PP eta Espainiako Gobernua aurrez aurre, eskumuturreko telematikoak direla eta
Iaz, tratu txarrak ematen dituztenentzako eskumuturrekoak kudeatzen dituen enpresa aldatu zenean, akats informatikoak izan ziren, eta, ondorioz, epe mugatu batean, erasotzaileen kokapenari buruzko informazioa galdu zen.
Pertsona bat, eskumuturreko telematikoa jartzen. Artxiboko argazkia: Europa Press
Tratu txarrak ematen dituztenentzako eskumuturreko telematikoekin izandako akatsek polemika handia sortu dute Espainiako politikan azken egunetan. Berdintasun Ministerioak kudeatzen ditu, eta enpresa pribatu esleipendunek operatzen dituzte.
Fiskal nagusiaren urteko memoriak jasotzen duenez, iaz, eskumuturrekoak kudeatzen dituen enpresa aldatu zenean, akats informatikoak izan ziren, eta, ondorioz, epe mugatu batean, erasotzaileen kokapenari buruzko informazioa galdu zen.
Hori dela eta, PPk iragarri du Europako Batzordera eramango duela gaia, eta indarkeria matxistaren biktimak babesik gabe utzi izana egotzi dio Espainiako Gobernuari.
Miguel Tellado PPko idazkari nagusiak esan du Berdintasun Ministerioak Aliexpress enpresa txinatarrean erosi zituela eskumuturrekoak, eta Berdintasun ministroaren berehalako dimisioa eskatu du.
Espainiako Gobernuak, ordea, adierazi du akats informatikoak ez zituela arriskuan jarri emakumeak.
Berdintasun Ministerioak iaz urruntze-aginduetarako eskumuturrekoen datuak kudeatzen zituen enpresa aldatu zuenean sortu zen akats hori. Enpresa batetik bestera datuak migratu zirenean, enpresa berriak ez zituen datuak behar bezala jaso, eta epaileek ez zuten aukerarik izan erasotzaileek urruntze-agindua urratu ote zuten jakiteko.