuko” duela ziur dago Chivite, eta bere Gobernuan ez dagoela “ustelkeriarik” berretsi du
Maria Chivite PSNko idazkari nagusi eta Nafarroako Gobernuko presidenteak "legegintzaldia osatzeko" asmoa agertu du astelehen honetan, eta "banakako jokabideek" ezin dutela "proiektu kolektiboak baliogabetu", gaineratu du.
Chivitek PSNren Eskualde Batzordean hitz egin du alderdiaren Iruñeko egoitzan eta militante sozialisten aurrean irmo defendatu du bere gobernuaren "zintzotasuna". "Gobernu honetako kontseilariengan ez dute ustelkeriarik aurkituko", esan du. "Neure buruari galdetzen diot, egiten ari diren ustelkeria salaketa horiek frogatzen ez direnean zer gertatuko ote den", azpimarratu du.
PSNko buruak oposizioari erreferentzia eginez adierazi du, "zenbaitek une honetan Gobernura iristeko aukera ikusten" dutela. Hala ere, "proiektu honekiko konpromisoa" berretsi du eta "gure bazkideekin sinatutako gobernu-akordioarekin aurrera jarraitzeko borondate irmoa" agertu du.
PSNk "aste zailak, mingarriak" bizi izan dituela aitortu du idazkari nagusiak. "Ziurrenik partekatua den sentimendua", dela zehaztu du, baina "hasierako shocka gaindituta", "erresilientzia eta zintzotasuna" erakusten ari direla azpimarratu du, "aurpegia emanez, azalduz, eta erantzuna eman behar diogun horri erantzunez", gehitu du.
Gaineratu duenez, "pena" du "batzuek interes pertsonalerako erabili dutelako etxe hau".