Ayusoren mutil-laguna auzipetzeko eskaera berretsi du epaileak, iruzurraren "zantzu argiak" ikusita
Antza denez, Alberto Gonzalez Amadorrek 350.951 euroko iruzurra egin zion Ogasunari, 2020 eta 2021 urteen artean, faktura faltsuak erabilita.
Alberto Gonzalez Amador enpresaria, Isabel Diaz Ayusoren bikotekidea. Argazkia: EFE
Madrilgo 19. Instrukzio Epaitegiak atzera bota du Alberto Gonzalez Amadorrek, Isabel Diaz Ayusoren bikotekideak, auzipetzearen aurka jarritako helegitea, "zantzu argiak"ikusi baititu faktura faltsuak erabili zituela Ogasunari 350.951 euroko iruzurra egiteko 2020 eta 2021 artean.
Epaileak berretsi egin du enpresaburua iruzur fiskalaren eta dokumentuak faltsutzearen ustezko delituengatik epaitzea proposatzeko erabakia. Fiskaltzak 3 urte eta 9 hilabeteko kartzela-zigorra eskatu du enpresaburuarentzat.
Gonzalez Amadorren aurkako zantzuak Zerga Agentziaren txostenetan eta "peritu inpartzialek" egindako dokumentu batzuetan oinarritzen dira, ikerketa zabal eta xehatua garatu ondoren.
Epailearen ustez, "faktura faltsuak baliatuta asmatutako gastuak erabili zituen zantzu argiak daude, fakturatutako kontzeptuetan aipatutakoak ageri ez zirelako". Horretarako, Ogasuneko ikuskatzaileen txostenak, epaitegian berretsitakoak, kontuan hartu direla azpimarratu du, "administrazio espedientean dauden ia 1.500 elementu kontuan hartu ondoren".
Gonzalez Amador beste lau enpresabururekin batera auzipetuta dago, eta Quiron Prevencion enpresarekin izandako ustezko ustelkeriagatik ikertzen ari dira. Akusazioek uste dute 499.836 euroko ezkutuko komisio bat ordaindu ziola enpresako zuzendari baten emazteari.
Gonzalez Amadorren defentsaren arabera, haren eskubideak urratu ziren, prozesuan ez ziotelako deklaratzen utzi. Epaileak, ordea, gogorarazi du berak eta gainerako ikertuek otsailaren 24an ez deklaratzeko eskubidea baliatu zutela, eta legean ezarritakoa bete zutela, gerora berriro eskatu gabe.