Auzitegi Goreneko hiru magistratuetatik bik epaiketaren atarian jarri dute Estatuko fiskal nagusia
Hirugarren magistratuak boto partikularra eman du, fiskal nagusiaren aurkako auzia artxibatu behar zela iritzita, Gonzalez Amadorren kasuari buruz aurretik ezagutzen ez zen daturik eman ez zuelako.
Alvaro Garcia Ortiz Estatuko fiskal nagusia. Artxiboko argazkia: EFE
Auzitegi Gorenak epaiketaren atarian jarri du Alvaro Garcia Ortiz Estatuko fiskal nagusia, Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidentearen mutil-lagunaren kasuari buruzko filtrazioengatik ustez sekretuak zabaltzeagatik auzipetzea berretsi ostean.
Gorenaren apelazio aretoak ebazpen batean atzera bota ditu Fiskaltzaren eta Alvaro Garcia Ortizen helegiteak. Angel Hurtado Goreneko instrukzio magistratuak fiskal nagusia auzipetzeko hartutako erabakiaren aurka jarritako errekurtsoak ziren.
Gorenaren apelazio aretoak gehiengoz hartu du Garcia Ortizi buruzko erabakia, haren hiru epaileetatik bik, Julian Sanchez Melgarrek eta Eduardo de Porresek, babestu baitute.
Hirugarren magistratuak, Andres Palomo del Arcok, ostera, boto partikularra eman du, fiskal nagusiaren aurkako auzia artxibatu behar zela iritzita, Gonzalez Amadorren kasuari buruz aurretik ezagutzen ez zen daturik eman ez zuelako.
Aretoak uste du instrukzioan bildutako zantzuak nahikoak direla ikertutako gertakariengatik Garcia Ortizen kontrako akusazioa aurrera egin ahal izateko.
Pilar Rodriguez Fernandez Madrilgo fiskalburuaren aurkako ikerketa, aldiz, artxibatu du, delitua egin izanaren zantzurik ez dagoelako.
Aretoaren ebazpenak azaltzen duenez, "ez da zalantzan jartzen Fiskaltza Nagusiak, zilegitasunez, bidezkotzat jotzen ez zituen informazioen aurka egin nahi izatea", Isabel Diaz Ayusoren mutil-lagun Alberto Gonzalez Amadorren aurkako auzian, baina ulertzen du "erantzuna emateko ez zela beharrezkoa isilpeko informazioa zabaltzea".
Erantsi duenez, "egia izanik Gonzalez Amadorren aurkako" prozeduraren aurreko filtrazioak egon zirela, eta "filtrazio horiek Madrilgo fiskal nagusiaren kexak ere eragin zituztela, filtrazio horiek ikerketa honen xedearekin zerikusirik ez dutenak dira ".
Bestalde, ohartarazi duenez, Garcia Ortizen "mugikorretako eta postetako informazioa desagertzearen helburua informazio hori ezkutatzea izan zen, ikerketa posible baten aurrean". Aretoaren ebazpenak Angel Hurtado instruktoreak azaldutako gertakariak eta argudioak errepikatzen ditu.
Zure interesekoa izan daiteke
Sanchezek erantzunak eta neurriak eskatu dizkio Marokori, Ceutan muga-kontrolak huts egin zuelako
"Gogoak batzeko" deia egin du Sarek presoen aldeko urtarrileko manifestazioa "azkena" izan dadin
Arabak trenbide sektorea berritzeko zentro teknologikoa izango du Laudion
Kataluniara itzultzeko aukera zabaldu dio Puigdemonti Auzitegi Konstituzionalak, bidegabeko erabilera delituari amnistia eman dio eta
Kongresuak behin betiko kendu dio prentsa-akreditazioa Vito Quilesi
Akordio zabalak aipatu bai, baina gero ezezkoa bozkatzea aurpegiratu dio Estebanek Otegiri