Osakidetzak asistentziarako 22 anbulantzia eta esku-hartze azkarreko 5 ibilgailu erosiko ditu
EH Bilduk Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan egindako galdera bati erantzunez iragarri du lizitazio hori Alberto Martinez Osasun sailburuak. Urte amaierarako aurreikusita dago, eta 10,9 milioi euro bideratuko dira horretarako.
Osakidetzaren anbulantzia bat. Argazkia: Europa Press
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bizi-euskarri aurreratuko 22 anbulantzia eskuratuko ditu, baita esku-hartze azkarreko 5 ibilgailu ere, Osakidetza-Emergentziak taldeko flota indartzeko .
EH Bilduk Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan egindako galdera bati erantzunez iragarri du lizitazio hori Alberto Martinez Osasun sailburuak. Urte amaierarako aurreikusita dago, eta 10,9 milioi euro bideratuko dira horretarako.
Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak salatu du Osasun Sailak ez duela iaz larrialdi zerbitzuen egoera hobetzeko iragarritako neurrietako bat ere hartu.
"Ez dago aldaketarik, ez dago hobekuntzarik, denak berdin-berdin jarraitzen du", kritikatu du Uberak, eta anbulantziak "zaharkituta" daudela salatu du.
Martinezek erantzun du anbulantzien eredu berriak hobekuntza dakarrela egungo sistemarekin alderatuta, hamar anbulantzia titular eta erreserbako sei baitzituen.
Hala, 22 anbulantziaren bidez, larrialdietan jarraitutasuna, asistentzia-kalitatea eta berehalako erantzuna bermatu nahi da. "Flota berri horren ekipamendu-maila jauzi handia izango da asistentziaren kalitatean, bai pazienteentzat, bai profesionalentzat", nabarmendu du sailburuak.
Martinezek adierazi duenez, publifikazioa martxan dago Gipuzkoako anbulantzietan, sistema publikoan integratuta baitaude. "Dagoeneko errealitate bat da; Tolosan, Elgoibarren eta Donostian laguntza ematen duten larrialdietako anbulantziak sistema publikoan integratuko dira, zerbitzu osoaren osotasunean", azaldu du.