Albiste izango dira: Sekretu ofizialen legea, Santos Cerdanen helegitea eta gobernu bilera
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2025eko uztailaren 22an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Sekretu ofizialak: Informazio Klasifikatuari buruzko lege proiektua onartuko du astearte honetan Ministroen Kontseiluak, eta, ondoren, Diputatuen Kongresura igorriko du, tramitazioari bide emateko. Lege proiektuak frankismo garaitik indarrean den Sekretu Ofizialen Legea ordezkatuko du. Kongresuak bere onespena emanez gero, 45 urtetik gorako isilpeko agiri guztiak automatikoki desklasifikatuko dira. Hala ere, salbuespen kasuetan 60 urtera arte luzatu ahalko da sekretua.
- Santos Cerdan: Auzitegi Gorenak gaur aztertuko du Santos Cerdan PSOEren Antolakuntza idazkari izandakoaren defentsak aurkeztutako helegitea, haren behin behineko espetxealdiaren kontra.
- Gobernu bilera: Eusko Jaurlaritzak gobernu bilera egingo du gaur, eta, ondoren, Maria Ubarretxena bozeramailearekin batera prentsaurrean agertuko da Alberto Martinez Osasun sailburua ere. Agerraldia Orainen zuzenean jarraitu ahalko da, 12:00etatik aurrera.