Sanchezek Tellado kritikatu du Gobernuaren "hilobia zulatzeko" deia egiteagatik: "Milaka espainiarren aurkako iraina da"
Nafarroako PPren urte politikoa abiatzeko ekitaldian, Telladok esan du Gobernua hilzorian dagoela. Horren hitzetan, "hemen eta orain has gaitezke hilobia zulatzen, Espainian inoiz egon behar ez zen gobernu baten hondarrak lurperatzeko".
Espainiako presidente Pedro Sanchezek PPko idazkari nagusi Miguel Telladoren aurka egin du, urte politiko honetan "Espainian inoiz egon behar ez zen gobernu baten hondarrak lurperatzeko hilobia zulatzen has gaitezke", esan baitu.
Sanchezen hitzetan, Telladok esandakoa "Gerra Zibilean hildako senideak dituzten milaka espainiarren aurkako iraina" da.
"Milaka espainiarren aurkako adierazpenak dira, askok senideak hilobietan baitituzte. Indarkeriaren apelazio ezkutua da. Demokrazia bera ere zalantzan jartzen dute", adierazi du Espainiako Gobernuko buruak X sare sozialean.
Sanchezen ustez, "PPk ultraeskuinaren gorrotoaren aurrean amore eman izanaren beste froga bat" da, eta "ez dio gure herriari inolako ekarpenik egiten".
Nafarroako PPren urte politikoa abiatzeko ekitaldian, Espainiako Gobernua hilzorian dagoela esan du Telladok, eta, horren esanetan, "hemen eta orain has gaitezke hilobia zulatzen, Espainian inoiz egon behar ez zen gobernu baten hondarrak lurperatzeko".
Horren aurrean, Espainiako Gobernuko eta PSOEko bigarrenak, Maria Jesus Monterok, Telladoren "miseria moralaren maila" kritikatu du, "bide-bazterretan hainbeste hildako dituen herri batean hilobiak zulatzeko deia" egiteagatik.
Sumar harago joan da, Alberto Nuñez Feijooren dimisioa eskatu baitu. Yolanda Diazek nabarmendu du Telladok "indarkeriaren aldeko deia" egin duela, eta hori "onartezina" dela esan du.
Zure interesekoa izan daiteke
1936ko irailetik azarora Hernanin fusilatu eta lurperatu zituzten 200 pertsonei omenaldia
Irungo komisarian jarraitzen dute terrorismoa leporatuta atxilotutako bi lagunek, eta ikerketapean dagoen hirugarrena IRArekin lotura lukeen irlandar bat da
Euskadiko PPk EAJ eta PSE-EE kritikatu ditu, Antondegin ez direla etxebizitzak eraiki salatuz
Lehendakariak "gure historiatik ikasteko" deia egin du ETAren jardun armatua amaitu eta 15 urtera