PSOEk 9 puntuko aldea atera dio PPri CISen iraileko barometroan
Espainiako hauteskunde orokorrak gaur izanez gero, sozialistek botoen ehuneko ia 33 lortuko lituzke, eta popularrek, aldiz, ehuneko ia 24.
CIS ikerketa etxeak boto asmoaz egindako azken galdeketaren arabera, Espainiako hauteskunde orokorrak gaur egingo balira, PSOEk lehen indarra izaten jarraituko luke Alderdi Popularrari 9 puntuko aldea aterata. Boto estimazioa % 32,7koa da sozialistentzat eta % 23,7koa popularrentzat.
Irailaren 1etik 6ra egindako 4.122 elkarrizketetatik abiatuta egin du CISek azken ikerketa lana. Horren arabera, eskuin muturrak, VOXek, azken hilabeteetan izan duen beherakada nabarmenena izanagatik, indartsu jarraitzen du, inkestaren arabera, Alderdi Popularretik geroz eta gertuago, boto asmoan % 17tik gora lortuta.
Seigarren postuan ERC dago (% 2,1), eta ondoren Luis Perez "Alvise"-ren alderdia (SALF) (% 1,6), EH-Bildu (% 1,1), Junts (% 0,8), BNG (% 0,7), EAJ (% 0,6) eta CC eta UPN (% 0,1).
Nolanahi ere, eta oraindik PSOEren eta PPren arteko aldea handia izan arren, sozialistek ez dituzte berreskuratu Cerdan auzia lehertu zenean galdu zituzten puntuak: ekaineko barometroak % 34,3 ematen zien, eta hurrengo hilabetean % 27,0ra jaitsi ziren.