Noelia Nuñez PPko diputatuak onartu du gezurra esan zuela curriculumean, eta PSOEk bere dimisioa eskatu du
Alderdi Popularreko Mobilizazio eta Erronka Digitaleko idazkariorde ere badenak aitortu du Diputatuen Kongresuko bere fitxan ageri den ikasketei buruzko informazioa "okerra" dela, baina ziurtatu du "inoiz" ez duela "inor engainatzeko asmorik izan".
Noelia Nuñez PPko diputatuak aitortu du ez dituela Zuzenbideko ikasketak amaitu, eta, hortaz, ez duela gradurik, Diputatuen Kongresuko fitxa pertsonalean agertzen denaren kontra.
X sare sozialean zabaldu duen mezuan eman ditu azalpenak ordezkari popularrak, Oscar Puente Garraio ministro sozialistak haren curriculumaren inguruko zalantzak sare sozial horretan bertan adierazi ostean.
PPko Mobilizazio eta Erronka Digitaleko idazkariorde ere badenak aitortu du Diputatuen Kongresuko bere fitxan ageri den ikasketei buruzko informazioa "okerra" dela, baina ziurtatu du "inoiz" ez duela "inor engainatzeko asmorik izan".
Nuñezek azaldu duenez, Madrilgo Complutense unibertsitatean Zuzenbide ikasketak hasi zituen, baina, denbora batera, bere espedientea UNED Espainiako Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitate Nazionalera aldatu zuen. Gerora, Ingeles Ikasketetako gradua egiten hasi zen. 2019an, ostera, Zuzenbideko gradu bikoitz bat ikasten hasi zen UNEDen bertan, eta oraindik ez ditu amaitu, nahiz eta horiek amaitzeko asmoa agertu duen.
PSOEk Noelia Nuñezen dimisioa eskatu du "gezurra" esateagatik
Madrilgo diputatu eta Fuenlabradako PPko presidente karguak berehala uzteko eskatu dio PSOEk Nuñezi, bere curriculumaren inguruan "kontzienteki" eta "behin birritan" gezurra esateagatik.
"Hedabideei eskainitako elkarrizketetan, Zuzenbidean, Ingeles Filologian eta Herri Administrazioko Zientzia Juridikoetan lizentziatua zela adierazi zuen. Hori ez da egia ", nabarmendu du PSOEk ohar batean. "Ez da akats txiki bat", gaineratu dute sozialistek.